NAIZ

Aldatu Gidoia plataformak «herri ikuspegidun kultur erakunde publikoen» beharra aldarrikatu du

EAEko Kultur Sistemaren Lege berriak kultur ereduari buruz hausnartzeko balio behar duela adierazi du Aldatu Gidoia plataformak. Lakuako Gobernuarekiko «autonomia eta herri-ikuspegia izango duten kultur erakunde publikoak» eskatu dituzte.

Aldatu Gidoia plataformako kideak, Gasteizko parlamentuan.
Aldatu Gidoia plataformako kideak, Gasteizko parlamentuan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Aldatu Gidoia plataformako kideen ustez, EAEko Kultur Sistemaren Lege berriak balio behar du «indarrean dagoen kultur-ereduaz hausnartzeko», eta «kultur-paradigma berri baterako lehen urratsak emateko».  Intza Gurrutxaga Loidi eta Eñaut Zearra Garabieta ekimeneko kideek agerraldia egin dute Gasteizko Parlamentuaren Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Helburua izapidetzen ari diren EAEko Kultur Sistemaren Lege berriari buruz eta Lakuako Gobernuaren kultur-politikei buruz hausnarketa partekatua egitea eta neurri zehatzak proposatzea izan da.

Izan ere, ekimeneko kideen ustez, kultur-arloan, «gehiegizkoa» da Lakuako Gobernuan dauden alderdien eta merkatuaren eragina. Ekimeneko kideen aburuz, egungo EAEko kultur-eredua «turismoa indartzera eta irudia lantzera» bideratu da eta «kulturaren ikuspegi kritikoa eta eraldatzailea baztertu, eta sortzaileak prekarizatu dira». Gaineratu dutenez kultura zerbitzu publikotzat hartzea, eta «sortzailea, euskara eta kulturaren ikuspegi kritikoa eta eraldatzailea kultur-sistemaren ardatz bilakatzea» nahi dute.

EITBri dagokionez, plataformak uste du Kultur Sistemaren Lege berriak hedabide publikoaren «bideratze estrategikoari buruzko eztabaida irekitzeko» balio behar du. Izan ere, beraien esanetan, «EITB EAEko egungo kultur sistemaren eta kultur-politiken paradigma ezin argigarriagoa» da. Horregatik, azaldu dute «bene-benetako eta egiazko zerbitzu publikoa izango den EITB» beharrezkoa dela; «interes politikoen eta merkatu interesen —audientzien— zerbitzura egongo ez dena».

Argi ikusten dute «demokratizazio prozesu bat» burutu ezean, «nekez» egingo duela aurrera euskarak EITBn. Ildo beretik, uste dute lege berriak balio behar duela «kulturari hizkuntzaren biziberritzean duen funtzioa aitortzeko eta emateko».

Horrez gain, ekimeneko kideek eskatu dute «kultur-politiketan euskararekiko diskriminazio positiboz jokatzeko, erakundeetatik hizkuntza gutxituaren alde gehiago eginda soilik lortuko baita euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan aurrera egitea».

Halaber, adimen artifizialaren gorakadaren aurrean, arloa arautzea eta plangintza publikoa eskatu dute, «kulturgileen eskubideak babesteko».

Lege berriak «feminsimoaren bidean sakontzen lagundu» behar duela ere adierazi dute. Eskatu dute «kultur-arloko erabakiguneetan, kolektibo feministen parte hartzea bermatzeko»; eta «kultur politikak berrikusi, eta neurri zehatz eta eraginkorrak hartzeko», kulturaren eremuan «indarkeria eta bazterkeria matxista oro ezabatu arte».

Madrilgo bulego batean

Batzordean bertan EH Bilduko Josu Aztiriak azaldu du legearen erredakzioa «ez dela ondo hasi», prozesua «Feijooren kanpainan parte hartu zuen Madrilgo bulego baten esku utzi duelako» Lakuako Gobernuak.

Aztiriaren aburuz, Kultura eta Hizkuntza politika sailak «izan beharko luke nahiko gaitasun tekniko» horrelako testu bat prestatzeko.