NAIZ

Desokupazio enpresa baten etxegabetze saiakera berria salatu dute Zorrotzan

Desokupazio enpresen jardunaren aurkako protesta egin dute gaur arratsaldean Zorrotzan, AZET Etxebizitza Sindikatuak deituta, auzokide baten aurkako etxegabetze saiakera salatzeko. Klase-elkartasunean oinarritutako antolakuntza indartzeko deia egin dute.

Elkarretaratzea ostiral arratsalde honetan Zorrotzan.
Elkarretaratzea ostiral arratsalde honetan Zorrotzan. (Aritz Loiola | Foku)

AZET Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur arratsaldean Bilboko Zorrotza auzoan, desokupazio enpresa batek auzokide baten aurka egindako etxegabetze saiakera salatzeko. Sindikatuaren arabera, azken asteetan bigarren aldiz saiatu dira legez kanpo auzokidea bere etxetik botatzen, «xantaia, mehatxu eta intimidazioa erabiliz».

Sindikatuak azaldu duenez, asteazkenean, 13:00ean, desokupazio enpresa bateko bi kide azaldu ziren auzokidearen etxean, etxegabetzea gauzatzeko asmoz. Erasoaren aurrean, berehala jarri zen harremanetan AZET-rekin, eta Zorrotzako auzokide antifaxistekin batera larrialdietarako protokoloa aktibatu zuten eta erantzun azkarrari esker, saiakerak ez zuen arrakastarik izan, nahiz eta mehatxuak oraindik indarrean daudela ohartarazi duten.

Elkarretaratzean egindako adierazpenean, AZET-ek azpimarratu du gertatutakoa ez dela kasu isolatua, «baizik eta Euskal Herrian desokupazio enpresen presentzia gero eta handiagoaren erakusle». «Krisi kapitalista nagusi den garai hauetan, non miseria langile-klasearen eguneroko ogia den, honelako enpresek oso funtzio konkretua betetzen dute: jabetza pribatuaren txakur zaindariak izatea. Haien helburua hau da: dominazio eta esplotazioaren oinarriak babestea da. Eta horretarako bortizkeria eta mehatxuak erabiltzen dituzte», azaldu dute.

Mobilizazioaren bidez, hiru helburu nagusi aldarrikatu dituzte: auzokideari elkartasuna eta babesa adieraztea; desokupazio enpresen jarduna publikoki salatzea; eta halako zerbitzuak kontratatzen dituzten jabe eta enpresei mezu argia bidaltzea, auzoek eta antolakundeek erantzun kolektiboa emango dutela ohartaraziz.

Halaber, sindikatuak auzokideei dei egin die halako egoeretan antolatuta erantzuteko, eta gomendio batzuk zabaldu ditu: ateak ez irekitzea, eskubideak argi adieraztea, froga grafikoak biltzea eta berehala AZET-rekin harremanetan jartzea larrialdietarako protokoloa martxan jartzeko.

Amaitzeko, AZET-ek mezu irmoa helarazi die desokupazio enpresak kontratatzen dituzten etxejabeei, argi utziz halako praktikek «ez dutela erantzunik gabe jarraituko, eta klase-elkartasunean oinarritutako antolakuntza indartzen jarraituko dutela Zorrotzan eta gainerako auzoetan».