
‘Monzon-Ganuza, Euskal Utopikoei Saria’ Miguel Castells Artetxe abokatuari emango diotela iragarri dute Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak. Prentsaurrekoa Bergaran, Olaso Dorrean, eskaini dute Gorka Artola alkateak eta Irati Jiménez Fundazioko presidenteak.
Artolak gogorarazi du sariak Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza omendu nahi dituela, «askatasunaren aldeko borrokan elkarrekin egin zuten ibilbideagatik». Udalaren eta Olaso Dorrea Fundazioaren hitzetan, «utopia ez da helmuga bat, egunero bidean jarraitzera bultzatzen gaituen horizontea baizik».

Horregatik, 2021etik gaurdaino, sari honek bizi osoa Euskal Herriaren, euskararen eta euskal kulturaren alde eman duten pertsonak omentzen ditu. Urtero, sarituak euskal artista gazte baten obra jasotzen du.
«Erreferentziazko legelaria»
Edizio honetako hautatua, Miguel Castells, Euskal Herriko legediaren historian erreferente bihurtu den abokatua da. Busturian jaio zen 1931n, eta gaztetatik bizi izan zuen injustiziaren errealitatea: ama bost urterekin hil zitzaion, eta Terueleko bataila galdu ostean, aita kartzelaratu egin zioten.
1956tik aurrera abokatu aritu da, eta ordutik «ahulen alde lan egitea» hartu zuen konpromiso pertsonal eta profesional gisa. 1960ko hamarkadan, ETAko auzipetuen defentsarako taldeak antolatzen lagundu zuen, eta 1970eko Burgosko Prozesuko abokatuetako bat izan zen.
Bere ibilbidean nabarmenak dira, besteak beste, ‘Txiki’-ren testamentu politikoa 1975ean Modelo kartzelatik Euskal Herrira ekarri izana’, Amnistiaren Aldeko Batzordeen sortzaileetariko bat izatea, 1983an urtebeteko espetxe zigorra jasotzea ‘Punto y Hora’ aldizkarian tortura eta hilketa zigorgabeak salatzeagatik, eta auzia 1992an irabaztea Europako Giza Eskubideen Auzitegian. Halaber, euskal errefuxiatu deportatuen babes politiko eta juridikoan lan handia egindakoa da eta 60 urtez jardun du ofiziozko abokatu gisa. Azken zeregin hori burutu izanagatik 2020an Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren kondekorazioa jaso zuen.
Jiménezek nabarmendu du Castells «erreferentziazko legelaria» dela, eta bere irizpide juridikoak gaur egun ere unibertsitateetan erabiltzen direla. «Behartsuen aldeko konpromiso etikoari» eutsi izan diola azpimarratu du.
Sari banaketa ekitaldi irekia martxoaren 10ean egingo dute, 18.30ean, Bergarako Seminarixoan.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza
