NAIZ

Astebetean hainbat gizonek lau eraso matxista egin dituzte Zornotzan

Elkarretaratzea egin dute Zornotzan astebetean lau eraso matxista eman direla salatzeko: batzuk jai giroan eman dira, emakumeen aurka; beste bat adin txikikoen aurkakoa izan da. Deitoratu dute erasoen aurrean jendarteak zein poliziak agertutako utzikeria.

Ostiral honetan Zornotzan egin duten elkarretaratzea.
Ostiral honetan Zornotzan egin duten elkarretaratzea. (Raul BOGAJO | FOKU)

Astebetean herrian lau eraso matxista eman direla salatzeko elkarretaratzea egin dute Zornotzan. Euripean batu dira mugimendu feministak deituta, «nazkatuta» daudela adierazteko. Erasoetako batzuk larunbatean jazo ziren, jai giroan bi gizon hainbat emakume jazartzen ibili baitziren. Beste bat egun argiz gertatu zen, parke batean gizon bat adingabeen aurrean masturbatzean. Mugimendu feministak gogor kritikatu du inguruan zeuden helduek «ezer ere egin ez» izana.

Salatu dute egunotakoak ez direla gertakari isolatuak, «gizartean ezarrita dagoen sistema heteropatriarkalaren ondorio zuzena» baizik. Azpimarratu dute indarkeria sexuala erabiltzen dela «emakumeok eta gorputz eta identitate disidenteok kontrolatzeko, menperatzeko eta gureak ere badiren espazioetatik kanporatzeko».

Mugimendu feministak azaldu du larunbatean herrian egon zen jaialdian bi gizon hainbat emakume jazartzen ibili zirela, behin eta berriro. Nabarmendu dute jazarriek joan behar izan zutela jai gunetik haien burua babesteko, ez erasotzaileek. «Hori ere indarkeria da, hori ere kanporatzea da, hori ere gure herriaz, gure jaiez eta gure bizitzez gozatzeko eskubidea lapurtzea da», salatu dute.

Era berean, nabarmendu dute jazarriak izan ziren emakumeek mugimendu feministara jo izana babes bila, eta ez Poliziarengana: «Ez zuten salaketarik jarri badakigulako zer gertatzen den salatzen dugunean». Azaldu dute erreakzio horrek errealitate «gogor» bat uzten duela agerian: «Ez dugu konfiantzarik polizian, ez dugu konfiantzarik justizia-sisteman».

«Ez gaituzte babesten»

Horrela, poliziari zein justizia-sistemari behar bezala ez jokatzea leporatu diete: «Ez gaituztelako babesten. Zalantzan jartzen gaituztelako. Biktimizazio bikoitza eragiten digutelako. Ez dituztelako prozesu seguruak bermatzen, ez dutelako erreparaziorik eskaintzen».

Azaldu dutenez, ordea, larunbatekoak ez dira izan asteon Zornotzan jazo diren eraso bakarrak. Izan ere, astelehenean, Zubiondo parkean, gizon bat haur eta adingabeen aurrean masturbatzen aritu zen. Kasu honetan erasoa pairatu zutenek, haurrek, deitu zuten Polizia. Mugimendu feministak deitoratu du bertan zegoen jendearen jarrera: «Inguruan zebiltzan helduek ez zutelako ezer egin».

Halaber, azaldu dute Poliziak erasotzailea identifikatu bazuen ere, ez dutela gizon horren aurkako beste neurririk hartu eta gaur egun «lasai» dabilela herritik. «Zertarako balio du salatzeak, ondoriorik ez badago? Zertarako balio du Poliziari deitzeak, ez badute ezer egingo eraso hori berriro gerta ez dadin?», galdegin dute.

Hori dela eta, instituzioei eta jendarteari leporatu diete erasotzaileak babestea eta eraso matxistak normalizatzea. Horren artean, autodefentsa feminista aurkeztu dute alternatiba gisa. «Zaindu dezagun elkar, sinistu diezaiogun eraso bat jasan duela esaten digun lagunari, egin dezagun zerbait kalean goazela eraso bat ikusten dugunean», deia zabaldu diete herritarrei.