
Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak 22-15 menderatu dituzte Iker Larrazabal eta Iosu Eskiroz Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta garaipen horri esker laugarren amaituko dute Binakako Txapelketaren lehen ligaxka, postu horrek dakarren saria eskuratuz: bi aukera izango dituzte finalerdietan sartzeko.
Lehen aukera, datorren ostegunekoa: hirugarren izan diren Zabala eta Martijaren kontra jokatuko dute Tolosan, irabazlea finalerdietan izango da. Partida hori galduz gero, bigarren aukera bat izango lukete igandean, Arrasaten.
Iker Larrazabal eta Ion Mariezkurrenari, aldiz, bidea zaildu egin zaio gaurko porrotarekin. Finalerdietan egon nahi badute bi partida irabazi beharko dituzte jarraian 48 ordu baino gutxiagoan: aurrenekoa ostiral gauean Zornotzan Jaka eta Iztuetaren aurka, eta bigarrena igande arratsaldean Arrasaten osteguneko galtzailearen kontra.
Mariezkurrenaren hutsuneak dena aldatu du
Espero zen bezala, aurreko jardunaldian eskuan min hartu zuen Jon Mariezkurrenaren hutsuneak erabat aldatu du gaurko dema Donostian. Edozein atzelarik, are gehiago Joseba Ezkurdiak, asko sufritzen du Mariezkurrenaren joarekin. Iosu Eskiroz bere ordezkoak, aldiz, ez du gaitasun hori, eta arbizuarrak askoz erosoago jokatu ahal izan du airez.
Hasieratik ikusi da joera hori. Gorriak 4-0 aurreratu dira hiruzpalau minutu eta apenas 23 pilotakadatan. Lehen tantoan Eskirozi pilota zabalera joan zaio, eta hurrengo hirurak Larrazabalen opariak izan dira: kanpora bidalitako sakea, defentsan gaizki jotako pilota eta txapara bidalitako beste bat.
Hasiera hotz horretan gorriak ere nahastu dira apur bat, eta 4-4 parekatu da markagailua Ezkurdiaren eta Altunaren huts batzuk tarteko. Baina erreakzioa ere azkarra izan dira eta Jokin Altunaren erremate sorta eder batekin berriz ere aldea lau tantora zabaldu dute (8-4).
Urdinek sakea berreskuratu dute Larrazabalen pilotakada bikain bati esker, baina jarraian beste huts handi bat egin du aurrelari arabarrak, sakez pasa eginda. Eta hortxe apurtu da norgehiagoka, gorriek sei tanto jarraian egin dituztelako, 8-5etik 14-5era, beste munduko esfortzurik egin gabe.
Emozio apur bat nahi, baina hori ere ez
Normala den moduan, Atanoko ikusle neutralek emozio apur bat nahi zuten, baina hori ere ez dute izan. Altuna eta Ezkurdia 21-11 joan dira markagailuan eta puntua eskura izan dute uneoro.
Azken txanpan saiakera txiki bat egin du Iker Larrazabalek, bi erremate bikain sinatuz: 21-13koa txokoan egindako dejada eder batekin lortu du eta 21-14koa gantxo azkar bati esker. 21-15ekoa ere iritsi da Ezkurdia eraman ezin izan duen pilota batean, baina Larrazabali kanpora ihes egin dion pilota batekin amaitu dira urdinen aukerak.
«Partida ixtea kosta egin zaigu apur bat, baina oso pozik nago egin dugun lanarekin. Bolada txarrak ere izan ditugu txapelketan eta guretzat osteguneko partida jokatzea bera garaipen bat da. Badakigu Martijak zer maila ematen duen, Javi ere izar bat da, maila bikainean ari delako denbora luzean, ez hilabete batean bakarrik, baina gogotsu joango gara Tolosara», adierazi du Jokin Altunak neurketa amaieran.
FITXA
Pilotakadak: 480. Partidaren iraupena: 52 minutu. Markagailua: 4-0, 4-4, 8-4, 8-5, 14-5, 14-6, 16-6, 16-7, 18-7, 18-8, 19-8, 19-10, 20-10, 20-11, 21-11, 21-15 eta 22-15. Sakez: 3 Altuna III.ak –pasa bat Larrazabalek–. Jokoan egindakoak: 7 Altuna III.ak, 1 Ezkurdiak, 6 Larrazabalek eta 1 Eskirozek. Galdutakoak: 4 Altuna III.ak, 4 Ezkurdiak, 6 Larrazabalek eta 3 Eskirozek. Gertaerak: Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatutako partida. Lehen sakea, urdin.

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

