Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Andoni Eizagirre, Leyre Arrieta eta Naiara Goia

«Nongoa sentitzen zaren, botoa eta identifikazio partidista dira gakoak»

Demokraziari buruzko iritziak eta jarrerak ulertu eta argitzeko baliagarria da Andoni Eizagirrek (Zarautz, 1979) eta Leyre Arrietak (Mutriku, 1971) koordinatu eta Naiara Goiak (Segura, 1978) zuzentzen duen Arantzazulabek bultzatu duen liburua. Datuak, hipotesiak, erronkak, tresnak...

Leyre Arrieta, Andoni Eizagirre eta Naiara Goia.
Leyre Arrieta, Andoni Eizagirre eta Naiara Goia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Filosofian doktorea eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea da Andoni Eizagirre; Historia Garaikidean doktore eta Deuston irakasle, Leyre Arrieta. Biek koordinatu duten liburu kolektiboa (“Democracia y cultura política. Legitimidad, satisfacción y vinculación afectiva en la CAV”, Catarata, 2025) besapean dakarte. Aurkezpena Donostiako Tabakaleran izan da, eta han egin dugu hiru ahotsetara elkarrizketa.

Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendaria ere lagun dugu lan kolektibo hori aletu eta ulertzen saiatzeko. Ahalegin bikoitz baten fruitua da: alde batetik, iritzi galdetegi bat, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 2.173 pertsonak osaturiko laginarekin; bestetik, 150 pertsonak zenbait eztabaida taldetan parte hartu zuten, eta aditu eta politikariei ere 25 elkarrizketa egin zitzaizkien.

Hasteko, nabarmendu duten kontu bat: «Hiru unibertsitatetako (MU-Deusto-EHU) ikerlariak aritu gara. Espazio komun bat sortzen, marko teorikoa eta metodologiak adosten, galderak planteatzen... Bakoitza bere aitaren eta amaren seme edo alaba da, baina horren bueltan batu gara eta horrek balio handia dauka. Herri honetan inportantea da».

Demokrazia printzipio filosofikotzat hartuta, «herriaren gobernu» esangura horretan alegia, zertan den galdetuta, babes altua duela, bere fruituen poztasuna apaldu dela eta atxikimendu galera orokor samarra dela diozue.

Erradiografia orokor bezala, ados. Ñabardura ere badago: printzipio filosofiko bezala, demokrazia bai, eta ordezkaritzako demokrazia ere bai. Denek onartzen dute badituela gauzak hobetu beharrekoak, baina aukera onena delakoan daude. Baina gainontzean laburpen ona da. Eta demokraziaz galdetzean oso inportantea da hiru dimentsio horietaz aritzea. Zeren herritarrek eurek ezberdin erantzuten dute zuk galdetzen badiezu gobernu formaz edo legitimitateaz, galdetzen badiezu funtzionamenduaz eta errendimenduaz, edo galdetzen badiezu binkulazio afektiboaz.

Baina hori bezain garrantzitsua da jakitea dimentsioetako bakoitzean gizarte sektoreen artean aldeak badaudela. Alegia, bai, poztasuna legitimitatea baino apalagoa da, baina poztasun mailan ere herritarren artean ezberdintasunak daude.

Zeren araberako ezberdintasunak? Jatorria, adina…

Hori da galdera giltzarria. Adibidez, poztasunaren mailan, galde dezakezu zer sentitzen duten gizonek eta emakumeek, eta desberdintasun txiki batzuk badaude. Adin taldearen arabera ere ezberdina da. Eta ikasketa mailaren arabera? Baita ere. Baina gero hiru aldagai horiek gurutza ditzakezu, eta gurutzatu ahala, konturatzen zoaz zer den inportanteagoa. Aldagai demografikoak aipatu ditut, adina, sexua eta ikasketa maila, baina horiei gehitu ahal dizkiezu aldagai aptitudinalak, aldagai politikoak alegia, autoubikazio ideologikoa, nongoa zaren sentimendua eta boto oroimena, eta hor ere berdin: egin daiteke banakako azterketa, eta ezberdina da EAJkoa edo EH Bildukoa izatea, edota eskuinekoa edo ezkerrekoa izatea. Orain, den-dena nahasten badugu, inportanteenak dira nongoa sentitzen zaren eta identifikazio partidista.

