
Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenetik 50 urte beteko dira aurten, eta hori gogoan izateko, hainbat ekitaldi prestatu ditu EH Bilduk. Horien berri eman du gaur Eva Lopez de Arroyabe Arabako Batzar Nagusietako alderdiaren bozeramaileak.
‘Etorkizunarekin BAT EGIN. Somos viento de libertad’ da EH Bilduk aukeratu duen leloa, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrenean. Poliziak bost langile hil zituen tiroz, Gasteizko San Frantzisko Asiskoaren elizan batzarra egiten ari zirela.
Azken urteotan egin duen bezala, EH Bilduk ekitaldi politikoa egingo du martxoaren 3an, 13.00etan, Zuberoa plazan. Ordubete geroago, ohiko omenaldia egingo da elizaren parean dagoen monolitoan. Horrekin batera, kartelen erakusketa bat inauguratu du bere Gasteizko egoitzan, azken urteetan antolatutako ekitaldien kartelak biltzen dituena.
EH Bilduk antolatutako oroitzapen ekitaldiez gain, hitzaldi musikatu bat egingo da mar- txoaren 3an sortutako 50 abestiei errepaso bat egiteko. Otsailaren 20an izango da, 18.30ean, Gasteizko bilgunean, Lander Garciaren eskutik.
«Beti eskatu du egia»
«Ezkerreko soberanismoa beti egon da hor. Beti egon da inoiz ahaztu ez duten beste eragile sindikal, herrikoi eta politikoekin batera. Beti eskatu du egia, justizia eta erreparazioa bere biktimentzat. 76an defendatzen zituzten balioek inoiz baino indar handiagoa dutela defendatu du beti», nabarmendu du Lopez de Arroyabek.
Era berean, egungo panorama politikoaz kezka adierazi du. «1976an Latinoamerikan diktadurak ugaritzen baziren, kezkaz ikusten dugu autoritarismoaren gorakada bat mundu osoan. Garai hartako Nixon, Videla eta Pinochet orain Trump, Milei eta Kast dira. 1976an langile klasea bere eskubide sindikal, laboral eta politikoen alde borrokatzeko antolatzen bazen, orain berriro kalera atera behar da lanpostuak defendatzeko, lan baldintza duinak eskatzeko eta zerbitzu publikoen murrizketak salatzeko», esan du.
Espainiako Estatuari Gasteizko sarraskian izan zuen papera onar dezala exijitu du, beste herrialde batzuk historiako gatazketan euren erantzukizuna onartzen ari diren bezala. Adibide gisa, Alemania jarri du, bertako presidenteak gobernu naziak Gernikako bonbardaketan izandako inplikazioa publikoki aitortu baitzuen. Britainia Handiak, berriz, Derryn 1972an gertatutako Igande Odoltsuari buruzko adierazpena egin zuen. Hori dela eta, Estatu espainolak ere pausoa eman dezala eskatu zuen EH Bilduko bozeramaileak.
Oroimena bizirik dirau
Rocio Vitero EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramailea ere agerraldian izan da, eta 50. urteurrenari lotutako gastuak finantzatzeko aurrekontu-partida bat lortu duela gogoratu du. Era berean, aipatu du 2011tik San Frantzisko Asiskoaren eliza memoriarako gune nagusi bilakatzea eskatzen ari direla, prozesu horretan biktimen parte hartzea eta borondatea bermatuz.
«Gure aitona-amonak, gure gurasoak, kalera atera zirelako 1976an, lan-eskubideak aldarrikatzeko... Baita gureak ere. Lan-baldintza duinak eskatzen zituzten, haientzat eta guretzat. Gaur, aldarrikapen eta balio horiek defendatzen jarraitzen dugu: duintasuna, borroka, konpromisoa, komunitatea... Bere oroimenak bizirik dirau Gasteizen. Bizirik mantentzen dugu: greba bakoitzean, aldarrikapen bakoitzean... kapitalismo patriarkalaren aurrean planto egiten dugun bakoitzean, politika deshumanizatzaileen aurretik pertsonak jartzen ditugun bakoitzean, Zaramaga auzoan bizitza eman zutenen oroimenez ukabila altxatzen dugun bakoitzean», ziurtatu du.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

EH Bildu pide a Insausti que «recule» en la publicación del origen de los detenidos
