
BDZ (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) mugimenduko ordezkaritza batek agerraldia egin du astelehen honetan Arabako Batzar Nagusietako Lehendakaritza Batzordean. Bertan, Israelgo Hapoel eta Maccabi saski-baloi taldeek martxoaren 27an eta apirilaren 7an hurrenez hurren, Gasteizen aurreikusita dituzten partidak bertan behera uzteko galdegin diote Arabako Foru Aldundiari.
Maccabiren kasuan, BDZk nabarmendu du «Israelgo Estatuaren kirol-ordezkari gorenena» dela, eta «erregimenaren enbaxadore nagusietako bat». «Zuzendaritza eta jokalariak nabarmendu dira azken urteotan Israelgo okupazio armadaren aldeko babes eta publizitate kanpainetan modu aktiboan parte hertzeagatik», kritikatu dute.
«Gaur egun, Palestinako herriaren aurkako genozidioaren larriagotzearen testuinguruan ere, irudia ematen ari dira Gazako genozidioaren aldeko kanpainetan, genozidio hori gauzatzen ari den armadak 700.000 zibil palestinar erail izanagatik, Francesca Albanese NBEko Kontalari Bereziaren datuen arabera», gogoratu du mugimenduak.
Bestalde, Hapoel taldeak ibilbide laburragoa izan du Euroligan; izan ere, lehiaketa horretan 2023tik aurrera hartu baitu parte, Ofer Yannai enpresari israeldarrak erosi zuenetik. «Yannaik adierazpen publiko eta ageriko ugari egin ditu sarritan, Israelgo armada Gazan egiten ari den sarraskia goraipatzeko, Israelgo prentsako hedabideetan publizitate-orrialdeak kontratatu ditu armadarekiko atxikimendu hori gizarteratzeko, klubaren irudiaren erabilera politikoarekin jarrera kritikoa agertu duten zuzendaritzako hainbat kide kaleratu egin ditu, eta fundazio bat sortu du Gazako genozidioa esku hartu duten soldaduei laguntzeko», esan du BDZk.
Euroligaren partidak bezalako ekitaldiak sustatzeko ardura Hasvara (hebreeraz Propaganda) ministerio arteko organoaren ardura dela esan du BDZk. Israelgo Gobernuaren egitura hori 2005ean sortu zuten, nazioarteko BDZ kanpainaren eraginari aurre egiteko, eta haren zeregina da nazioarte mailan jarduera publikoaren arlo guztietan Israelgo delegaritzen parte hartzea sustatzea; hala nola kultura, arte, musika edota kirol arloetan.
«Israelgo ordezkarien» partidak jokatzekoak diren pabiloia Arabako Foru Aldundiaren jabetzakoa denez gero, «erakunde hori da bertan antolatzen diren ekitaldien erantzule nagusia, eta berak dauka eskumen legala nazioarteko zuzenbide humanitarioarekin bat ez datozen eta hiritarren eskubide zibilentzako mehatxua ekar dezaketen ekitaldiak bertan behera uzteko», BDZren ustez.
Horregatik, dei egin diote Aldundiari, Buesa Arena pabilioiaren jabea baita, eta eskumena duten gainontzeko erakunde guztiei, «uneak eskatzen duen erantzukizun instituzionalaz joka dezaten, eta Israelgo erregimenaren krimenak zuritzen eta normalizatzen dituzten ekitaldiak ekidin eta bertan behera utz ditzaten».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas
