«Prozesu judizial hau barrabaskeria hutsa da, min emateko sortua eta luzatua»
Datozen asteetan lau sopelar epaituko dituzte, 2021ean apustu-etxe baten aurka egindako protesten harira. Zortzi urteko espetxe zigorra eskatu dute bakoitzarentzat eta, guztira, 112.400 euroko isuna. Manifestazioa egingo dute bihar, 12.30ean, udaletxean hasita.

Zortzina urteko kartzela zigorra eta, guztira, 112.400 euroko isuna eskatzen diete Sopelako lau gazteri, 2021ean, ustez, herrian zegoen joko areto baten aurka egin ziren protesta batzuetan parte hartzeagatik. Lau gazte horiei elkartasuna adierazteko sorturiko Sopelako 4ekin 1 plataformako kideak dira Izpine Bidaurrazaga eta Joseba Ugalde.
Plataformako kideek argi dute «muntaketa poliziala» dela, lau gazteen etorkizuna pikutara bidali dezakeena, akusazioak eskatutako zigorrak ezarriz gero.
Hori dela eta, auzipetuen absoluzioa eskatu eta horiei elkartasuna agertzeko manifestazioa egingo dute bihar, larunbata. Herritarrak deitu dituzte eguerdiko 12.30ean Sopelako udaletxe aurretik abiatuko den mobilizazioarekin bat egitera.
Duela lau urteko gertakariak epaituko dituzte. Zer jazo zen?
Izpiñe Bidaurrazaga: Garai hartan Sopelan oso giro mugitua zegoen, bi herri ekimen zeudelako martxan aldi berean: bat eraikitzeko prozesuan zegoen supermerkatu baten kontrakoa eta beste bat apustu-etxearen aurkakoa.
Gainera, herriko gazteen eta udaltzainen artean giro gatazkatsua zegoen eta gazte bat atxilotu zuten, identifikatzeari uko egin ziolako. Izan ere, gazte horri denbora gutxian maiz eskatu zioten identifikatzea eta halako batean uko egin zion bere burua udaltzainen aurrean identifikatzeari.
Testuinguru horretan, ustezko protesta ekimen batzuk egin ziren apustu-etxearen aurrean eta jabeak aldi bakoitzean udaltzainengana jo zuen salaketa jartzera. Salaketetan ez zuen inor identifikatu, grabaketan agertzen zen inor ez baitzuen ezagutzen.
Hilabete batzuk geroago salaketa aldatu zuen eta orain epaituko dituzten lau gazteen izenak eman zituen, identifikatu zituela esanez.
Joseba Ugalde: Ustezko protesta hauetan gertatu zenak ez du justifikatzen, inondik inora ere, 112.000 euro eskatzea. Gainera, azpimarratu nahi dugu jabeak gazte batzuk identifikatu zituela hasieran inor identifikatzeko gai ez zela deklaratu ostean eta, kasualitatez-edo, gazte batzuek udaltzainen aurkako kereila aurkeztu eta gero.
Horregatik diogu muntaketa polizial baten aurrean gaudela, lau auzipetu hauen aurka egiteko pentsatuta dagoena.
Zein delitu leporatzen dizkiete auzipetuei?
J.U.: Leporatzen zaiena zehazki dira kalte jarraituak, hertsapena eta mehatxu egitea. Hau da, jabearen aurka joan izan balira bezala tratatzen ari dira kontua.
Prozesu judizial hau barrabaskeria hutsa da, min emateko asmoz sortu dena eta irauten duena. Hasieratik ikusi da joko-aretoaren jabearen asmo bakarra dela ahalik eta min handiena eragitea lau gazteei, argi utzi baitu prozesu osoan zehar ez duela negoziatuko.
Lau urte eta erdi hauetan ikusi duguna da epaitegietatik birritan eskatu dela artxibatzea, eta birritan jarri duela errekurtsoa joko aretoko jabeak, auzia berriz irekitzeko. Hirugarrenean erabaki dute ahozko epaiketa zabaltzea.
Bitartean, fiskaltza erretiratu egin da, esanda ez dagoela behar beste zantzu aurrera egiteko. Horrek are gehiago nabarmentzen du muntaketaren ideia.
Auzipetuentzat, batetik, prozesu judiziala luzatzeak kostu psikologiko handia dauka eta, bestetik, haien etorkizuna dago jokoan.
Epaia nolakoa izatea espero duzue?
I.B.: Guk absoluzioaren alde borrokatzeko asmoa daukagu. Baina ez dakigu zer etorriko den eta ez dugu esan nahi ondo aterako dela, ezin dugulako jakin. Izan ere, uste dugu adierazgarria dela jabearen abokatuak aurretiko ikustaldian erakutsitako jarrera. Azpimarratu zuen ez zuela inolako traturik egin nahi. Hasieratik ikusi da asmoa min egitea dela, ez dagoela ulertzeko nahirik eta ez zaiola inporta lau pertsonaren etorkizuna pikutara bidaltzea.
Nola erantzun dute sopelarrek?
I. B: Oro har, oso aukera ona izaten ari da, horrelako kasu bati herri bezala erantzuten ikasteko. Jendea elkartasuna adierazten eta plataforman parte hartzen ari da. Egin genuen lehen agerraldian laguntzaile sare bat osatzeko deia zabaldu genuen eta erantzun zabala jaso genuen.
J. U.: Udalak, nahiz eta ez duen gai honetan eragiteko gaitasun handirik, adierazpena argitaratu du lau pertsona hauen etorkizunarekiko kezka agertuz.
Garai horretan gazteen eta udaltzainen artean tentsioa zegoela aipatu duzue. Egoerak horrela jarraitzen du?
I. B.: Sopelako udaltzainek nahiko modu oldarkorrean jokatzen dute. Etengabe identifikatzen dituzte kartelak eta pankartak jartzen dituzten gazteak eta tentsio puntu hori badago, baina ez garai hartakoa bezain handia.
J. U.: Oraindik egon badago tentsioa, baina argi eta garbi dago ez dela ordukoa bezalakoa. Kontua da auzi hau eskuetatik joan zaiela, eta hori da erakutsi nahi duguna.

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak

Osakidetza ha administrado vacunas caducadas a 253 personas, la mayoría bebés

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

