Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Aitor Servier Etxexuri
Xilabako finalista

«Mundua jateko gogoarekin noa finalera, ainitz errateko desirarekin»

1997an Azkainen jaioa, 15-16 urterekin hasi zen plazan eta bertan segitzen du, bertsoarekiko «lotura estu eta aski sanoa» berreskuratuta. Lehen Xilaba 2014koa izan baldin bazuen ere, lehenengoz heldu da finalera.

(Guillaume FAUVEAU)
Zorionak! Lehen finala izanen duzu. Pozik, ezta?

Bai, pozik alde batetik, eta, bertzetik, ardura sentimendu batekin, plaza zinez polita izanen delako. Aldi berean, jende ainitz gelditu da bidean, txapelketak gogorretik eta ederretik baduelako, eta haiei ere zor diegu final ederra egitea.

Zer izan du Xilaba honek gogorretik eta ederretik?

Nik txapelketaren B aldean edo ikusten ez den prozesu horretan jarriko nuke arreta; baliteke bertsozaleek ez izatea gogoan hilabeteak daramatzagula txapelketa prestatzen, manera kolektiboan, bertso eskolan. Gertukoekin elkartu, bertsokera landu, eta, horretaz gain, bertsokideei gure konplexu eta beldurren berri eman, eta hori zinez prozesu ederra da, bertsolari eta pertsona gisa ere hazteko balio digu. Baina, aldi berean, nire kasuan txapelketa ongi joan den arren, zaila egin zait gertuko bertsokideak sufritzen ikustea. Kasu horretan agerian geratzen da txapelketa zenbateraino izan daitekeen burbuila bat eta lehiatzen garenontzat zenbaterainoko pisua hartzen duen. Uste dut gehienontzat nahiko kontraerran polita baina konplexua izan daitekeela.

Zuk badituzu urte batzuk Xilaban. Esperientziarekin erlatibizatzen ikasi duzu?

Aurten nire burua txapelketan puntu egokian ikusi dut, aspaldiko partez berreskuratu dudalako lotura estu eta aski sanoa bertsoarekin. Kide batzuek ez bezala, ez dut bertsoa nehoiz utzi, baina azken urtebetean nehoiz baino harreman estuagoa izan dut. Sortzeko eta gauzak errateko gogoz nago, eta, agian, bertsokera lantzeaz gain, txapelketari begira egin dudan lanik handiena psikologikoa izan da, gutxiesten dugun kontua. Baina beharrezkoa da txapelketara autokonfiantza dosi handi batekin iristea, autoestimua landuta, eta, era berean, ongi kokatuta. Batetik, norberak bizi duen momentuan. Zer gorputzetatik kantatzen dugun eta zer leku bete nahi dugun oholtzan. Eta, azkenik, egoki kokatuta gizarte bezala bizi dugun momentuan, Euskal Herrian eta munduan.

Izan ere, oholtzan biluzik zaudete.

Erran izan didate lagunek «oso zurea duzun gai bati heldu diozu». Bertsoa izan daiteke distantzia marrazteko manera. Nik heldu diezaioket bere garaian ezinegon handia eragin zidan gai bati, baina bertsoaren filtroa pasata, baliteke errazagoa izatea.

Xilaba honetan ariketarik gelditu zaizu buruan?

Bertsotan entzun nauen bertsozaleak izan lezake nire irudi bat aski serioarena, gogoetara emana, eta baliteke aurtengo txapelketan gusturen gelditu naizen ariketa zortziko txikikoa izatea. Hori nire bertso ibilbidean aski positiboa iruditzen zait, asmatu izana publikoarekin konektatzen, baita umoretik ere. Bereziki gustura gelditu nintzen Bardozeko finalerdian, umoreari karga politikoa ere erantsi niolako..

Zer helburu lortu nahiko zenuke finalean?

Finalistok badugu arantza ttipi bat. Euskal Herriko Txapelketatik kanpo geldituko da finaleko azken sailkatua. Nik banuke helburutzat bederen lehenengo bortzen artean gelditzea. Hortik goiti, gorputzaldi hobearekin hautematen dut nire burua. Finalerdietara erortzeko beldur handi samarrarekin iritsi nintzen eta finalera noa mundua jateko gogoarekin. Eta ainitz errateko gogoarekin. Helburu kolektiboetara jauzi eginez, ez da huskeria bat 2.000 pertsona biltzea Donibane Lohizunen euskara hutsezko halako ekitaldi batean. Bertso eskoletan egiten den lana hauspotzen du. Bertzalde, bortz emazte izanen ditut kantukide eta hori arnasa luzeko lan baten fruitua da. Nahiko nuke erreferente izatea bertso eskolan dabiltzan neska gazte horientzat.