
Hirurogeita hamar urte betetzen zituela-eta, Jose Ignacio Olave (Bilbo, 1953) arte-editore eta bildumazaleak enkargu berezia egin zion Jose Antonio Azpilikueta (Eibar, 1961) margolariari: Olavek berak idatzitako dozena bat ipuini laguntzeko, beste horrenbeste marrazki egin zezala eskatu zion, Edward Hopperren (Nyack, 1882-New York, 1967) hamabi koadro oinarri hartuta.
70 lagun soilik jasoko zuten bere urtebetetzerako argitaratuko zuen ‘After Hopper (Gau amerikarra)’ izenburuko liburua. Eta liburuarekin batera, osagai legez, beste horrenbeste ‘ex libris’ marraztu zituen Azpilikuetak boligrafo, errotuladore eta koloretako arkatzez. Bertan, Hopper Eibarko Urko mendiaren aurrean irudikatu zuen... Ez da kasualitatea, Jacinto Olabe Azpiri margolaria eta erretratistaren (Eibar, 1877-1957) antza du amerikarrak. Jose Ignacioren aitona zen Jacinto Olabe.
Baina, Edward Hopper ospetsua, errealismo estatubatuarraren ordezkari nagusietakoa eta margolari amerikarren artean amerikarrena, Urkoren magalean? Nola liteke? «Gustukoa ditut Hopperrek esaten dituen gauzak, eta baita ere esaten omen dituenak. Batzuetan, kontatzen dituen gauzak nik neuk bizi izan ditudala iruditzen zait, eta beste batzuetan bere koadroen barruan egon naizenaren sentipena izan dut», argitu du Olavek erakusketaren aurkezpenean.

Lanbidez arte munduarekin zerikusirik izan ez duen arren –«nazioarteko enpresa batentzat» lan egin duela aipatu du–, arte munduan murgilduta ibili da betidanik Jose Ignacio Olave. Hiru hamarkadatan euskal artista garaikideekin harreman estua izan du eta hainbat egileren ehun estanpa inguru sustatu ditu, merkaturatu gabeak denak: Mikel Diez Alaba, Jesus Mari Lazkano, Daniel Tamayo, Alberto Rementeria, Gentz del Valle, Chema Elexpuru, Koldobika Jauregi, Jose Antonio Azpilikueta eta Manuel Garcia Seco.
Liburu honetako egindako estanpa edo marrazkien dohaintza honetatik aparte, hirurogeita hemezortzi obra eman dizkio museoari, 2022. urteaz geroztik, eta bereak dira ere egun hauetan Durangoko Arte eta Historia Museoan apirilaren 26ra arte ikusgai dauden Giovanni Battista Piranesi italiarraren 47 grabatu originalak.
Ispilu jolasak
Ispilu jolasez beteta dago ‘After Hopper (Gau amerikarra)’ erakusketa, egia esan. Zinemaren erreferentziak daude –gau amerikarra zinemagintzan erabiltzen den teknika da, egunez gaua izango balitz filmatzen denean– eta ezkuta ezinezko ‘kutsu’ eibartar handia, Bilbon jaiota izan arren, Olavek bere ‘eibartartasuna’ aldarrikatzen baitu.
Lan honetarako erabateko askatasuna eman zion ibilbide luzeko Jose Antonio Azpilikuetari, hark oso ondo ezagutzen baitzuen Edward Hopperren lana, bai eta ondo miretsi ere, joana baitzen Londresko (Tate Modern, 2004) eta Madrilgo (Thyssen-Bornemisza Museoa, 2012) erakusketa antologikoetara.
Erakusketa iaz Olavek Arte Ederren Bilboko museoari egin zion karpeta baten dohaintzari dagokio eta zabaldu berri den museoaren gela batean aurkitu daitezke Azpillagak egin zizkion marrazkiak. Eskaera bakarra egin zion: marrazkien tamainak gainditu egin behar zuen helburu ilustratiboa eta nahiko handia izan behar zuen.
Azpilikuetak, bestalde, Hopperren koadroen jatorrizko proportzioak errespetatu zituen. Bi premisa horietatik abiatuta, banan-banan landu zituen marrazkiak, berak «esku-hartzetzat» jo zuen prozesuaren bitartez, eta koadrikulez, lerroz lerroko marrazkiez eta tinta lauez baliatu zen zeregin horretarako.
Hala, narrazioak eragindako irudiek literaturaren esparrua gainditu zuten, eta estanpa-karpeta batean gauzatu ziren –bost edizio egin ziren–. Karpeta horretan, begirada pertsonal, iradokitzaile eta dibertigarri baten bitartez berrinterpretatzen du artistak Hopperren iruditeria. Proiektuaren sustatzailearen eta artistaren arteko elkar ulertzea bi aipamen bisual hauetan gauzatu zen: editorearen erretratua ‘Drama The Far East Tea Garden’ marrazkiaren atzealdeko pertsonaian eta Olave markaren zigilua ‘Eguzkia ikusi nahi dut’ izeneko ipuinean.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

