
CCOOk epai berri baten berri eman du, zeinaren bidez baliogabetu egin den, lehen instantzian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Administrazio Orokorreko teknikariaren lan eskaintza publikoan eskainitako plaza guztietan hizkuntza eskakizuna. Deitutako 34 plazen % 100ean, HE4-C2 maila baldintza zen plaza horietara iritsi ahal izateko.
Sindikatuak «hizkuntza eta lan-eskubideak guztiz bateragarriak» direla adierazi du, baina hau «proportzionaltasun soziolinguistikoak errespetatuta» izan behar duela gaineratu. CCOOk ohar batean nabarmendu duenez, errekurritutako EPEak (34 lanpostuen % 100) eta lanpostuen zerrenda osoak (2.000 lanpostu baino gehiagoren % 98,70) «nahitaez bete beharreko indizea» gainditzen zuten.
«Administrazio orokorreko teknikarien lanpostuei dagokienez, Foru Gobernuak HE4-C2 eskatzen du plantillako 81 postuen % 100ean. Nahiz eta horien % 70ek beste TAG batzuekin batera lan egiten duten atal edo zerbitzu berberetan, horrela bermatuta dago funtzionamendu elebiduna, guztiei hizkuntza-eskakizunik eskatu gabe», gehitu du sindikatuak.
«Euskal administrazio gehienek HE3-C1 eskatu izan dute unibertsitate-gradua behar duten lanpostuetan, hala nola euskaraz irakasten duten unibertsitate irakasleen kasuan. Soilik 7.000 pertsonak egiaztatu dute HE4-C2 maila EAEn, eta hizkuntza-profesionalentzat izan beharko luke, beste lanpostu batzuetara zabaldu gabe, administrazio batzuetan gertatzen den bezala», argudiatu du euskara eskakizunen kontrako hainbat helegite ezarri dituen sindikatu honek.
Sindikatuak salatu duenez, «administrazio batzuek behin eta berriz urratzen dituzte Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-araudia eta langileen lan-eskubideak». Sindikatuaren iritziz, euskal administrazioek «hizkuntza-eskakizun masiboa eta EPEetan neurriz kanpokoa egiten dute, langileei euskara ikasteko baliabide eta bitarteko nahikorik eman gabe».
Horrela, «euskara ikastearen kostua pribatizatu» egiten dela deitoratu du eta «langileen diruaren eta denboraren gain» jartzen dela gehitu, «gizartean arrakala handia sortuz».
«CCOOk politika alternatibo bat defendatzen du, euskaltegien doakotasunean oinarritua, bitarteko langileentzat eta azpikontrata pribatuentzat ere liberazioak, makro azterketarik gabeko akreditazio-modu berriak, eta ahozkoak bakarrik diren eta ulermen hutsekoak soilik diren profilen aintzatespen ofiziala», aldarrikatu ditu.
Kontseiluaren salaketa
Euskararen aurkako epai berri honen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak irmoki salatu du auzitegiaren erabakia: «Diputazioaren funtzionamenduan eta zerbitzu publikoetan euskararen sustapena eta normalizazioa kaltetuko ditu, eta herritarren eskubideen urraketak betikotu».
Kontseiluaren ustez, botere judizialak hizkuntza-politika egiteko eskumena «bereganatu eta baldintzatu» nahi du, euskara gaztelaniarekin parekatu nahi izatea «gehiegizkotzat joz» eta «euskara eta euskaldunak gutxietsiz».
Era berean, ohartarazi du euskararen egoera «kinka larrian» dagoen momentu honetan, «oso kezkagarria» dela erabaki honek eragingo dituen «atzerapauso eta arriskuak».
Administrazio publikoko langile guztiak elebidunak (euskara eta gaztelania, biak jakitea) izan behar direla aldarrikatu du Kontseiluak, herritar guztien eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko bide bezala. Horretarako, gogora ekarri du 15 urtean administrazioa euskalduntzeko euskal gehiengo sindikalarekin batera adostutako proposamena.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»
