Ines Paperten izena eskaladaren arlo ezberdinen eta alpinismoaren historiarekin erabat lotuta dago. Bi hilabete barru 52 urte beteko dituen protagonista alemanak urrezko pasarteak idatzi ditu. Adibidez, izotz eskaladako lehien munduan erregina izan da. Baina arrokan, izotzean eta mistoan ere ez da besomotz geratu.
M11 maila egiten munduko lehen emakumezkoa izan zen. Mistoarekin jarraituz, ‘Law and order’ bidearen (M13) lehen errepikapena egiteko gai izan zen; hots, munduko zirrikitu gogorrena. Ezin dugu ahantzi ere egin ’Illuminati’-n (M11+, 6+) eginiko lana.
Harkaitzean, berriz, kirol eskaladan 8b+ zailtasuneko ibilbideak kateatu ditu. Eta hormetan, Kapitaineko ‘The Nose’ mitikoa (8b+, 900 m) eskalatzeaz gain, Paineko Erdiko Dorrean kokatuta dagoen ‘Riders of the storm’ (7a/A3, 1.300 m) igo du. Bestalde, Eigerreko iparraldeko horman “Symphonie de liberté”-ri (8a, 27 luze) puntu gorria jarri zion.
Espedizioei dagokienez, besteak beste, Likhu Chuli mendiaren (6.791 m, Nepal) lehen igoera egin zuen. Etena egingo dugu zerrenda horrekin ibilbide luze eta emankor horrek film labur batera eramango baitigu. Outdorreko arropan eta ekipamenduan lan egiten duen Arc´teryx enpresak ekoitzi duen ‘Fifty-Fifty’-ri buruz ari gara. Hamar minutuko dokumental horretan Sarah Hueniken eta Papert bera protagonistak bihurtzen dira. Hots, 50 urte bete dituzten mendi gidariak eta izotz eskaladan espezialistak handiak.
Ekoizpen horretan hausnarketa sakona egiten dute denboraren poderioz eskaladarekin izan duten harreman aldaketaz: ‘Duela 25 urte baino indartsuagoak gara’. Esaldi horri azpimarra jartzen diote, eta hura indartzeko esperientziak eta hausnarketa pertsonalak egiten dituzte. Guztiak ala guztiak partekatuta. Ohartzen dira adinean aurrera egin dutela, lehentasunak aldatu direla eta aukerak bai ala bai aprobetxatu behar dituztela. Finean, ‘Fifty-Fify’ eskarmentua eta perspektiba elkar lotzen dituen obra bat da. 50 urterekin izotz eskaladarekin duten zaletasunari eutsi diote, baina adinak eskaini dien beste ikuspuntu batekin; izan ere, adinak bigarren maila batean kokatzen dute: «Pribilegioa da zahartzea».
Norvegia
Nahiz eta 52 urte betetzeko denbora gutxi falta zaion, Papertek motibazio berarekin jarraitzen du. Horren isla da Norvegiara egin duen azken bidaia. Jakina, izotz eskaladako jarduerak izan ditu oinarri. Herrialde horretara iritsi bezain pronto, lehen egunean izotzezko zutoin eder bat eskalatu zuen: «20 metro baino ez ditu, baina baldintza bikainak zituen. Bertako eskalatzaileekin M5 eta WI6 maila duen ‘Is Kaffe’ eskalatu nuen».
Beroketa lan horiek egin eta gero, alemanak abentura gehiago nahi zuen, eta horretarako marra berri bat sortzeko lanetan buru belarri jarri zen: «Benetako abentura alpinoa izan zen. Eiskedalen ‘Orions belte’ bide berria zabaldu genuen. Itsasoan bertan hasi eta mila metro eskalatu ondoren gailurrera iritsi ginen. Zailtasunean ez da oso zaila, baina eskalada oso dibertigarria du. Izotzean soilik luze tente bat du, eta batez ere korridore ezberdinetatik igo ginen. Jarduera horretan ere baldintza oso egokiak izan genituen; azken elurte gogorra duela hilabete bat bota zuen».
Etxera itzuli aurretik, Papertek esplorazioarekin jarraitu zuen. Eta zalantzarik gabe, emaitza ederra erdietsi zuen: ’Gjolatappen’ bidearen (WI5+, M7+, 190 m) lehen igoera. Eskalatzaileak dio eskalatu duen ibilbide onenetakoa izan dela: «Top 10ean sartuko nuke. Zoritxarrez, ez nuen kateatzeko aukerarik izan. Bidearen giltzan nengoenean, erorikoa izan nuen arroka solte batzuk ukitu eta gero. Ezustekoa atzean utzi eta marra berria amaitu nuen. Beste behin, Norvegiak ez nau dezepzionatu. Are gehiago esango nuke: hango izotz eskaladarekin erabat harrapatuta nago. Oso eskertuta nago bikingoekin bizi izan ditudan eskarmentu berriekin».

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»
