NAIZ

Euskal Herriko selekzioa lehen aldiz ardi moztaileen munduko txapelketan lehiatuko da

Euskal Herriko selekzioa osatzen duten zazpi kideek datorren igandean Zeelanda Berrira bidaiatuko dute lehen aldiz ardi moztaileen munduko txapelketan «Euskal Herri osoaren izenean» lehiatzera. Txapelketa martxoaren 4tik 7ra egingo da, Mastertonen.

Ardi moztaileen munduko txapelketan lehiatuko diren euskal selekzioko zazpi kideak.
Ardi moztaileen munduko txapelketan lehiatuko diren euskal selekzioko zazpi kideak. (EUSKAL ARDI MOZTAILEEN ELKARTEA)

Euskal selekzioak lehen aldiz lehiatuko da ardi moztaileen munduko txapelketan. Golden Shears World Championship txapelketa hiru urtean behin egiten da eta aurten, martxoaren 4tik 7ra Mastertonen, Zeelanda Berrian egingo da. 20. edizio honetan parte hartuko dutenen 28 herrialdeetako bat Euskal Herria izango da. 

«Duela bi urte, moztaile soil batzuk besterik ez ginen. Gaur egun, hazten ari den moztaile familia bat gara. Nazioarteko aitortza ofiziala jaso dugu Euskal Herri osoaren izenean», adierazi dute Euskal Herriko selekzioko kirolariek. 

«Amets bat da Euskal Herria munduko txapelketan ordezkatzeko aukera izatea. Ezin da deskribatu sentitzen duguna», gehitu dute. 

7 kidez osatutako taldea datorren igandean, otsailaren 8an, abiatuko da Zeelanda Berrira. Txapelketa baino lehen, kideek hiru asteko prestaketa berezia egin beharko dute, izan ere, artile mozketak trebetasuna, zehaztasuna, erresistentzia fisikoa, arintasuna eta teknika handia eskatzen ditu.

Euskal Herriko selekzioa 2025eko nazioarteko zirkuituko eta Abadiñon egindako Euskal Herriko txapelketako emaitzek erabaki dute. Bertan lortutako emaitzen arabera lehen aldiz munduko txapelketara joango diren kideak hautatu zituzten. Makinazko bi moztailek – Mikel Etxebarria (Dima, Bizkaia) eta Joseba Ugalde (Lezama, Bizkaia) –, guraizezko bi moztailek – Ipar Arrinda (Lekeitio, Bizkaia) eta Josu Ekisoain (Ibiriku, Nafarroa) – , bi artilarik – Janire Artabe (Dima, Bizkaia) eta Mikel Velasco (Arrasate, Gipuzkoa) – eta taldeburuak – Joseba Attard (Bedarona, Bizkaia) – osatuko dute taldea. 

«Moztaileok Euskal Herri osoaren ordezkari bilakatuko gara; lehen sektorearen, gure baloreen, ondarearen, jakintzaren, nortasunaren eta identitatearen erakusleiho bilakatuta nazioartean. Ardi moztaileontzat ohore bat da gure herria ordezkatzea», gehitu dute. Era berean, «parte-hartze historiko hau Euskal Herriko moztaileen, artzainen eta lehen sektorearen aitorpen eta garaipen bat» dela aldarrikatu dute.

Artile mozketa lehiaketak

Euskal Ardi Moztaileen Elkartetik (EAME), ardiak moztea kirol gisan aitortua dagoela adierazi dute eta Olinpiar Jokoetan sartu ala ez eztabaidatu dela ziurtatu dute. 

«Lehiaketetan moztaileek denboraren aurka lehiatzen dira ahalik eta ardi gehien mozteko denbora jakin baten barruan. Epaileek mozketaren kalitatea ebaluatzen dute, lana garbia eta ondo amaitua den begiztatuz. Abiadurak garrantzi handia du, baina moztaileek zehaztasunarekin orekatu behar dute ardiei zauririk ez egiteko edo artilearen kalitatean eraginik ez izateko», azaldu dute. 

Ardien mozketa kirol tradizionalen ereduan ez sartu arren, kirol bezala sailkatzea merezi duela aldarrikatu dute, moztaileek lan erritmoa mantentzeko prestakuntza zorrotza behar dutela esanez.