
Milan-Cortina d’Ampezzoko Olinpiar Jokoetan parte hartzen ari diren euskal kirolariek lehen kontaktua izan dute astearte honetan elurrarekin Manex Salsamendiren lehiaketarekin. Brasileko selekzioarekin ari den eskiatzaileak 48. postuan amaitu du fondoko eski proba esprint klasikoa.
Aita nafarra eta ama brasildarra duen eskiatzailea finala jokatzetik urruti egon da. Izan ere, 1.500 metro inguruko lasterketako sailkapenean ezin izan du aurrera egin eta final-laurdenak zazpi segundora geratu zaizkio.
Salsamendik 3:25.48ko denborarekin amaitu du sailkapen proba. Ideia bat egiteko, 30. sailkatua izan den Johan Haeggstroem suediarra –final-laurdeneterako azkena sailkatzen– 3:18.73ko markarekin sailkatu da.
Manex Salsamendi Silvak (Rio Branco, 2002) aita Errenteriakoa du; ama, Brasilgoa, eta 8 urte zituela Izabara bizitzera etorri zen. Beijing 2022an, 19 urte besterik ez zituela, 71. amaitu zuen eta Gabonetan Belaguan entrenatzen aritu ostean, aurtengo helburua lehenengo 30en artean amaitzea zen. Erronka bete ez badu ere, ostiral honetan beste aukera polita du 10 kilometroko estilo librean.
Esan behar da gaurko probak maila handia zuela. Txapelduna eta urrezko dominaren jabea Joannes Hosflot Klaebo norvegiarra izan da, finalean 3:07.37ko denbora eginda. Hala, zazpigarren urrea du, bigarrena aurtengo Olinpiar Jokoetan –duela bi egun eskiatlon 10+10 km-ko proban gailendu zen–. Zilarra Ben Ogden estatubatuarrarentzat izan da, 2.51 segundora, eta brontzea Jules Chappaz frantziarrak kolkoratu du, irabazlearengandik 5.49ra.
Bestalde, Salsamendik Jaume Pueyo eta Bernat Selles Espainiako selekzioarekin ari diren bi eskiatzaileekin entrenatzen du, eta bi kirolari hauek 13. eta 29. amaitu dute, hurrenez hurren.
Daniel Milagrosen txanda
Asteazken honetan beste euskaldun baten txanda izango da. Daniel Milagros iruindarrak Euskal Herrian tradizio gutxi duen diziplina batean parte hartuko du: abiadura patinajea izotz gainean.
Milano Speed Skating Stadiumean lehiatuko da, 1.000 metroko proban, 18.30etik aurrera. Aipatu behar da nafarrak duela bi urte eman zuela saltoa gurpiletik izotzera, baina, hala eta guztiz ere, munduko 76. tokian dago.
Ostegunean Lucas Eguibar eta Alvaro Romero snowboarder-en txanda izango da. Donostiarrek entrenamendua izan zuten astelehenean, eta biek pozik amaitu zuten elurrarekin izandako lehen kontaktua.

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»
