Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Euskal instituzioei «neurriak» eskatu dizkie LABek, Madrilek «ezkutu soziala» berritu ez ostean

Espainiar Parlamentuak «ezkutu soziala» bertan behera utzi ondoren, milaka herritar eta familia etxegabetzeen edota oinarrizko horniduren etetearen arriskuan geratu direla salatu du LABek Bilboko Gobernu Ordezkaritzaren aurrean egindako mobilizazioan. Martxoaren 17ko Greba Orokorrera dei egin dute.

LABek Bilboko Gobernu Ordezkaritzaren aurrean egindako mobilizazioa.
LABek Bilboko Gobernu Ordezkaritzaren aurrean egindako mobilizazioa. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Hainbat neurri sozial jasotzen zituen Espainiako Lege Dekretuaren aurka bozkatu dute PP, VOX, Junts eta baita UPNk ere. Horrela, egoera zaurgarrian dauden milaka herritar eta familia etxegabetzeko edota oinarrizko hornidurak eteteko arriskuan daudela ohartarazi du gaur LAB sindikatuak Bilbon espainiar Gobernuak duen ordezkaritzaren aurrean.

«Asteartean Madrilen, milaka herritar etxegabetzeko bidea ireki zen. Etxebizitzaren negozioa lehenetsita, maizterren eta oro har langileon aurkako neurrien kontrako bozkak nagusitu ziren, egoera zaurgarrienean dauden herritarrak jopuntuan jarrita», adierazi du elkarretaratzean Iratxe Delgado LABeko kideak.

Sindikatuak nabarmendu du indarrean ziren Madrileko neurriak, «oso mugatuak izanik ere, milaka pertsonen azken babesgunea zirela, eta erabaki horiek Madrilen menpe jarraitzeak euskal langileon lan eta bizi baldintzek ziurgabe jarraitzea dakarrela». Eskubide sozialak «truke txanpon» gisa erabiltzea «oso larritzat» jo du sindikatuak.

Horregatik, LABek EAEko eta Nafarroako Gobernuei Euskal Herrian neurri zehatzak hartu ditzaten eskatzen die, «etxegabetze bakar bat ere egin ez dadin eta herritarron lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko».

«Langileon aldeko politikak hemen erabaki!»

Horren harira, langileon aldeko politikak, «Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra» aldarrikatu du LABek

«Euskal Herrian bizi garen herritar guztiok behar ditugu hemen modu ziur, aske eta duinean bizitzeko oinarrizko baldintza eta eskubideak. Etxebizitzarekin negozioa eten eta prezioak jaisteko neurri politiko eraginkorrak behar dira, etxegabetze guztiak gelditu behar dira, gutxieneko pentsioa bertan osagarritu eta sistema propioa eraikitzeko urratsak eman behar ditugu eta gutxieneko soldata hemen erabaki behar dugu», adierazi du sindikatuak.

LABek «lorgarriak diren» aldarrikapen horien alde borrokara batzeko deia luzatzen die euskal herritarrei, baita bertako gobernuak zein patronalaren jarrera «mugiarazteko» martxoaren 17ko Greba Orokorrarekin bat egin dezaten ere.