«Aldagai demografiko eta aptitudinal denak gurutzatzen badituzu analisi estatistikoen bidez, ikusten da zure jarrera eta iritzietan eragin handiagoa duela nongoa zaren sentimenduak gizon ala emakume izateak baino»

Alegia, euskaldun ala espainol sentitzen diren, euskaldunago espainol baino… eta burua politikoki non kokatzen duen, horiek dira definitzaileagoak, ezta?

Hori da. Eta gero ere badago boto oroimena. Ez dakit zer botatu duzun, dakidana da zer erantzun didazun, boto deklaratiboa, horrekin jokatu behar dut. Aldagai demografiko eta aptitudinal denak gurutzatzen badituzu analisi estatistikoen bidez, ikusten da zure jarrera eta iritzietan eragin handiagoa duela nongoa zaren sentimenduak gizon ala emakume izateak baino, baita identifikazio partidistak ere.

Europan ohikoak dira zuenak bezalako lanak. Eta oso beldurgarriak lerroburuak. «The Guardian» egunkarian irakurri ahal da gero eta gazte britainiar gehiagok «demokrazia alboratu eta diktadoreen alde» egiten dutela; alegia, hauteskundeen «rolloaz» kezkatuko ez den lider gogor baten aukera onesten dutela. Bostetik batek, broma gutxi.

Galdera pertinentea da. Gure inkesta 2023ko otsail-martxoan egindako da. Dena azeleratu da eta oso probablea da aipatzen duzun norabidean mugitu izana. Orduko emaitzetara mugatuta, legitimitate indizea hamarretik bederatzi da. Eta iraunkorra da, alegia, serie historikoak dauzkagu, eta erakusten dute gurean ziklo politiko eta ekonomikoak ez duela eragiten. Eta orokorra da, gizarte segmentu ezberdinetan dauka legitimitate hori.

Hori esanda, xehetasunetara jaitsita, bai ikusten da gizonezko gazteetan adibidez jaitsi egiten dela, hamarretik zortzira. Baina alderantziz ere esan daiteke: gizonezko gazteen artean hamarretik zortzik demokrazia babesten du. Baina hor sintoma bat badago, bai. Segun non jarri nahi den titularra.

Hala eta guztiz ere, Arantzazulabeko galdera horrek badu alborapen txiki bat. Guk galdetzen dugu: demokrazia gobernu forma bezala babesten duzu ala nahiago duzu eredu autoritario bat, edo zu eta zu bezalakoentzat indiferentea da?. Hemen bi ñabardura: bat, gizonezko gazteen artean jaisten denean ez da autoritarismoaren alde egiten dutelako, indiferentzian lerrokatzen dira. Eta nahiago dute jarrera teknokratikoagoa, adituen gobernu formak. Joera ez da autoritarismoaren alde baizik eta indiferentziarantz. Eta gero gu laurok demokrazia babestu dezakegu baina bakoitzak gauza bat ulertzen dugu. Alegia defenda dezaket demokrazia sistema parlamentario bezala, eta zuk ere bai, baina esan dezaket «egoera kritikoetan lider sendo bat demokraziarentzat gauza ona da», eta berak «krisietan adituek erabaki dezatela». Hamarretik bederatzi horretan hori dena sartzen da.

«Europara begiratzen dugunean, konturatzen gara zatiketa politikoa eta parlamentarioa handitzen ari dela; gurean ez, gurean bipartidismoa ari da sendotzen. EAJk merkatu elektoral estua dauka baina EH Bildu gora doa»

Demokrazia kanpo eta barne faktoreek mehatxatzen dute: muturreko partidismoa, zatiketa, lur komun baten gabezia. Instituzioen narriadura eta konfiantzaren higadura geldiezinak egiten dituzte.

Hasi dira agertzen horiek ere. Beste ñabardura bat; Zer ari da gertatzen, bereziki Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban? Europara begiratzen dugunean, konturatzen gara zatiketa politikoa eta parlamentarioa handitzen ari dela; gurean ez, gurean bipartidismoa ari da sendotzen. EAJk merkatu elektoral estua dauka baina EH Bildu gora doa. Adituen ustez, bipartidismoa boto baliodunaren edo parlamentuaren %60 edo gehiago edukitzea da, eta gurean, azken urteetan, bi alderdi horiek kopuru hori gainditzen dute. Baten batek esan dezake, hori guretzat probabilistikoki ona dela, bi alderdi horiek lur komun bat bila dezaketelako. Eta hirugarren batek esan dezake, lehia estua bada, dibergentziak aterako dira. Baina ñabardura garrantzitsua da, arrazoi bategatik edo besteagatik gurean joera bestelakoa da.

