Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Haur baten misioa, erregimen baten itzalean

MAMLAKET AL-QASAB (LA TARTA DEL PRESIDENTE)
Irak, 2025. 102’. Zuzen eta gidoia: Hasan Hadi. Aktoreak: Rahim AlHaj, Baneen Ahmad Nayyef, Sajad Mohamad Qasem, Waheed Thabet Khreibat. Argazkia: Tudor Vladimir Panduru.

Filmeko fotograma.
Filmeko fotograma. (Spark Features, Working Barn Productions)

Cannes zinema jaialditik eta Donostia Zinemaldiko Perlak Sailetik igaro ostean, zinemetara iritsiko da ‘Mamlaket Al-Qasab’ film irakiarra. Pelikulak komedia eta drama nahasten ditu, naturalismoaren zuztarretatik abiatu eta fabularen lurraldean barna ibiltzen da. Sinpletasunaren mozorroa darabil, baina azaldu nahi duena sinplea izatetik oso urrun dago. 

Lamia izeneko bederatzi urteko neska baten begiradatik kontatuta dago eta Saddam Husseinen urtebetetze egunaren aurreko bi egunetan girotuko da, 1990eko Iraken. Merkatuetan apenas aurki daiteke janaririk, eta gosea nagusi da herrialde osoan. Eskolan antolatutako zozketa batean, Lamiari tarta bat eramatea egokituko zaio; baina ez du ez osagairik, ezta dirurik ere. Hala ere, tarta derrigorrez eraman behar du, bestela ondorio latzei aurre egin beharko die.

Narrazioaren ardatza osagaien bilketa izango da; baina bilaketa hori, funtsean, aitzakia besterik ez da herriaren miseriak agerian uzteko. Lamiak biziko dituen gorabeherak eta oztopoek markatuko dute kontakizunaren erritmoa eta tonu aldakorra. Kamera Lamiaren ikuspuntuan kokatuko da hasieratik eta ikuslea, kale estuetan, errepide hautsietan eta teilatuetan barna, haren bidelagun bihurtzen da. Gazteak era askotako gertaerak bizitzen dituen bitartean  –tartean Saeed izeneko beste haur bat ere batuko zaio– herrialdearen egoeraren lekuko bihurtzen gara.

Hasan Hadi

Hasan Hadi zinemagile irakiarra indartsu azaldu da nazioarteko zinemaren panoraman, bere herrialdeko bizitzari buruz duen begirada pertsonal eta sakonki gizatiarrari esker. 

Film honek mugarri historikoa ezarri du Irakeko zinemarentzat: Canneseko Zinemaldian hautatua izan zen herrialdeko lehen film luzea izan zen, eta, gainera, debut onenari ematen zaion Caméra d’Or saria eta 2025eko Directors’ Fortnight Audience Award saria irabazi zituen. Sari horiek Hadiren indar narratiboa eta sentsibilitate zinematografikoa azpimarratzen dituzte.