
Baionan mobilizatu da larunbat honetan Euskal Herrian Euskaraz. Herri mugimenduak azken hilabeteetan Baionako Auzitegian izandako hainbat epaiketen harira antolatu du protesta. Izan ere, 17 pertsonari euskaraz deklaratzea debekatu zieten, Frantziako Konstituzioa aitzakiatzat hartuta. Era berean, datorren ostegunean epaitu behar dituzten EHEko lau kideei elkartasuna adieraztea ere bazen agerraldiaren zioetako bat.
Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren egoitzaren aurrean egin dute mobilizazioa, hain zuzen ere, bertan «Euskaraz bizi nahi dugu» margotzeagatik epaitu behar dituztelako EHEko lau kideak. Bertan azaldu dute aldarria «sinplea» izanagatik ere, euskaldunentzat «nekeza» dela egunerokoan errealitate bihurtzea.
Salatu dutenez, gaur egun, euskara bizitzea ez da «hautu askea», baizik eta erabakiguneetatik eta botereguneetatik «ukatzen diguten eskubidea». «Zapalkuntza» horren erantzule gisa aurkeztu dituzte frantziar zein espainiar Estatuetako agintariak: «Euren boterearen eta legedien bitartez, euskara eta euskaldunak desagerrarazi nahi gaituzte».
Gaineratu dute euskararen bazterketa «egiturazkoa» dela eta Euskal Herria zatikatzen duten bi estatu «kolonizatzaile» horiek bazterketa «sistematikoki elikatzen eta erreproduzitzen» dutela. Horregatik, euskaraz bizitzeko hautua egitea «ezinbesteko desobedientzia ariketa» gisa aldarrikatu dute, Euskal Herri «justuago eta askeago» bat eraikitzeko.
Hautu hori egitea euskararen biziberritzea gauzatzeko aski ez dela jakitun, instituzio publikoen zein alderdi politikoen «egiazko inplikazioa» galdegin dute, «ezinbestekotzat» jo baitute lege eta baliabide propioak izatea Euskal Herri euskalduna eraikitzeko.
Gogora ekarri dute otsailaren 5ean, ostegunean, Euskal Herrian Euskarazeko lau kide epaitu behar dituztela, irailaren 27an Departamenduaren egoitzaren horman «Euskaraz bizi nahi dugu» esaldia margotzeagatik. Auzi hori mahaigaineratzeko ez ezik, «frantziar Estatuak euskararen alde diharduten erakundeak ez dituela ekonomikoki behar bezala laguntzen salatzeko eta Euskal Herrian euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzen dutela gaitzesteko» ere egin dute mobilizazioa.
Euskara, esparru orotan
Euskaraz bizitzeko nahia bizitzako esparru guztietan gauzatu nahia adierazi dute agerraldian, hots, hezkuntzan, lanaren alorrean, osasungintzan zein aisialdian, baita osteguneko epaiketan ere: «Euskaraz azaldu nahi dugu gure ekintzaren zergatia, euskaraz azaldu zer ari den gertatzen; hobeto esanda, zer ari diren egiten». Hala ere, azaldu dute aurrekariak ikusita ez dutela espero euskaraz deklaratzen utziko dietenik.
Dela lau hamarkadako pasartea oroitu dute egoeraren larritasuna azpimarratzeko: «Paradoxikoa badirudi ere, 1984. urtean, orain dela 40 urte pasatxo, lau militante abertzalek euskaraz hitz egin ahal izan zuten Baionako epaitegian bertan». Horregatik, deitoratu dute «aurrera baino, atzera goazela».
EHEko kideak argi mintzatu dira agerraldian, haien aburuz, euskaraz deklaratzerik ez badaukate, «epaiketek ez dute inolako zilegitasunik» eta, hori dela eta, uko egin diote era horretako epaiketa batean parte hartzeari.
Hizkuntza larrialdian gaudela berretsi eta euskaldunei «harrotzeko» deia egin diete, «kolektiboki antolatu eta desobeditzeko».

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu
