Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Winter Serieseko txapela lehen aldiz Lapurdira, Barandikari eskaintza berezia eginda

Johan Sorozabal eta Basquek irabazi dute Gernika Winter Serieseko bosgarren edizioa. Bikote lapurtarrak hiru jokotan menderatu dituzte Goitia eta Lekerika, final lehiakor batean (15-10, 14-15, 5-1). Barandikak eskaintza berezia jaso du, lesio baten ondorioz finala harmailatik ikusi behar izan baitu.

Johan eta Basque-ren arteko besarkada, Winter Series irabazi ostean.
Johan eta Basque-ren arteko besarkada, Winter Series irabazi ostean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Xabier Barandikak ez du bere sentitzen Gernika Winter Seriesean bere bizkarzain izan den Thibault Basque eta bere ordez finalean aritu den Johan Sorozabalen txapela. Kirolaren aurpegi latzena da aurrelari bizkaitarrari bizitzea egokitu zaiona, finalaren atarian lesio larri baten ondorioz loriatik at geratu baita. Jaso du, halere, merezitako txalo zaparrada, finalaren aurretik eta baita ostean ere.  

Latza da baita ere hiru finaletara iritsi eta hiruetan porrota jasotzea. Unai Lekerikabeaskoaren egoera da hori. «Minduta nago», esan du gernikarraka, NAIZek egindako galderei zintzotasunez erantzunda. «Minduta nago batez ere, inguruko jendearengatik. Beti daude hemen, partidetara etortzen dira, beti alboan eta hauek ere merezi dute garaipen handiren bat. Niri ere gustatzen zait irabaztea, noski, baina batez ere beraiengatik nago penatu». Erabat hunkituta adierazi ditu hitzok Lekerikak, ondoan lagun, sendia eta zaleak argazki eta sinadura eske zituela.

Guztiek ‘Lekecrew’ osatzen dute, harmailetan bizitasuna jartzen abilak dira hauek, are gehiago etxean jokatuta. Hurbildu dira baita ere Alex Goitiandiaren lagunak, AEBtako txapelketetako kamisetekin harmailak koloreztatzen. Isilago zebilen Lapurdiko jendea baina kantxan lehen hitza hauek esan dute. Johanek, batez ere. Sorozabaltar gaztea zein aldartetan zegoen zen neurketaren atarian denen ahotan zegoen jakinkizuna. Daniako txapelketa irabazi berri –bere anai Gorkarekin batera–, larunbatean lur hartu zuen Euskal Herrian, finala jokatzeko egun bakarraren faltan. Halako egoeran jokatu zuen finalerdietako azken partida ere eta ahanzteko moduko dantzaldia eskaini zuen.

Basque-ren profesionaltasuna

«Niri ez zitzaidan inporta norekin jokatu, izan Urreisti edo Johan. Eginkizun argi bat edukitzea zen garrantzitsua eta Johanekin batera ongi bete dugu. Gustura ikusi naiz. Xabirekin [Barandika] txapelketa oso on bat egin dugu baita ere, eta motibatuta nago datorrenerako. Imanol Lopezek ere laster utziko du koadroa eta horrek behartzen gaitu besteoi –niri, Lekerikari, Gorkari...– beste urrats bat ematea», esan du Basquek, txapela buruan, bere nortasunaren parte den lasaitasunarekin. Profesionaltasuna zer den, hizki larriz.

Bidartekoak ongi azaldu legez, Gernikako Jai Alai pilotalekuan hutsuneak baliatzen ongi moldatu dira partidaren aurreneko txanpan. Ongi sartu dira partidan, bizkaitarrek pilotalekuari neurria hartzen jarraitzen zuten bitartean (2-1). Errebotetik ateratzen ziren pilotekin sufritu egin dute Alex Goitiak zein Unai Lekerikak, gorriek ateratako pilota motelera moldatzeko ageriko zailtasunarekin.

«Bi pilotekin sentitzen nintzen gustora baina ez nekien zein komeni zitzaigun, egia esan», aitortu dio NAIZi aurrelari markina-xemeindarrak. «Pilota ateratzearakoan presarekin» sumatu du burua eta lehendabiziko jokoan hamarna berdindu ostean, aurkariek bost tanto jarraian egin izanaren arantzarekin jokatu du orduz geroztik.

Hain zuzen ere, gogoz izerditu behar izan dute lehen jokoan berdinketa jartzeko. Johan Sorozabalek hormabiko fin batekin aldeak gehiago handitu ditu (6-3), eta Goitiak txokoan egindakoarekin eta Lekerikak frontisaren erpinarekin ezustekoa emanda, markagailua estutu dute. Tomas Goioganaren bilobak, baina, une eskasenean egin du hutsegite handiena, sakea bi aldiz luze atera eta 7-5ekoa gorriei erregalatuta.

Egon da kontrako norabidea hartu duen oparirik ere, Basquek ohikoak ez dituen bi pilota huts eginda (8-7), Goitiak errebotez bi paretak egin eta berdinketa ezarri aurretik (8-8). Hala eta guztiz ere, urdinei kostatzen zitzaien kantxan dominatzea, tantoa luzatu ahala gorriak hauspotzen hasten baitziren, eta modu horretan hartu dute berriro aurrea Johan eta Basquek, errebotetik kontraerasora jota (9-8).  

Tentsio itzelea

Goitiaren elektrizitate hori kalterako ere izan da zenbait momentutan (10-8koan gora bota du) baina Lekerikak eskainitako segurtasunarekin lortu dute jokoan bizirik mantentzea. Huts egiteak, zalantzak, elkar ez ulertzea, baina, gogotik ordaintzen da kirol azkarrenean eta Johanek beste hormabiko itzel batekin abantaila lortu ostean, urdinen lau hutsegiteren ondotik, lehen jokoa gorrien alde jausi da. Noski, ez da jausi kasualitatez. Besteen hutsegiteak behartzeko sekulako defentsa erakutsi baitute biek ala biek. Oro har, hutsegiteen atzean ere, tanto ikusgarriak eskaini dituzte lau puntistek, erabat kontzentratuta zeudenaren seinale.

Bigarren seta ere antzerako hasi da. Lekerikak errebotean aurkitu du tantoa baina segituan hartu dute aurrea gorriek, Johanek sake errestoan erremate ederra egin eta gernikarrak gora jaurtitako pilotakada baten ondorioz (2-1). Berriro ere kontrakarrean bizkaitarrak; eta agintzen, lapurtarrak. Kasu honetan, ordea, Johan eta Basqueren abantaila apenas pasa da tanto bakarretik baina aurkariarentzat ere egoera zaila izan behar du honek; alegia, berdintzen zuen aldiro, gorriek berriro abantaila hartzea.

Sorozabalek argitasunez erantzun du Lekerikaren hormabikoa, baina, ostean, Basquek huts eginda 2-2koa jarri dute urdinek. Johanek errebotean eta Goitiak gora jaurtita, 4-2koa jarri dute eta 4-3koan iritsi da biarriztarraren lehen hutsegitea. Erregulartasuna bere dohairik onena ez den pilotari bat izanik, asko demostratu du gaurkoan Johanek. Gainera, hutsegite gutxi egin ez ezik, egindako tantoen artean aniztasuna ere utzi du. Txik-txak ikusgarria egin du, esaterako, 7-5ekoan, beste hutsegite batetik berpizteko.

Une horretan harmaila ere bizi-bizi zegoen, 4-4koan Lekerikak egindako hormabikoak hauspotuta. «Lekerikabeaskoa, Lekerikabeaskoa...». Bosna berdintzeko ere saiatu da gernikarra baina kanpora bota eta beste abantaila gorrientzat. Segidan, halere, Goitiak asmatu du behean ondo mozten, Sorozabalen bizkortasunerako ezinezkoa zen abiadura eta altura emanda eta Lekerika ere animatu da atzeko koadrotik mozten (7-7). “Bidarteko titanak” huts egindako bati esker, etenaldira aurretik joan dira urdinak eta arnasa hartzeko baliatu dute.

Tentsio izugarria nabari zen Gernikako Jai Alain eta hau kudeatzea ez da erraza izaten. Batzuek beraien bertuterik onenak ateratzen dituzten tentsiopean eta Johan eta Goitia bezalako plazagizonak ere hauspotu dira. Elkar mokoka aritu dira, defentsan zein erasoan, bizkarzain ezinhobeak zituztela. Txokoan Alexek (9-11), txik-txak Johanek (10-11) eta Basquek masajea behar 11-11n. Hoztu diren animoak ziztu bizian berotu dira, gorriek 14-13koa jarri eta txapela tanto batera zutenean. Goitiak bere gaitasunik onenak erakutsi ditu egoera irauli eta azken seta behartzeko.  

«Subidoi» handia izan dena, aldiz, segituan jaitsi zaie urdinei, hutsegiteen ondorioz 3-1 galtzen hasi eta kiterako jokoa okertu denean. Hain tarte gutxian erremedioa aurkitzea zaila izaten da eta lapurtarrek, oro har, partidaren irakurketa hobea egin dute.