Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Erin Tonek txikitu egin du Aconcaguako emakumezkoen errekorra

Joan den urtarrilaren 28an, Erin Ton ultrarunner estatubatuarrak 6 ordu eta 34 minutu behar izan zituen Plaza de Mulas-tontorra-Plaza de Mulas lotzeko. Aurreko denborarik azkarrena, Lenka Polackovarena, ia bi orduan hobetu du.

Erin Ton Aconcaguako gailurrean; estatubatuarrak FKT berria ezarri du.
Erin Ton Aconcaguako gailurrean; estatubatuarrak FKT berria ezarri du. (@erin_ton7)

Erin Tonen izena erabat lotuta dago Fastest Known Time (FKT) edo ezagutzen den denbora azkarrena kontzeptuarekin. Dagoeneko, bere ibilbide luzean 180 errekor erdietsi ditu. Aconcaguakoa (6.967 m) izan da azkena. Hain zuzen ere, korrikalari estatubatuarrak emakumezkoen denbora azkarrena egin du. Plaza de Mulas (kanpaleku nagusia), gailurra eta Plaza de Mulas lotzeko 6 ordu eta 34 minutu behar izan zituen.

Zalantzarik gabe, marka handia egin du; izan ere, Lenka Polackova eslovakiarrak iaz egin zuena (8 ordu eta 17 minutu) ia bi orduan ondu du. 27 urteko lasterkari horrek bere sare sozialetan adierazi du helburu hori mamitzen duela pare bat urte hasi zela: «Babesleen aldetik ez nuen laguntzarik, eta horregatik atzeratu dut. Kanpaleku nagusian nengoela, zurrumurru batzuek zioten denbora onena 7 ordu eta 35 minutukoa zela. Jakina, neure buruari esan nion krono hori hobetu behar nuela».

Errekor hori prestatu ahal izateko, Tonek Hego Amerikara bidaiatu zuen abenduan. Entrenatzeaz gain, hainbat FKT egin zituen Illinizan (5.126 m), Cotopaxin (5.897 m) eta Rucu Pichinchjan (4.694 m). Guztiak ala guztiak Ekuadorreko mendiak dira.

Aipatu ditugun errekor horiek sinatu eta gero, Aconcaguara abiatu zen. Plaza de Mulaseko kanpaleku nagusian zela, irteera batzuk egin zituen bide klasikoan. Aconcaguako ohiko denboraldia denez, bazekien mendizale askorekin topo egingo zuela 15 kilometroko (2.443 m+) ibilbidean. Horretaz gain, esan zioten goiko sekzioetan elurra aurkituko zuela. Alabaina, pronto zegoen ekinaldi bat egiteko eta azken irteera hori bikain atera zitzaion.

Oso sasoiko

Urtarrilaren 28a urdin-urdin esnatu zen, ia haizerik gabe eta tenperatura hotzarekin. Hots, baldintza ederrak baino ederragoak errekor berri bat ezartzeko. Estatubatuarrak onartu du leiho on bat aprobetxatu zuela: «Hotz egiten zuenez, arroparen aldetik, geruza asko jarri nituen. Baina lehen kilometroak egin eta gero, berotu nintzen. Zalantzarik gabe, mendian egin dudan egun ederrenetarikoa izan da».

Plaza de Mulasetik (4.350 m) goizeko 6.30ean irten zen. Korrikalariak esan du hasiera-hasieratik oso sentsazio onak izan zituela. Bigarren kanpalekura heltzeko soilik bi ordu behar izan zituen. Puntu horretatik aurrera ez zuen ibilbidea ezagutzen. «Nahiz eta Ekuadorreko gailurretan lan ona egin nuen, garaierak eragina izan zuen nire jardueran. Plaza de Mulas eta tontorra 4 ordu eta 50 minutuan lotu nituen. Igoera horretan ere denbora azkarrena egin dut».

Aconcaguako gailurrean soilik hamar minutu igaro ondoren, Tonek jaitsierari ekin zion. Plaza de Mulasen kronoa gelditu eta 6 ordu eta 34 minutuko denbora markatu zuen. Hots, emakumezkoen errekor berria. FKT berri horren inguruan, Tonek baieztatu du hobetu daitekeela: «Egin nuen lanarekin pozarren nago, baina jakin badakit azkarrago egin dezakedala. Horretarako, girora egokitzeko fasea biribildu behar dut. Horretaz gain, zenbait zatitan elurrak mantsotu zuen nire abiadura».

Amaitzeko, aurreratu behar dugu lasterkari estatubatuarra Aconcaguako ibilbide luzean errekor berri bat ezartzen saiatuko dela. Hots, Horconesetik (2.950 m) irten, Plaza de Mulasetik igaro eta handik ohiko igoera egin.