
Milano-Cortina Neguko Olinpiar Jokoak ate joka daude. Hain zuzen ere, heldu den ostiralean, hilaren 6an, hasiko dira; amaitu, berriz, 22an. Berrikuntzei dagokienez, aipatu behar dugu mendiko eskia edo skimoa lehen aldiz olinpikoa izango dela. Ez da euskal ordezkaririk egongo. Bakar batek aukera zuen, baina azken momentuan ez zuen txartel preziatu hori erdietsi. Iñigo Martinez de Albornozi buruz ari gara.
Olinpiadetako motorrak berotzen ari diren bitartean, joan den asteburuan Boi Taulleko eski-estazioak (Lleida) Mendi Eskiko Nazioarteko Federazioaren (ISMF) Munduko Kopako beste proba bat jaso zuen. Hitzordu berezia, besteak beste, Olinpiadetan lehen lerroan ibiliko direnen artean indarrak neurtzeko balio izan zuelako. Eta neurri handi batean, baiezta daiteke eskiatzaile sasoikoenek ez zutela hutsik egin. Erregulartasunaren zirkuitu horrek bi modalitate jaso zituen: esprinta eta errelebo mistoak.
Esprinteko lehiari dagokionez, haizeteak baretu zirenean 22 herrialdetako 114 espezialista (47 emakume eta 67 gizon) nor baino nor aritu ziren 68 metroko desnibela zuen ohiko ibilbidean. Emakumezkoen kategorian, Emily Harropek beste behin erakutsi zuen modalitate horretako erregina dela. Erritmo oso bizian, frantziarrak lasterketaren kontrola hartu zuen. Harropen atzetik Giulia Murada eta Margot Ravinel jarri ziren, baina biek ala biek ezin izan zuten irabazlearen abiadura jarraitu. Hortaz, helmuga puntuan Harrop izan zen lehena 3 minutu eta segundo bateko denborarekin. Murada italiarra zazpi segundora heldu zen eta Ravinel frantziarra hamarrera.
Mutiletan, berriz, lehia ederra bizi izan zen lehen hiru sailkatuen artean. Nikita Filippovek oldarkor hasi zituen lehen metroak. Estrategia bikaina indarrean jarri zuten Oriol Cardona katalana eta Thibault Anselmet frantziarra atzean zituen. Lehen trantsizioan Filippovek indarra galdu zuen. Cardona lehen postuan jarri zen azken jaitsieran, baina lehen biraketan Anselmetek aurreratu eta proba irabazi zuen. Frantziarrak 2 minutu eta 35 segundoko kronoa egin zuen. Katalanak lau segundo galdu zituen eta selekzio independentearekin lehiatzen den eskiatzaile errusiarrak hirugarren postua sinatu zuen.
Frantziarrak nagusi
Esprintekoek ez bezala, errelebo mistoetako espezialistek baldintza egokiagoak izan zituzten. Ibilbideari dagokionez, igoera zorrotzei aurre egin behar izan zieten. Oinez egin beharreko tartea ere ez zen batere samurra izan. Horretaz gain, gauean eginiko hotzak ibilbidea oso teknikoa bihurtu zuen.
Bezperan bezala, Harrop nagusitasun handiarekin lider jarri zen. Abiadura handian hasi zuen lasterketa, eta atzetik zetozen lehiakideei tarte ederra atera zien. Lekuko aldaketan, berriz, Cardona ahalguztidunak aurreko ia eskiatzaile guztiak harrapatu eta bigarren postuan lekukoa eman zion Ana Alonsori. Alabaina, Harrop eta Anselmet frantziarrek lasterketaren buru jarraitzen zuten, eta postu horri eutsi zioten amaiera arte.
Talde horrek 27 minutu eta 47 segundoko denbora egin zuen. Espainiar Estatuko selekzioaren elastikoarekin lehiatu ziren Cardona eta Alonso bigarren postuan iritsi ziren irabazlearengandik hamasei segundora. Lasterketa osoan Suitzako eta Austriako selekzioen artean lehia oso estua ikusi zen. Azkenean, Marianne Fatton eta Jon Kistler suitzarrak podiumaren hirugarren kutxara igo zuren.
Arestian aipatu dugun bezala, heldu den ostiralean Munduko Kopak Olinpiar Jokoei emango die lekukoa. Gogora dezagun skimoak soilik bi modalitate izango dituela Milano-Cortinako hitzordu handi horretan. Hain zuzen ere, Boi Taullen jokatutakoak: esprinta (emakumezkoak zein gizonezkoak) eta errelebo mistoak. Hilaren 19tik 21ra jokatuko dira.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas
