NAIZ

Donostiako Alde Zaharrean ekipamenduak eskatuz ia mila sinadura eman dizkiote Udalari

Donostiako Alde Zaharrean duten ekipamendu falta konpontzeko eskatuz ia mila sinadura eraman dituzte Udaletxera. Honekin batera, Jon Insausti alkatearekin bilera eskatu dute «erabaki politikoak hartzeko unea dela uste dugulako».

Abenduaren 13an Auzo Ekipamenduen Egunean aldarrikapenaren alde atera zuten argazkia.
Abenduaren 13an Auzo Ekipamenduen Egunean aldarrikapenaren alde atera zuten argazkia. (NAIZ)

Donostiako Alde Zaharrak ekipamenduak behar dituela eskatzen duten 983 sinadura aurkeztu dituzte Udaletxean. 2025eko ekainean abiatutako auzo-dinamikaren baitan kokatzen da ekimena.

Alde Zaharreko eta Erdialdeko 532 sinadura jaso dituzte, Donostiako beste auzoetako 345 eta beste herri batzuetako 106. Orotara, 983 dira.

Aldi berean, Jon Insausti alkateari bilera eskatu diote. «Azken hilabeteetan hainbat udal teknikarirekin bildu gara, erabilgarri dauden eraikin eta espazioen aukerak aztertu ditugu, orain ordea, erabaki politikoak hartzeko unea dela uste dugu», azaldu dute.

Ekimena elkartea hauek babeste dute: Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea, Kale Lagunak Hockey Elkartea, Karmengo Jai Batzordea, Alde-Zaharra Kirol Elkartea, Zaharrean Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea, Herria Kultur Elkartea, Kresala Kultur Elkartea, Arrano Beltza Euskaltokia, Kaskariñak, Bilintxi Balantxa Bertso Eskola, Euskal Jai Batzordea, Euskara Batzordea, Kai Harripe Euskal Kultur Elkartea, Alde Zaharreko Gazte Asanblada eta Jarana Herri Kirol Taldea.

«Gure auzoa, Parte Zaharra, Donostiako auzorik zaharrena eta ezagunena da. Hiriaren bilakaera gure auzoari atxikita dago ezinbestean, bata ezin da ulertu bestea gabe. Era berean, gure auzoa ere ezin da bertako biztanlerik gabe ulertu. Auzo bat ez delako etxe multzo bat bakarrik. Auzo-bizitzarik gabe ez dago auzorik, eta auzo-bizitza egon dadin, bizilagunen beharrak aseko dituzten zerbitzu eta azpiegiturak behar dira», azaldu dute.

Hazkunde turistikoaren kalteak

«Gure auzoak zuzenean jasan ditu azken urteotako hazkunde turistikoaren ondorio larriak. Turistifikazio eta gentrifikazio prozesuek auzoaren bizitegi- eta merkataritza-egitura eraldatu dute. Espazio publikoa pribatizatu eta masifikatu egin da, egunerokotasunerako behar diren dendak desagertu egin dira multinazionalen ugaritzearekin batera, eta etxebizitza prezioaren igoera mugagabeak (hotel, pentsio eta apartamentu turistifikoen ugaritzearekin batera) biztanleriaren galera eta despazalamendua ekarri ditu, bataz besteko adinaren igoerarekin batera. Auzoak bizigarri izateari uzten dio, eta udal politiken bitartez bizilagunen interes kolektiboa eta bizi-baldintzen hobekuntza lehenetsi beharrean, jabe handien eta elite ekonomikoaren interesak lehenesten dituzte. Bestela, Udalak aspalditik konponduta izango luke Parte Zaharreko ekipamendu-gabeziaren arazoa», salatu dute.

«Parte Zaharrean ez da udal-ondarerik falta. Museoak, antzokiak eta udal zerbitzu ugari ditugu. Baina ez dira auzo-erabilerakoak, nekez sortzen da haietan auzo-bizitzarik. Eta gure auzoaren beharrak aspaldikoak bezain ezagunak dira: kirol-instalazioak, Eguneko Zentro egokia, kultur etxea, erabilera anitzeko lokalak, Gaztetxea…», adierazi dute.

«Urteak daramatzagu horiek aldarrikatzen, eta auzoak azken urteotan izandako bilakaerak larriturik, inoiz baino garrantzia handiagoa hartu dute. Izan ere, Udalak une honetan baditu hainbat espazio erabilgarri, hala nola Bretxa, Esterlines kaleko anbulatorio zaharra... Eta auzoaren beharrak asetzeko aukera inoiz baino errealagoa da», gogoratu dute.