NAIZ

Rojavako egoera «oso kritikoaz» ohartarazi du bertara joandako euskal ordezkaritzak

Siriaren menpeko Kurdistango Rojavara joan da Euskal Herriko ordezkaritza bat bertan bizi duten gerra eta su-eten hauskorra bertatik bertara ezagutzera. Ohartarazi dutenez, egoera «oso kritikoa» da bertan.

Rojavara joan diren lau euskal herritarrak.
Rojavara joan diren lau euskal herritarrak. (NAIZ)

Euskal Herriko gizartaren ordezkaritza bat iritsi da igande honetan Siriaren menpeko Kurdistango Rojavara, bertan bizi duten gerra eta su-eten hauskorra bertatik bertara ezagutzera. Ohar baten bitartez azaldu dutenez, Rojavako zenbait eragile sozial Euskal Herriko hainbat aktibistarekin harremanetan jarri ziren, laguntza eske, bizi duten muturreko egoeraren harira. Eta «oso denbora azkarrean» antolatu dute bidaia.

Mikel Zuluaga Uriarte, Global Sumud Flotilla eta Artea Sareko militantea; Garbiñe Elizegi Narbarte, mugimendu feministako kidea eta erizaina; Jose Javier Oses Carrasco, Burujabetzaren Aldeko Mugimenduko, Irakasleok Palestinarekin eta GMG EH mugimenduetako kidea eta irakaslea; eta Lander Arbelaitz Mitxelena, mugimendu euskaltzaleko kidea eta ‘Argia’ko kazetaria dira bertaratu direnak.

Ohartarazi dutenez, egoera «oso kritikoa» da bertan. Gaur egun indar kurduek Siriako Gobernuarekin su-etena sinatuta badaukate ere, oso hauskorra da akordioa, deskonfiantza da nagusi bi aldeen artean. Kobane hiria setiaturik izan dute Siriako Gobernuko indarrek eta gaur egun inguratuta dago.

«Beren bizkarrean, Turkiak eraikitako harresi izugarri bat dute, eta hortik ezin da ihes egin. Beren aurkako sarraski bat gertatzeko aukerak oso handiak dira», diote.

«Gainera, azken aldian milaka pertsona iritsi dira bertara Alepo, Tabqa, Raqqa eta inguruko herrietatik, yihadisten sarraskietatik ihesi. Asko mezkitetan, eskoletan edo beren autoetan ari dira lo egiten. Kobanek ez dauka nahikoa elikagairik egoera honi aurre egiteko. Elikagai eta ur faltari gehitu zaizkie bi astez pairatu duten elektrizitate mozketa. Kobanen elurra ari zuen bitartean, bertan pilatutako herritar eta desplazatuak berogailurik gabe izan dira. Jakinarazi digutenez, Kobanen beldurra dute yihadistek akordioa apurtu eta hirian sarraski bat eragingo ote duten, dagoeneko drusoekin eta alaui komunitateekin egin duten bezala», gaineratu dute euskal aktibistek.

Gauzak horrela, Euskal Herriaren «berotasuna» eramaten saiatuko dira. «Ez daudela bakarrik esango diegu, eta hango egoeraren berri Euskal Herrira ekartzera goaz. Asmoa da bertako herritarren etxeetan lo egitea eta bertako eragile politiko eta sozial ugariren bitartez, beren proiektuaren xehetasunak jaso eta gaur egun egoera nola dagoen ulertzea», azaldu dute.

Kobanek mundu mailan arreta deitu zuen 2015ean Estatu Islamikoa kanporatu zuelako armada kurduak, zenbait hilabeteko batailaren ostean. Protagonismo nabarmena izan zuten garaipen hartan emakumeen unitate armatuek. «Ordutik, feminismoa, autonomia politikoa eta balio demokratikoak ardatz hartuta, proiektu politiko hau asko garatu da eta erreferente eztabaidaezina bilakatu da nazioartean. Mundu justuago baten alde gauden herritar guztiok defendatu behar genukeen proiektua dela uste dugu, eta gaur egun, erabat mehatxatua dago», dio Rojavara joan den euskal delegazioa.