
‘Komunikazioa eta Memoria. Prentsa eta sarraskia: begirada kritikoa’ izenburupean erakusketa inauguratu dute astelehen honetan Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean. Sei astez egongo da ikusgai, martxoaren 31ra arte, eta 1976ko martxoaren 3aren 50. urtemugaren ekimenen parte da.
Erakusketa azken sei hilabeteotan Martxoak 3 elkarteko kide batzuek eta komunikazio arloko zenbait profesionalek burutu duten elkarlanaren emaitza da. Helburua duela mende erdi bat Gasteizen gertatu zen sarraskiaren oroimena gaurko belaunaldien gogora ekartzea da.

Horretarako, martxoaren 3aren bueltan argitaratu ziren komunikabide garrantzitsuenen azalak, Euskal Herrian publikatutakoak zein atzerrian, bildu dituzte. Bilduma lau multzotan banatu dute: Euskal Herrian argitaratutako prentsa, Estatu espainolean argitaratutakoa, boteretik at zeuden argitalpenak eta beste herrialde batzuetako prentsa. Guztira 25 azal nabarmendu dira.
Gainera, Luis Ziarrusta argazkilari gasteiztarrak garai hartan egindako zenbait lan esanguratsuk osatzen dute erakusketa eta ikus-entzunezko labur bat ere argitaratu da. Horrez gain, beira-arasetan, gertaera horiei buruz kaleratu zuren beste zenbait aldizkari, objektu, liburu, sasi-albiste eta gogoeta interesgarri ere ikusgai izango dira.

Erakusketa bertatik bertara ikusteko bisita gidatuak izango dira asteazkenero. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira eta, gehienez, 15 lagunentzat tokia egongo da. Horretarako, aldez aurretik izena eman behar da.
Erakusketarekin batera bi mahai-inguru izango dira otsailaren 18an eta 25ean arratsaldeko 19.00etan. Lehenengoan, garai hartan kazetari bezala jardun ziren berriemaileak oraingo kazetariekin batera mintzatuko dira. Bestean, orduko hiru langilek asanbladaren balio sozial eta komunikatiboaz hitz egingo dute.
Lanak elizan
Bestalde, Zaramagako San Frantzisko Asiskoaren elizako obrak hasi dira dagoeneko, eraikinaren egoera hobetzeko. Gogora Institutuak astelehen honetan ohar baten bidez gogorarazi duenez, Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioaren patronatuak premiazko hainbat jarduera egitea onartu zuen joan den abenduan, elizaren narriadura-egoeraren aurrean eta berehala esku hartu ezean kalteak areagotzeko arriskuaren aurrean.
54.000 euroko aurrekontu batekin eta sarraskiaren 50. urteurrena gerturatzen ari denean, eraikinean «gutxieneko eta errespetuzko» lan batzuk egiten hasi dira, degradazioa saihesteko, birgaitze-lan osoago bati ekin ahal zaion arte.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza
