Andoni Arabaolaza

Eskaladaren komunitate estatubatuarra gogor azaldu da ICEren aurka

Joan den urtarrilaren 30ean deitutako grebaren eta protesten harira, makina bat rokodromok ateak itxi zituzten. Hortaz gain, zenbait eskalatzaile profesional ez dira isilik geratu eta Donald Trumpek sortutako biolentzia egoera salatu dute.

Anna Hazlett eskalatzaile profesionala gogor azaldu da ICEren aurka.
Anna Hazlett eskalatzaile profesionala gogor azaldu da ICEren aurka. (Anna Hazlett)

Hilabete batzuk dira Ameriketako Estatu Batuetan giroa zakartu denetik. Azken bolada luze honetan, adibidez, Donald Trumpek migrazioaren aurka bultzatutako jarrerak eta sortutako biolentziak protagonismo berezia izan dute. Horren isla da batez ere Minnesotako atxiloketak eta hilketak.

Gobernu estatubatuarrak sortutako biolentzia egoera horren aurka olatu handi bat eratu da. Hain zuzen ere, ICE-ren (inmigrazioa eta aduanak kontrolatzen dituen agentzia) poliziak indarrean duen jarrera oldarkorraren aurkako ahotsak eta mobilizazioak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira gizartearen arlo guztietan. Eta eskaladaren komunitate estatubatuarra ere ez da isilik geratu testuinguru politiko hori salatzeko.

Urtarrilaren 30ean, ICEren gehiegikerien eta gobernuaren biolentziaren aurka greba zein protesta eguna izan zen. Mobilizazio horiekin, adibidez, bat egin zuten herrialdeko rokodromo ugarik. Kaliforniako Touchstone Climbing-ek dituen hamazazpi aretoek geldialdia egin zuten. «Jarrera aktiboa hartu dugu ICEren aurkako greba orokor nazionalean. Bide batez, biolentzia eta migranteen kontra beldurra eta mina sortzen dituzten politikak gaitzetsi nahi ditugu».

Jakina, Kaliforniako rokodromo horien erabakiekin bat beste ‘kide’ batzuek egin zuten. Colorado, Wisconsin, Iowa, Minneapolis… zerrenda oso luzea da. Eskalada areto batzuek, berriz, erabaki ezberdina hartu zuten. Ateak zabaldu zituzten, baina egun horretako diru-sarrera guztia irabazi- asmorik gabeko elkarte Askatasun Zibilen Batasun Amerikarrari (ACLU) eman zioten.

Rokodromoez gain, Kilter eta Tension Climbing enpresek bide bera hartu zuten. Entrenamendurako ekoizten dituzten taulen enpresa horiek ateak itxi zituzten: «Ez dugu uste eskalada politikatik at utzi behar denik. Eta horregatik ezin dugu ez ikusiarena egin Ameriketako Estatu Batuetan bizi dugun egoera lazgarriaren eta egungo erregimenaren aurrean. Eskalada erabat lotuta dago politikarekin; izan ere, jarrera politiko askok gure bizitzan eragin zuzena dute».

Eskalatzaileak

Eskaladarekin lotutako enpresa ezberdinek greba eta mobilizazio egun horretarako hartutako jarrerekin ere eskalatzaileek bat egin zuten. Horien artean aipagarriak dira profesionalen iritzia. Tommy Caldwell horietako bat da. Eskuarki ez du publikoki politika gaietan adierazpenik egiten eta jorratzen ari garen gaia ez du zehatz salatu. Halere, azken sei hilabeteotan bere herrialdean bizi den egoera politikoaren inguruan aipamenik ez egiteagatik barkamena eskatu du: «Eztabaidek maiz batu ordez, norbanakoak zatitzen ditu. Egoera zehatz honetan isiltasunak antza handia du biolentziarekin. Jarrerarik ez hartzeak neutraltasuna hausten du, eta epeltasunera batzen da».

Caldwellek sare sozialetan argitaratutako hitzei iruzkina egin die Hazel Findlay eskalatzaile britainiarrak: «Pena hartu dut Alex Honnoldek Taipei 101 eraikina eskalatu zuenean, ez zuelako “Fuck Trump” leloarekin
pankarta bat zabaldu».

Amaitzeko, Anna Hazlett Caldwell baino gogorragoa zein zuzenagoa izan da bere adierazpenetan: «Hitz hauek ez dira ICE babesten duten nire jarraitzaileentzat. Bat egiten dut greba egunarekin. Ez dut nahi nire eskaladek faxistak alai ditzaten».