Arnaitz Gorriti

«Bertigoa» eta «harrotasuna» Jaume Ponsarnauren ACB Ligako 500. partidaren bezperan

Manresa, Zaragoza edo Gipuzkoa Basket talde txikietan aritu da, Valentzia Basketekin ACB Liga irabazi du laguntzaile postuan eta Eurocupa aurreneko entrenatzaile gisa, eta Bilbao Basketen aurreneko garaikur handia berarekin iritsi da. Bilbon Katsikaris harrapatzeko puntuan dago Tarregako semea.

ACB Ligan eta Europan, Bilbao Basketen historian ere lekutxoa egin du Jaume Ponsarnauk.
ACB Ligan eta Europan, Bilbao Basketen historian ere lekutxoa egin du Jaume Ponsarnauk. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Entrenatzaileek beti esan ohi dute ekipajea erdi eginda izan behar dutela eta bi motako entrenatzaileak baino ez daudela: talderen batetik bota dituztenak eta oraindik bota ez dituztenak. Baina Jaume Ponsarnau, inurriaren moduan, ACB Ligako partidak pilatzen ari da bere curriculumean: orotara 499, 2007/08 denboraldian Manresarekin LEB Ligatik igo eta mailarik gorenean debuta egin zuenez geroztik.

«Bertigoa ematen du halako kopuruetara iristea, baina harro egoteko modukoa da ere», onartu du Ponsarnauk berak ostiral honetan astero eman ohi duen prentsaurrekoan. «Honaino iristen jende askori zor diot esker ona, baina era berean, badakigu hemendik aurrera jarraitzeko ilusioa eta eguneroko lana ezinbestekoak izango direla», laburbildu du entrenatzaile katalanak.

Igande honetan 18.00etan Miribillan bostehungarren partida jokatuko du Tarregako entrenatzaileak, eta euskal derbi bat izan behar: Saski Baskoniaren aurka jokatu beharrekoa, hain zuzen.Debuta egin zuenean 40 urte ere ez zituen Tarregako gizon lasai honek eta apirilean 55 beteko ditu. Manresako harrobiari lotuta zegoen gizonak Manresan ez ezik, Zaragozan, Valentzian, Donostian eta Bilbon ere bete ditu entrenatzaile lanak, ez beti zorte berberarekin, eta bere lorpenen zerrenda begiratzeko tartea hartuz gero, errespetua sartzen du pazientzia oso nekez galtzen duen morroi honek: LEB Ligako txapeldun 2006/07an Manresarekin, Eurocupeko txapeldun Valentzia Basketekin 2018/19an, 2025eko FIBA Europe Cup txapelketa Bilbao Basketekin; laguntzaile lanetan, berriz, ACB Liga irabazi zuen 2016/17an Pedro Martinezen aginduetara Valentziarekin; 2017/18ko Superkopa Valentziarekin baita ere, baina Txus Vidorretaren laguntzaile postuan; Espainiako selekzioarekin, 2015eko Eurobasketeko urrezko domina –Sergio eta Scariolo eta Txus Vidorretarekin batera–, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina –Scariolo eta Vidorretarekin– eta 2013ko Eurobasketeko brontzea –Juanan Orengaren aginduetara–.

Bilbao Basketera 2022/23 denboraldian iritsi zen, Alex Mumbruk lagatako hutsunea betetzeko. Bai bete ere! Orotara 181 partida zuzendu dizkio talde bilbotarrari, ACB Liga eta Europako lehiaketak aintzat hartuta. Ondorioz, Mumbru gainditu du aspaldi eta Txus Vidorretaren 214 partidak oraindik urrun xamar egon balitezke ere, Fots Katsikarisen 183ak bertan ditu entrenatzaile katalanak.

Eta hala ere isilean pasatzen den entrenatzailea da Tarregako semea. Agian bere izaera apalagatik? Agian ACB Ligan gehiagotan galdu duelako –291– irabazi –208– baino? Noiz bihurtzen da bat talde bateko entrenatzaile. Laugarren urtea ari da betetzen Ponsarnau Bilbon, «euskal herrian oso gustura» aurkitzen den tipo normala, Donostian zorterik izan ez bazuen ere –kobratzeko arazoak bai, ordea– Gipuzkoa aldean ere bere kasa lasai asko moldatu baitzen.

Ezin dezakegu esan zaleak pozarren jarri zirekin Ponsarnau Bilbora zetorrela jakitean, ez baita gizon karismatikoa, ezta inondik ere, are gutxiago Alex Mumbrurekin konparatuz gero. Ezin esan emaitzek zaleak oro har limurtu dituenik, ez bada iazko FIBA Europe Cupeko finalerdietaraino.

Dijonen aurka 77-58 galdu zuten beltzezko gizonek eta galdutzat jotzen zen kanporaketa hura, urtebete lehenago Chemnitz talde alemaniarraren aurka gertatu zitzaion moduan, Bilbao basketek finalera iristeko atarian amore eman behar. Baina hara non partidako azken sei minutuetan markagailua 64-56 izatetik 97-68 izatera pasa zen, 33-12ko partziala edo Zoran Dragic hegaleko esloveniarrak esanda bezala, «kanporaketa irauli zuen bonba atomikoa».

Pozarren zen Jaume Ponsarnau 2025eko apirilaren 2ko gau luze hartan, prentsa aretoan. Baina harrigarriena ez zen markagailua iraultzea izan bakarrik, «Hirukoa» kirol lagunarteko kideak prentsaurrekora nola sartu ziren ikustea baino. «Jaume Ponsarnauren mutilak gara» abesten sartu ziren, aurren entrenatzaile katalana zaleen artera eskerrak ematera eta garaipena elkarrekin ospatzera joan ostean.

Hiru urte zeramatzan Ponsarnauk Bilbao Basketeko entrenatzaile postuan ordura arte, baina egun hartatik aurrera beltzezko gizonak «Jaume Ponsarnauren taldea» bihurtu zen, inolako zalantzarik gabe, Donostian edo bere garaian Valentzian jokalari txoriburu zenbaitekin izan zituen arazorik gabe.

«Bilbao Basket nire oraina da, baina era berean gauza handia da Katsikaris baten parera iristea», onartu du Tarregako semeak.

Lau luzapen

Hala ere, «orain baino ile gehiago» zueneko partida bat izan du gogoan Ponsarnauk ACB Ligako bere 499 partida horiei so egindakoan: «Bartzelonaren aurka lau luzapen eta gero (!) irabazi genuen hura. Bistan da mila gauza oker egin genituela, baina mila eta bat zuzen egitea lortu genuenez, horregatik irabazi genuen», adierazi du.

2009ko martxoaren 22 zen eta Ricoh Manresa hark Xavi Pascualek zuzentzen zuen Barça hartu zuen menpean: 122-117. Guillem Rubiok 34 puntu eta 7 errebote pilatu zituen eta artean 19 urte baino ez zituen Serge Ibakak –2019an NBAko txapeldun eraztuna jantziko zuen Toronto Raptors taldearekin– 15 puntu eta 14 errebote, aurrean Navarro, Ilyasova, Fran Vazquez, Jaka Lakovic, Basile, David Andersen edo Daniel Santiago izan arren.

«Egun hartan denetarik jazo zen. Hori bai, arroza jatea nahi izan zuten horiei behar baino gehiago egosi zitzaien. Ahaztezina izan zen», gaineratu du patxadatik eta lasaitasunetik karrera sendo bat eratzea lortu duen entrenatzaile honek.