«Afrikako eskiatzaileak honezkero ez gara exotikoak»
Nathan Tchibozo du izena, Beningo ordezkari bakarra da Milano-Cortinan, eta aurrenekoa neguko Olinpiar Jokoetan: «Esperientzia paregabe honetaz bete-betean gozatu nahiko nuke. Eman nahi dudan mezua hau da: espero ez gaituztenean ere distira ekar dezakegula».

Benin, Guinea-Bissau eta Arabiar Emirerri Batuak estraineko aldiz ari dira lehian neguko Olinpiar Jokoetan, 2026ko Milano-Cortinako hauetan. Oso momentu polita izango da beren ordezkarientzat, historikoa; irekiera ekitaldian oso hunkituta ikusi genituen jada.
Beninen aldetik ordezkari bakarra Nathan Tchibozo eskiatzailea da. Gaztea oso, 22 urte beteko ditu juxtu Joko hauetan zehar, otsailaren 15an hain zuzen ere. Eski alpinoan parte hartuko du, zehazki, eslalom eta eslalom erraldoia diziplinetan. Berarekin hitz egiteko aukera izan dugu.
Benin ordezkatuko duzu, baina Togokoa zara, ezta? Zergatik Beninen aldeko erabakia?
Parisen jaio nintzen eta hiru nazionalitate ditut. Frantsesa eta beninarra naiz aitaren aldetik, eta Togokoa amaren bidez. Hasiera batean Togo ordezkatzen saiatu nintzen, baina gure eskaintza ez zen arrakastatsua izan. Frantzia ezin izan dut ordezkatu txapelketa nagusietan. Geroago Beninek aukera hau eman zidan, eta hautu naturala bihurtu da niretzako.
Nola hasi zinen eskiatzen?
Parisen jaio nintzen, baina txikitatik Les Deux Alpes-era joan nintzen bizitzera, eski estazio batera hain zuzen ere. Hara bertaratuta, eskiatzea oso arrunta egin zitzaidan.
Non entrenatzen duzu?
Normalean Frantzian egiten dut. Les Deux Alpes Ski Clubeko kidea naiz eta Orsatus Racing talde pribatuak laguntza ematen dit, Brides-les-Bains-en, Savoia eskualdean. Hala ere, denboraldiaren arabera, atzerriko entrenamendu kanpamenduetara ere joaten naiz. Uda partean Hego Amerikan entrenatzen dut, batez ere Txilen eta Argentinan. Negua hasita, batzuetan Suediara, Austriara edo beste herrialde batzuetara ere joaten naiz, baldintzen arabera.
Nolakoa da goi mailan Olinpiar Jokoetan bakarrik lehiatu daitekeen eskiatzaile baten bizitza?
Eskiatzaile baten bizitza oso gogorra da, asko eskatzen dizulako. Nire kirolaz gain, unibertsitatean ikasten ari naiz: Kirol kudeaketa lizentziatura egiten ari naiz Win Sport School-en. Sakrifizio, diziplina eta zorroztasun handia eskatzen du honek ere. Oraindik asko ikasi behar dut, baina uste dut merezi duela, nire pasioa lantzeko aukera dudalako, eta hori ez da denek egin dezaketen gauza.
Zer egiten duzu kirolatik kanpo? Zaletasunik ba al duzu?
Eskiatzeaz gain, denbora asko eskaintzen diet ikasketei, prestakuntza fisikoari eta maite ditudan pertsonei ere bai. Oreka pertsonal eta mentalari eusten saiatzen naiz.
Nola sentitzen zara Olinpiar Joko hauei begira?
Motibatuta, kontzentratuta eta eskertuta sentitzen naiz. Maila oso altua izango da munduko eskiatzaile onenen aurka lehiatzeko orduan, baina dena eman dut prestaketan, lasterketa guztietan bezala. Batez ere, esperientzia paregabe honetaz bete-betean gozatu nahiko nuke.
Italia inoiz bisitatu al duzu?
Bai, hainbat aldiz egon naiz Italian, batez ere lehiaketetarako. Familiarekin ere joan nintzen hara, Claviereko jatetxe batera, Frantzia eta Italia arteko mugan, Alpeetan. Praktikak ere egin nituen Italian, eski irakasle titulua lortzeko. Hala ere, ez naiz inoiz Milanen egon, ezta Cortinan ere, Olinpiada hauek heldu arte.
Zein da zure helburua jokoei begira? Parte hartzea besterik ez? Zure presentzia apur bat exotikoa izango dela uste dut, batez ere inork gutxik ezagutzen zaituelako... ala ez?
Argi dago oso zaila izango dela munduko eskiatzaile onenen aurka lehiatzea. Dena den, gaur egun Afrikako herrialde asko daude neguko Jokoetan ordezkatuta, eta beraz, ez da jada bitxikeria bat bakarrik. Beninentzat, gainera, lehenengo aldia da hau. Horrek aitzindari bihurtzen nau nire herrialdearentzat, eta oso harro sentitzen naiz horretaz. Mezu sendoa ere bada diasporako benindarrentzat: distira ekar dezakegu, inork espero ez gaituen tokietan ere. Nire helburua nire herrialdea duintasunez ordezkatzea da, lasterketa guztietan bezala dena ematea, eta batez ere, Olinpiar Jokoetako abentura bete-betean gozatzea.

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»
