Rafa Gomez eta Tasio Martin, Paineko Dorreen zeharkaldi osoan
Bikote honek duela pare bat urte Sean Villanuevak eginiko ibilbideari jarraitu dio. Hegoaldeko dorrea, Erdikoa eta Iparraldekoa eta Peineta lotu dituzte lau eguneko eskaladan. Logistikaz gain, Patagoniako kondizioen kudeaketa egin behar izan dute.
Tasio Martin berriro itzuli da Patagoniara. Ibon Mendiarekin iaz eskarmentu aberasgarria eta emankorra izan zuen, eta badirudi erabat harrapatuta geratu zela hango erpin, orratz eta hormekin. Bisita berrian urduñarra zuzen-zuzen joan da Paineko Dorreetara, eta onartu behar zaio Rafa Gomezekin gauzatu duen jarduera bikaina baino bikainagoa izan dela.
Eskalatzaileok dorre horietako zeharkaldi osoa egiteko gai izan dira. Hots, Hegoaldeko, Erdiko eta Iparraldeko dorreak eta Peineta lotu dituzte asko eskatu dien zazpi eguneko jardueran. Horietako lau eskaladan igaro zituzten. Hitz gutxitan esanda, madrildarrak eta bizkaitarrak duela pare bat urte Sean Villanuevak bakarka egin zuen ibilbidearen ('Travesía Doble M' izenez bataiatu zuen) aldeko apustua egin dute. Eta irakurtzen den bezala, emaitza ederra erdietsi dute.
Bederen, Martinek ez du ezkutatu esperientziak ekarritako poztasuna: «Ederra izan da oso. Berezia eta oso intentsoa ere bai». Horiek izan dira eskalatzaile gaztearen lehen hitzak, eta jarraian aurreratu digu helburu erakargarri hori nola sortu zen: «Nik beti egin diet jarraipena Seanek egin dituen aktibitateei eta jarduera ezberdinak egiteko erabili duen filosofia miresten dut. Laburbilduz, inspiratzen nau. Gainera, laguna dut. Zeharkaldia egin zuenean aho bete hortz geratu nintzen. Estetikoa zein agerikoa zen. Dorre guztiak bakarkako estiloan lotu zituen! Ibonekin iaz inguru hartan egon ginenean zeharkaldi hori buruan nuen, eta saiatzeko asmoa ere. Baina eguraldi gaiztoa egin zuen, eta planak aldatu genituen. Xede hori oso errotuta nuen, eta bisita honetan Rafari nire asmoen berri eman nion. Nahiz eta leiho onena ez zuten iragarri eta kondizio egokienak ez zeuden, ausartzeaz gain, erabaki genuen ekinaldi bat egitea Seanek egin zuen norabide berean».
Gomezen eta Martinen harremana duela lau urte sortu zen, Fedme-ren alpinismo taldearen promozioan kointziditu zutenean. Elkarrekin ez dute asko eskalatu, baina arlo guztietan –eskaladan zein bizitzan– feeling berezia mamitu dute, eta egun lagun minak dira. Lotura estu hori, jakina, plus bat da, batez ere kontuan hartzen badugu jarduera zorrotz eta konprometitu bat egin behar zutela.
Motibazioaren eta sasoiaren laguntzarekin, bi gazteok Paineko Dorreen zeharkaldi osoaren lehen urratsa egin zuten. Bi eguneko hurbilketa egin eta gero, Hegoaldeko dorrearen oinarrira heldu ziren. Luze bat finkatu eta bibaka egin zuten. Biharamunean, 'Lungo sogno' bidean sartu ziren: «Italiarren lerro hori oso polita da, eta egun horretan gailurra zapaldu genuen. 'Aste'-tik rappel egin eta arratsaldeko seietan Condor lepoan geunden. Elur pixka bat egin zuen eta haizea altxatu zen. Erlaitz batean toldo batekin –ez genuen dendarik eraman– babestuta gaua igaro genuen. Egun berriarekin Erdiko dorreko 'Kearney-Knight' eskalatu genuen. Informazio gutxi genuen; izan ere, errepikapen gutxi izan ditu. Jarduera osoko lerrorik zailena izan zen. Artifizialeko luzeek denbora eskatu ziguten. Gainera, hotz egiten zuen. Zalantza batzuk sortu ziren, baina aurrera jarraitu eta gaueko bederatzietan goitik atera ginen».
