NAIZ
Hernani

30 lanek osatuko dute aurten Udabiltzak sustatutako sortzaileen zirkuitu nazionala

Hernanin ostiral iluntzean egindako ekitaldian, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoak hasiera eman dio aurtengo zirkuitu nazionalari. Literatura, komikigintza, zinegintza eta antzerkigintzako 30 lan hautatu dira hirugarren edizio honetan; 30 lan horiek herriz herri aurkeztuko dira 2026an zehar.

Edizio honen aurkezpena, gaur ostiralean Hernanin. (Maialen Andres | Foku)
Edizio honen aurkezpena, gaur ostiralean Hernanin. (Maialen Andres | Foku) (Foku)

Udalbiltzak bere kultur egitasmoaren hirugarren edizioak eman dituen fruituak aurkeztu ditu ostiralean Hernaniko Biteri Kultur Etxean. Parte hartu duten 46 udalerrietako zenbait ordezkari, baita sortzaile bekadun batzuk ere, izan dira bertan.

Hernaniko alkate Xabier Lertxundik eta kultur zinegotzi Aitor Huizik egin diote ekitaldiari harrera, herriaren izenean. Ondoren, Udalbiltzak hartu du hitza: Haritz Alberdi lehendakaria igo da oholtzara, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu. «2020an, egitasmoa sortu zenetik, helburu bakarra izan du Geuretik Sortuak-ek: Euskal Herrian euskaraz sortutako lanen eskaintza handitzea, eta sortzaileei euren sormena garatzeko espazioa eta baliabideak ematea», azaldu du Alberdik.

«Hiru edizioren ostean, pozez esan dezakegu Euskal Herriko sormenaren egoera oparoa, askotarikoa eta osasuntsua dela», gehitu du. Halaber, proiektuaren sostengu diren udalerrietan jarri du fokua Alberdik: «Geuretik Sortuak bezalako proiektuak ez lirateke aurrera aterako, Euskal Herriaren luze-zabalean euren konpromezua adierazi duten udalerri horiek gabe. Proiektu honen funtsa, sortzaileak euren bizilekuetatik atera eta, Euskal Herriko herri edo herri multzo batean, sormen egonaldi bat egin dezaten bermatzea da; eta hori udalerrien borondatearekin soilik atera daiteke aurrera», azaldu du.

‘Zazpikiak bat’ komiki-bilduma iazko azaroan argitaratu zen arren, eta antzezlan batzuen estreinaldiak 2026ko urtarrilean egin diren arren, otsailaren hasierara arte itxaron du Udalbiltzak zirkuituaren aurkezpen bateratua egiteko. Izan ere, alor bakoitzeko lanen entregatzeek epemuga ezberdinak izan dituzte.

Udalbiltzako kultur teknikari Maria Osesek aurkeztu ditu hirugarren aldi honetako sormen egonaldietatik jaio diren 30 lanak. Kronologiari erreparatuz, komikigintza izan da argia ikusi duen lehen alorra. ‘Zazpikiak bat’ lanaren baitan, zazpi komikigileren lanak bildu dituzte: Eñaut Aiartzaguenak Etxarri Aranatzen eta Ataunen ondu du ‘Legez kanpo’ lana; Amane Apalategik ‘Euskara eta gu’ sortu du Hernanin; Uxue Bereziartuak Larraun, Betelu, Araitz eta Lekunberriko ‘Neskato onak’ irudikatu ditu; Usue Egiak, Legorretatik, ‘Zeruaren erdian’; Hankabakok ‘Bi zakur’ lana sortu du Ziortza-Bolibarren; Eneritz Ibarrak ‘Begi hütsez ezin ikusi’ Atharratzen; eta Gastonek, azkenik, ‘Gastronomika’ Mutrikun.

«Hiru edizioren ostean, pozez esan dezakegu Euskal Herriko sormenaren egoera oparoa, askotarikoa eta osasuntsua dela»

Antzerkigintzan, zortzi lan garatu dira hirugarren edizioan. Infinitudrama konpainiak ‘Promesarik txikiena’, Leitzan eta Berastegin; amaHiru konpainiak ‘Etxea lana’ Hiriburun; Zelako Kultur Ideiak-ek ‘Izeba Txirrita’ Astigarragan; KulturarteCo.-k ‘Frankopoleon’ Plentzian; Argimalutak-ek ‘Txondor plaza’ Berriatuan; Imanol Epeldek ‘Zerbait sartu zait begian’ Muxikan eta Ajangizen; Metrokoadrokak ‘Bi baso bat ur’ Galdakaon; eta Jon Ander Urrestik eta Matxalen de Pedrok ‘Kolapsoa’ Usurbilen.

Literaturari dagokionez, ‘Hamaika irakurtzeko jaioak’ izenburupean argitaratu dira edizio honetako hamaika ipuinak. Horiek sortzeko, Atxondon egon da Miren Artetxe; Gorlizen Maitane Perez; Amasa-Villabonan Maitane Nerekan; Nafarroako Goi Erriberan Zigor Garro; Baigorrin Naia Arantzamendi; Aulesti, Amoroto eta Munitibar herri multzoan Oier Guillan; Ikaztegietan Peru Calabaza; Oiartzunen Saioa Iribarren eta Ander Basaldua; Etxalar, Arantza, Bera eta Lesakan, Goiz Eder Iturain; Asparrena eta Ziordian Ixabel Agirresarobe; eta Ortzaizen Garazi Albizua.

Amaitzeko, zinegintzaren esparruan, lau film laburrek ikusi dute argia Geuretik Sortuak bekari esker. ‘Lau haizeetara’ izenburupean, honako lanak ondu dituzte sortzaileek: Alba Lozanok ‘Aho Beltza’ Zumaian; Raul Barrerasek ‘Bitartean, gero’ Baztanen; Aitor eta Izaro Arrutik ‘Mintzo zen’ Elorrion; eta Olatz Ovejerok, ‘Ikusi Makusi’ Larrabetzun.

Lan hauen guztien aurkezpen eta emanaldiez non eta noiz goza daitekeen jakiteko, bide ezberdinak daudela argitu du Osesek ekitaldian. Interesa duen orok Udalbiltzaren webguneko Geuretik Sortuak atalean dagoen agendan egin dezake kontsulta; aldiz, soilik Ipar Euskal Herriko emanaldien nondik norakoak jakin nahiko balitu, EKE erakundearen agendara jo dezake. Hamaika Telebista eta Kanaldude ere egitasmoaren komunikazio-zabalkundean laguntzen ari dira, lankidetza-hitzarmen bidez.

Ekitaldiari amaiera emateko, mokadu baten ostean, Geuretik Sortuak egitasmoan oinarritutako bertso saio tematikoa eskaini dute Biterin. Bertan parte hartu duten bertsolari eta artistak Geuretik Sortuak-eko aurreko aldietan hautatuak izandakoak dira. Ainhoa Urien izan da gai-jartzaile; bertsotan, aldiz, Sarai Robles, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi izan dira.

Bitartean, Uxue Bereziartua hernaniarrak ilustrazioak egin ditu zuzenean, bertso-saioak iradokitako kontzeptuekin.