Asier Aiestaran
Kazetaria

Tentsiorik eza gehiegi nabaritu da Altsasuko partida bizian

Elordik eta Zabaletak 13-22 menderatu dituzte Jaka eta Iztueta Burunda pilotalekuan, jokoan ohorea baino ez zela. Irabazleak sasoi ederrean iritsiko dira finalerdietara; galtzaileek lehen ‘finala’ jokatuko dute ostiralean Zornotzan.

Aitor Elordi, sakea ateratzen Altsasuko Burunda pilotalekuan.
Aitor Elordi, sakea ateratzen Altsasuko Burunda pilotalekuan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Elordik eta Zabaletak garaipen argi batekin itxi dute Binakako Txapelketaren lehen ligaxka. Altsasuko Burunda pilotalekuan 13-22 menderatu dituzte Jaka eta Iztueta. Emaitzak ez du ondoriorik sailkapenean: irabazleak jada sailkatuta zeuden finalerdietarako eta galtzaileek bazekiten ezin zutela lau onenen artean sartu.

Egoerak nabarmen baldintzatu du neurketari aurre egiteko modua, batez ere Jaka eta Iztuetaren kasuan. Finalerdietan sartu nahi badute, gipuzkoarrek bi norgehiagoka irabazi beharko dituzte 48 ordu baino gutxiagoan eta horretarako ezinbestekoa zen datorren ostiralera fresko eta minik hartu gabe iristea. Erik Jakak abisatu du partida aurreko adierazpenetan joko alaia egiten saiatuko zirela, dema gehiegi luzatu gabe.

Elordi eta Zabaletarentzat ere garrantzitsua zen minik ez hartzea, noski, baina egia da behin sailkapena lortuta, aste pare bat izango dituztela finalerdi horiek prestatzeko.

Alaitasuna, alde bakarrekoa

Tentsiorik ezean, emozioa eta ikuskizuna eskatzen zuen beraz pilotazaleak, baina emoziorik ez da izan eta ikuskizuna ere ez gehiegi. Gorriak 2-0 aurreratu dira, Jakaren sake bati eta txokoan bizi luzatutako pilota bati esker. Bigarren tanto hori ikusita bazirudien aurrelari lizartzarraren erremate sorta eder bat etor zitekeela gaurkoan, baina ez da hala izan.

Jakari behera joan zaion horma-biko bati esker hartu dute sakea urdinek, eta sei tanto egin dituzte jarraian, markagailua 2-6 irauliz. Aitor Elordik sekulako etorria erakutsi du hasiera horretan eta bi sakerekin batera hiru erremate on sinatu ditu.

Zabaletaren huts batek eman die aukera gorriei erantzuteko, baina ez da horrelakorik gertatu. Jaka baldar antzean ibili den jokaldi baten ostean, urdinek bizi-bizi segitu dute tantoak pilatzen eta markagailuko tartea 3-12ra handitu dute. Mallabiarrak asko asmatzen jarraitu du aurrean, erasorako defentsarako baino askoz esker hobeagokoa den pilotalekuan. Datu bat: lehen 15 tantoetan 96 pilotakada besterik ez dituzte jo protagonistek.

Elordik bakarrik ez, Jose Javier Zabaletak ere neurketa oso txukuna jokatu du Altsasun. Zenbait gora-behera izan ostean, badirudi Etxarrengo atzelaria bere maila onenera gerturatzen ari dela eta horrela jarraitzen badu berriz ere txapelen lehian egoteko hautagaitza aurkeztua izango du. Zabaletaren biktima Iztueta izan da, eta beste partzial batekin 4-17ra joan dira Aspekoak.

Tanto on batzuk amaieran

Argi zegoen garaipena urdinentzat izaango zela, baina azken txanpan Jakak eta Iztuetak sinatu dituzte tanto on batzuk. 10-18koa Jakak egin du aurrean, adibidez, eta Iztuetak bi pilota sartu ditu errebotean argi-argi bata bestearen atzetik. Egia da pilota oso biziak erabili dituztela, lur bereziki azkarra duen pilotaleku batean, baina hala ere txundigarriak izan dira tolosarraren pilotakadak.

Argumentu horiei heldu beharko diete play-offetako partidetan. Lehen hitzordua, esan bezala, ostiral gauean izango dute Zornotzan. Pentsatzekoa da Mariezkurrenak ezingo duela jokatu eta Eskirozek hartuko duela haren lekua. Hala baldin bada, faborito aterako dira Jaka eta Iztueta, eta hor hasi beharko dute finalerdietan lekutxo bat merezi dutela erakusten.

 

FITXA

Pilotakadak: 252. Partidaren iraupena: 39 minutu eta 38 segundo. Markagailua: 2-0, 2-6, 3-6, 3-12, 4-12, 4-17, 8-17, 8-18, 10-18, 10-21, 13-21 eta 13-22. Sakez: 3 Jakak eta 4 Elordik –pasa bat ere bai–. Jokoan egindakoak: 3 Jakak, 3 Iztuetak, 7 Elordik eta 5 Zabaletak. Galdutakoak: 3 Jakak, 3 Iztuetak, 1 Elordik eta 2 Zabaletak. Gertaerak: Altsasuko Burunda pilotalekua, 500 bat ikusle. Lehen sakea, gorri.