
Turismoa «herritarrak erdigunean ipiniz eta donostiarren bizi kalitatea babestuz» kudeatzeko Gurera eredua aurkeztu du ostiral honetan Donostiako Udalak. «Planteamendu errealista hartzen duen eredua da, turismoa hiriaren eta bertan bizi direnen ongizatearen mesederako eraldatu nahi duena, turismoari uko egin gabe. Izan ere, turismoa kudeatzeak berekin dakar, batez ere, donostiarren alde egitea», azaldu du Udalak ohar batean.
«Gurera Donostiako turismoa planteatzeko era berria da, sustapena erdigunean jartzen zuen eredua atzean utzi eta kudeaketa integralerantz aurrera egiteko. Planteamendu horrek hiriko estrategia orokorrean txertatzen du turismoa, gobernantza partekatuaren bidez, zeharkako moduan hartzen diren erabakien bidez eta tartean diren eragile guztiak integratzeko borondatearen bidez. Hori guztia oreka jasangarri bat lortzeko bertako bizitzaren eta bisitarien artean», gaineratu du.
«Bizitzeko hiria»
«Ereduaren helburu nagusia argi dago: Donostia, bizitzeko hiria. Gurera ereduak herritarren ongizatea kokatzen du erdigunean, eta turismoaren kudeaketa baliatzen du eguneroko bizitza babesteko, hartara bizikidetza indartuz eta Donostia paregabe eta berezia egiten duen hori zainduz. Horretarako, turismoaren 360º-ko kudeaketa bultzatzen du ereduak, betiere hiriaren estrategiarekin lerrokatua, eta herritarren entzute aktiboa, turismoaren sektorearekiko lankidetza eta udal departamentuen arteko baterako lana ardatz hartuta», nabarmendu du Udalak.
«Kudeaketa aldian behin argitaratuko diren datuetan, adierazleetan eta emaitza neurgarrietan oinarrituko da, gardentasunez jarduteko konpromisoarekin eta ezartzen diren neurriak eta beren inpaktua herritarrei jakinarazteko konpromisoarekin ere», adierazi du.
Neurri zehatzak
Gurera ereduak hiriko bizikidetza eta ongizatea hobetzeko neurri zehatzak planteatzen ditu. Besteak beste, etxebizitza turistikoen kopurua murriztea, hotel lizentzia berriak mugatzea, bisita gidatuetako taldeen tamaina mugatzea edo zerga turistikoa ezartzea, azken horren diru sarrerak herritarren mesedetarako bideratzeko.
Ereduak mugikortasun jasangarriko politikak indartzeko balioko du ere, disuasioko aparkalekuak eta garraio publikoaren erabilera sustatuz. Analisia eta aurrea hartzea ere sustatuko ditu, Turismoaren Behatokiari eta karga turistikoaren gaitasunaren azterketari esker.
Parte hartzea da Gurera ereduaren funtsezko oinarrietako bat. «Ereduak entzute aktiborako guneak zabaldu eta benetako inplikazioa sustatuko du, bai herritarrena, bai turismoaren sektorearena eta baita bisitariena ere. Modu horretan, Donostiako turismoaren orainari eta etorkizunari buruzko eztabaida partekatua irekiz», azaldu du Udalak.

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción
