Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Kulturgileen baldintzak hobetzeko «neurri sendoak» eskatu ditu EH Bilduk Gasteizko Ganberan

Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak artistek eta kulturako sortzaileek bizi duten prekaritatearekin amaitzeko «politika publiko berriak pentsatu behar» direla adierazi du Gasteizko Parlamentuan. Berak aurkeztutako ekimena ez da onartu, baina gobernukideen osoko zuzenketa onartu du Ganberak.

Josu Aztiria legebiltzarkidea ostegun honetako osoko bilkuran.
Josu Aztiria legebiltzarkidea ostegun honetako osoko bilkuran. (Raul BOGAJO | FOKU)

Sortzaileak «kulturaren azpiegiturako langile» direlako eta «euskaran eta nazio eraikuntzan kultur azpiegitura sendoa behar» delako, EH Bilduk kulturgileen lan baldintzak duintzeko ekimena aurkeztu du ostegun honetako Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkuran.

Josu Aztiria legebiltzarkideak jakinarazi duenez, Euskal Herriko kulturgile eta sortzaileekin egindako hainbat ikerketa berrik adierazi dute artistek beraien lanagatik jasotzen duten ordaina bizitzeko beharrezkoa denetik «oso azpitik» dagoela. Hortaz, jardun artistikoa uztea pentsatu dute, egiten duten lanaren eta jasotzen dutenaren artekoan dagoen desberdintasunagatik, Aztiriak azaldu duenez.

Profesionalizazio maila ere «oso baxua» dela ohartarazi du. Siadeco Ikerketa Elkarteak egindako ikerlan baten emaitzak aipatu ditu. Honen arabera, artisten %20 bizi da soilik sorkuntzan egiten duen lanera dedikatuta, %30ek beste lanbide batekin uztartzen du eta erdiek beraien denbora librean garatu behar dute lan artistikoa.

Beraz, artistei eta euskaraz kultura sortzen dutenei «gutxieneko segurtasun bitala ematea ezinbestekoa» dela uste du EH Bilduk. «Are gehiago Adimen Artifizialaren garaiotan», adierazi du Aztiriak. Deitoratu duenez, «ez du mirari teknologiko batek sortu, sortzaileen testuen eta lanen espoliotik sortu da, teknoligarkek gure lurretan dituzten datuen zentroen bidez».

Horren aurrean kritikatu duenez, «burujabetza teknologikoan aurrera egin nahi ez dugunez, gutxienekoa sortzaileen baldintzak hobetzea da». «Sortzaileak entzun eta zaindu behar dira eta hori ekimen legegileekin egiten da», esan du.

Hiru eskaera egin dizkio Lakuako Gobernuari. Batetik, langile hauen «egonkortasuna bermatzeko» lege proiektu bat aurkeztea 2026ko lehen seihilekoan. Bigarrenez, partaidetza prozesu bat hastea sortzaileekin. Azkenik, Nafarroako Gobernuarekin koordinazioa indartzea, bertako Parlamentuak zentzu honetan joango den lege bat aurrera eramatea eskatu baitio Maria Chiviteren Gobernuari.

Zuzenketa

EH Bilduren mozioa ez da onartu. Horren ordez, EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketaren alde bozkatu du Gasteizko Legebiltzarrak. Talde horien babesarekin EH Bilduren, Sumarren eta Voxen aurkako botoekin eta PPren abstentzioarekin onartu da. Honekin Gasteizko Legebiltzarrak Lakuako Gobernuari eskatzen dio foru aldundiekin «elkarlanean jarraitzeko» eta «sektorearen inguruabarrak ulertzen dituen eta horren bultzadaren aldeko zerga sistema bat eratzeko».

Gainera, «sektoreari laguntzeko sistema sendo bat, bai eta kulturaren eta sorkuntzaren arloko profesionalen sare sendo eta planifikatu bat ere, etorkizunera bideratua» bultza dezala eskatu dio, besteak beste.

Garikoitz Mendizabal EAJko legebiltzarkideak adierazi duenez, artisten eta sortzaileen kalitatea eta irismena kontuan hartu behar da eta «zerga sisteman eman diren aldaketekin Europako herrialde punteroa da Euskadi». Horrekin, Lakuak artistekiko babesa handitzeko neurriak hartu dituela ziurtatu du.

Gaineratu duenez, bere ustez «ez da egia» prekaritatean kalitate gutxiagoko lanak sortzen direnik. «Dibertsifikatzen jakitea ona da artista sena galdu gabe», esan du, beste lanbide bat izatea «ez dela drama bat» adieraztearekin batera.