Bigarren dorrea sinatu bezain pronto, 'Bonington'-etik rappel egin eta Erdiko eta Iparraldeko dorreen arteko lepora iritsi ziren gauerdian. Haizeteek ez zieten ongietorri berorik egin. Gainera, bibak deserosoa zuten aurretik, besteak beste, lagun bakar batentzako lekua baino ez baitzegoen. Lau ordu eskas lo egin, goizeko 05.00etan altxatu eta jabetu ziren kondizio txar horiekin ezin zutela eskalatu. Haizetik babesteko, mendebaldera rappel egiteko erabakia hartu zuten. Hala, leku txukun batean igaro zituzten eguna eta gau osoa.
Beste bi
Biharamun atseginagoa izan zuten. Lepora igo eta Iparraldeko dorreak duen 'Monzino' klasikoa igo zuten: «Zeharkaldiarekin jarraitu eta gailur sekundarioa zen hurrengo xedea. Puntu horretatik iparraldera begira jarri eta jaitsi egin ginen. Haizeteek eragozpenak sortu zituzten rappeletan, baina lortu genuen Peinetaren oinarrira iristea. Haizearen indarra ez zen baretu. Alabaina, gai izan ginen zabaldu berri duten 'Puro filete'-tik igotzeko. Rappelatu eta Paineko Dorreen zeharkaldi osoa erdietsi genuen».
Martinek aurreratu bezala, skyline zorrotz horretan ez zituzten guztiz klima eta kondizio onak izan. Bederen, Hegoaldeko eta Erdiko dorreak igotzeko eta jaisteko eguraldia lagun izan zuten. Hotza bai, baina prezipitaziorik ez. Kontuan hartu behar da bi gailur horiek direla zeharkaldiko zailtasun handienak eta konprometituenak. Ondoren, haizeteak zirela-eta, egun bat eskalatu gabe egon ziren, eta, Iparraldeko dorrea eta Peineta eskalatzeko, klima makurra kudeatu behar izan zuten.
Irakurtzen den bezala, izaera horretako zeharkaldiak egiteko, osagai asko hartu behar dira kontuan. Klimaz eta kondizioez gain, estrategia, logistika, zailtasun teknikoak… ez dira lapiko horretatik kanpo geratzen. Urduñarrak dio, oro har, elkarren artean dagoen kimika izan dela arrakastaren giltza: «Eskalatu ditugun bideen artean, 'Kearny-Knight' da teknikoki zailena. Horrez gain, hotza eta haizeteen eragina kudeatzea ez da batere samurra izan. Rappelak ondo bideratzeak eta sokak ez trabatzeak garrantzi handia izan dute. Uste dut kondizio kaskar horietan rappelen kontu horretan biok ala biok lan ona egin dugula. Logistikaren gaia ere aipatu behar da. Zama handia generaman motxiletan; hots, etxe osoa bizkarrean. Eta badakizu…».
Amaitzeko, bizkaitarrari Paineko Dorreen zeharkaldi osoaren inguruko hausnarketa eskatu diogu. Aipatu du zeharo estetikoa dela: «Nik uste dut jarduera osoa, ez soilik eskalada, bete-betekoa dela. Haran batetik egiten da hurbilketa bidea. Ondoren, agerikoa den ibilbide bati jarraitzen diozu. Eta igoera eta jaitsiera guztiek zentzu handia dute. Azken erpina eskalatu eta gero, itzulera beste haran batetik egiten da. Hots, jarduera zirkularra da. Bide batez, esan behar dut Rafarekin une bereziak bizi izan ditudala. Eta hori asko baloratzen dut. Eskalada guztian ondo ulertu dugu elkar, batez ere zalantzak gestionatzeko garaian. 'Atseden' egun horretan, adibidez, denbora izan genuen solasaldi intimoak izateko. Den-dena ez da soilik eskalada izan».

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza
