NAIZ

Adarragako oldarkortasunaren lehian, Laso-Albisu liderrak garaile

Unai Laso eta Jon Ander Albisu gailendu dira Logroñoko Adarragan jokatutako partidan, Zabala-Martija 22-19 menderatuta. Hamabigarren puntua bereganatu dute gorriek, sasoiko daudela erakutsita. Urdinek ere partida txukuna jokatu dute eta hirugarren postua borrokatuko dute azken jardunaldian.

Lasok 16 egindakorekin bukatu du Adarragako partida.
Lasok 16 egindakorekin bukatu du Adarragako partida. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Logroñoko Adarragak dena eman du bere herriko semearen alde eta Javier Zabalak ere guztiz txundituta utzi ditu bertaratutakoak. Hala eta guztiz ere, urdinen esfortzu oro ezerezean utzi dituzte Binakako txapelketako lider handiek, bikote garaitezinak. Laso eta Albisu sasoiko iritsi dira azken txanpara eta freskotasun hori gakoa izan da txapelketako hamabigarren garaipena eskuratzeko.

Binakako txapelketa hasi zenetik, partida bakarra galdu du Baikoko bikoteak eta hori hirugarren jardunaldian gertatu zen; hain atzean geratzen den abenduaren 6an, alegia. Finalerdietarako txartela ziurtatuta izanik ere oso lehiakor aritu dira gorriak, Zabalak jarritako erritmo altura garaiz moldatu eta markagailua iraultzeraino.

Izan ere, Naiarako aurrelariak bereganatu du protagonismoa Adarragako partidan. Bere etxean jokatzeagatik ez ezik, ohikoa duen joko oldarkorra lau haizetara erakutsi nahi izan du. Pilotakada gehien jo duen pilotaria izan zen –178, bere bizkarzain Martijak baino kasik 30 gehiago– baina aurrean Laso edukita, adoretsuenaren lehia bizi-bizi egon da. Biek ala biek, gainera, bi atzelari sendo dauzkate, sasoi onean daudenak eta horrek ere, noski, laguntzen du urrats bat ematerako orduan.

Lehendabiziko takadan agintzen hasi dira urdinak, 1-3 aurreratuta. Gorriak, bestalde, gutxika-gutxika markagailua estutzen hasi dira. Lasok bere gantxo ikusgarria erakutsi du lehendabiziko berdinketa jartzeko (3-3) eta, finean, errekurtso hori izan da Bizkarreta-Gerendiaingoak gehien menperatu zuena. Bukaerarako, airez 13 tanto egindakorekin bukatu du.

Markagailua estutu

Hala ere, borrokarako grina izan da lau pilotariengan nabarmendu den gaitasuna. Defentsarako hanka onak erakutsi dituzte –horrelako dema batean funtsezkoa– eta Adarragan bildutako lagunek gogotik disfrutatu dute. Akitzeraino borrokatu dituzte tantoak –8-11koa gogoangarria izan da– eta kalitaterako tarterik ere atera dute, batez ere aurrelariek.

Urdinek aldeko beste takada bat atera dute gorriak 5-4 aurreratu ostean. Bederatzigarren tantoraino urrundu dira, bost tanto jarraian eginda. Gorriak, ongi borrokatuta, estutu dute markagailua (8-10 eta 10-12), partidan erabat sartuta zeudela erakusteko.

Lehen etenaldi luzetik bueltan, Zabala eta Martija gehiago izan dira. Etxebarrikoak ondo eutsi du atzean. Beste partida bikain bat sinatu du bizkaitarrak, galdutako bat bera ere pilatu gabe eta Zabalak aurrean dominatzea ahalbidetu du. 12-16koan, esaterako, errioxarrak ongi irakurri du jokaldia eta bi aurkarien artera botatako pilotarekin gozatu ez badu ere, txokoan ederki utzi du, Albisurentzat ezinezkoa izan dela.

Lasok defentsa ona erakutsi du tanto hartan, Zabalaren gantxoa eramanda, eta nekean zenbateraino eragingo ote zion ere zalantza piztu da. Etenaldia eskatu dute gorriek. Bai ongi eskatuta ere –behin bukaerako emaitza jakinda, noski–. Jokoa gelditu dute, bihotza hoztu eta buruarekin hobeto pentsatzeko.

Segidan, bi tanto egin ditu nafarrak: gantxoz eta moztuta, Zabalaren gainera. Oldarkotasunaren aginte makila bereganatu du Baikokoak eta Zabalarengan akatsak behartu ditu –16-16koan txapara bota zuen–. Bost tanto jarraian eginda, partidan bigarren aldiz aurretik jarri dira gorriak (17-16).

Martija atzean sartzea ere lortu dute azken txanpa honetan. Albisuk berak onartu du akaso freskoago iritsi direla azken txanpara: «Bukaeran gure onena atera dugu. Partidaren erdialdean beteta sentitu naiz baina buelta ematea lortu dut eta gustora ibili naiz». Lasok galdutako pare batekin estutu dute markagailua urdinek (19-18) baina beste bi gantxorekin bideratu du garaipena nafarrak, lidergoa are gehiago sendotzeko. Guztira, 16 egindako pilatu ditu, eta 8 galdu; alegia, partidako 24 tantotan izan du eragina Bizkarreta-Gerendiaingo pilotariak.