
Lan Arriskuen Prebentziorako Legea indarrean sartu zenetik 30 urte bete diren egunean, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Bilbon Euskal Herrian istripuen kopurua etengabe ari dela handitzen ohartarazteko. Sindikatu hauek aurkeztutako lan istripuei buruzko urteko txostenaren arabera, 84 langile hil ziren lan istripuz pasa den urtean. Zifra azken hamarkadako altuena da.

Hauetatik 50 EAEn hil dira, 29 Nafarroan eta 1 Ipar Euskal Herrian. Azken laurak, atzerrian edo itsasoan hildako euskal langileak dira.
Sektoreei dagokienez, nabarmendu behar da, besteak beste, hildakoetatik 22 garraiolariak zirela, 16 industriako langileak, 12 eraikuntzakoak eta 3 baso lanetakoak, besteak beste. 84 hildakoetatik, 25 istripu ez traumatikoak izan dira.
Garraiolarien egoerari aipamen berezia eman die sindikatuek, gero eta larriagoa baita: «Sektoreko langileek pairatzen dituzten baldintzak urtetik urtera gogortzen ari dira. Nazioarteko merkatuek, estatuen inongo babes neurririk gabe, lan baldintzak kaskartzen dituzte sektore eta lanbide globalizatu honetan. Nafarroan eta Gipuzkoan sektoreko hitzarmena 2008tik berritu gabe dago, honek dakarren prekarizazioarekin».

Prekarizazio honen isla gisa, Fiteroko kasua aipatu dute. 2025eko martxoaren 5ean, 4 pertsona hil ziren bertan, bi kamioik aurrez aurre talka eginda. «Bi senar-emaztek gidatzen zituzten kamioiok. Lau pertsonek garraiolari txartela zuten, ibilbide luzeak egiten zituzten eta kamioietan bizi ziren. Gure errepideetan dagoen XXI. mendeko esklabotza motaren adierazle nabarmena da istripua, eta horren aurrean gobernuek neurriak hartu beharko lituzkete», adierazi du Hiru sindikatuko ordezkariak.
Datu ofizialak, errealitatetik urrun
Sindikatuek beren afiliazio sareen eta komunikabideen bidez izan dute heriotza horien guztien berri, baina gehiago ere izan litezkeela nabarmendu dute, «administrazio publikoek emandako datuak ez baitira gardenak».
Sindikatuek salatu dutenez, EAEko Gobernuak istripu hilgarrien kopuru garrantzitsu bat zenbatzeari uko egiten dio. Izan ere, sindikatuek identifikatutako 50 istripuetatik 30 baino ez ditu aitortzen. «Garraiolarien heriotzak, obra zibilekoak, heriotza ez traumatikoak edo in itinere edo in mision gertatutako hainbat ez dira kontuan hartzen. Kanpoan uzten dira istripua gertatu ez zen autonomia erkidegoan alta emanda ez dauden langileen heriotza guztiak», azaldu dute sindikatuek.
Horren guztiaren aurrean, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek argi utzi dute salaketa ekintzak egiten eta mobilizatzen jarraituko dutela, mutualitateen publifikazioaren aldeko borrokan jarraituko dutela, eta gobernuei eskatuko dietela Osalan eta NOPLOI zigortzeko gai izan daitezen eta Hego Euskal Herrian lan ikuskatzaile kopurua nabarmen handitu dadin.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