Antipolitika ei da gure garaiaren klima. Alanbrearekin lotuta, neurosi sozial batean bizi gara: euskal jendea ez da pobrea; ez, pobreziaren katalogoen arabera, baina, egunero izan daiteke pobre.

Askotan gazteei buruz hitz egiten da, baina iritzi inkestetan, izan demokraziari buruz, izan kultura politikoari buruz, edo Soziometroak egiten dituenetan, badakizu zein adin kohorteetan dagoen jarrera diferentziala? 30-45 urte bitartean.

Egia da gazteei egozten zaiela deskonexio bat, «ateismo demokratikoa» deitzen dutena, agian sistemak ez dielako beren premia batzuei erantzuten, etxebizitza, lana… Kontua, baina, hau da: analisi konparatiboak erakusten dizula lehen ere 18-25 urteko gazte izate horrek bazeukala pisua. Ez dut esaten arreta hor jarri behar ez denik, baina nire ustez aldaketa kualitatiboa 30-45 urte artean gertatzen ari da. Horiek lehendik datorren tradizio batetik datoz, 18-25 urteko beste hauek, ez.

Demokrazia hori ere bada, eraikuntza iraunkorra. Eta horrela ere galtzen da: geldo, ia oharkabean. Demokraziaren itxuraz bere agoniaren aurrean egon gaitezke.

Europan demokraziaren ulermena jorratzeko hiru kategoria erabili dira. Kontzepzio liberala, elektoralista eta soziala. Kontzepzio horien inguruan zuzenean galdetu beharrean, goazen bere osagai zehatzen inguruan galdetzera. Eredu liberala, azken buruan, da botere banaketa, oinarrizko askatasunak… Eta horiek dira demokraziari eskatzen dizkiodanak. Gero eredu elektoralista dago, hauteskunde askeak, lehiakorrak, aniztasun informatiboa, alternantzia... Kontzepzio hori badut, hori eskatzen diot. Eta eredu sozialaren berezitasuna da, demokraziarekin bat egin ahal dudala edo ez, baina eskatzen diodana da emaitza batzuk sor ditzala, besteena gehiago da prozedurak errespetatzea. Ñabardura zergatik den inportantea? Demokraziaren kontzepzio soziala duenak, funtzionamenduari ez ezik, bere errendimenduari ere kontu egiten diola.

Zer ikusi dugu Europan? Orain arte, herritarren iritzietan eredu liberala dela nagusi, nabarmen gainera; bigarren lekuan dago elektoralista, eta hirugarrenean, oso maila baxuan, soziala. Gurean ez. Eredu nagusia liberala da; eta bigarrena, erlatiboki gertu, eredu soziala, eta hirugarrena, elektoralista. Eta horrek inplikazio praktikoak ditu: gure herrian demokraziaren funtzionamendu ona bezain inportantea dela emaitza onak ematea.

Eta bukatzeko, demokrazia dago krisian? Batzuek esango dizute demokraziaren funtzionamendua inoiz baino hobea dela, gardentasuna, lankidetza… Beste batzuek, krisian dagoena ez dela demokrazia baizik eta autogobernu ahalmena. Zeren, hauteskundeak ospatzen badira, botere banaketa baldin badago, kontuak ematen badira, baina ez badaukagu gaitasunik erabakiak hartzeko, eta ez bakarrik Euskal Herri gisa, subjektua den herri bezala, nola konpondu demokraziaren arazoa, globalizazioari, edo ekonomiaren desarautzeari kasu egiten ez badiozu? Demokraziaren eztabaidari ez diozu ganoraz helduko autogobernuaren gakoa sartzeke. Eta bizi bazara herri batean tradizioagatik oso exijentea dena emaitzen aldetik, eta gero ordezkariek hainbat gaitan erabaki gaitasun oso mugatua badute, bada jendeak esango du esango duena.