
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako hitzarmenaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen du, eta greba mugagabeak 100 egunetik gora bete ditu dagoeneko. Zortzi dira mobilizazioan dauden zentroak. Lan-gatazkak sektore osoari eragiten dio, eta sindikatuek salatu dute egoerak ez duela konponbiderik izango erakunde publikoek ardura zuzena hartzen ez badute.
ELAk Foru Aldundiaren «inplikazio zuzena» eskatu du egoera desblokeatzeko eta hiruko bilera bat sustatzeko, patronalak eta sindikatuak mahai berean eseriarazita. Sindikatuaren iritziz, ezinbestekoa da erakunde publikoak negoziazioan parte hartzea, Aldundiak ezartzen baititu finantzaketa, ratioak eta zerbitzuaren baldintza nagusiak. Hori dela eta, EH Bilduri eta Podemosi ekimen politikoa sustatzeko eskatu die, Foru Gobernua mahaira eramango duen bilera lortzeko.
Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan egindako bileran EH Bilduko eta Podemoseko ordezkariek eta negoziazio mahaian dauden gainerako sindikatuek parte hartu dutela azaldu du ELAk. EAJk ez joatea erabaki zuen, beharrezkotzat ez duelako jo; PSEk ez dio deialdiari erantzun eta PPko ordezkariek agenda aldetiko arazoak argudiatu dituzte. Sindikatuak adierazi du bilera horren helburua blokeo egoerari irtenbide politikoa bilatzea izan dela.
ELAk salatu du negoziazioan «ez dagoela aurrerapausorik eta patronalek ez dutela edukizko proposamenik aurkezten». Gainera, enpresek «bitartekari huts» gisa jokatzen dutela nabarmendu du, Aldundiak arautzen duen sektore batean. Sindikatuaren ustez, «erakunde publikoak baldintzak ezartzen dituen arren, ez dio mugarik jartzen lan-prekarizazioari», eta horrek zuzenean eragiten die langileen lan- eta bizi-baldintzei.
Lan-baldintzen okertzea nabarmendu du ELAk: langileen ia erdiek borondatezkoak ez diren lanaldi partzialak dituzte, eta soldata-arrakala 10.000 eurotik gorakoa da urtean. Testuinguru horretan, Foru Gobernuaren inplikazio zuzena «premiazkoa» dela azpimarratu du, negoziazioan gehiengo sindikalaren borondatea errespetatu eta kontratazio-ratioak, lan-baldintzak eta genero-arrakala bezalako funtsezko gaiak jorratzeko.
LAB: «Benetako negoziazioa»
LABek ere sektorean dagoen egoera salatu zuen astelehen honetan eta «benetako negoziazioa» eskatu zuen, hitzarmenak sektoreak behar dituen lan-baldintzak arautu eta gaur egungo arazoei irtenbidea emateko. Sindikatuak jakinarazi zuen asanbladak eta mobilizazioak egiten ari direla hainbat zentrotan, besteak beste Matia fundazioan, Zorroaga Fundazioan eta Sanitas Miramonen, baita lurraldeko beste egoitza batzuetan ere.
LABen arabera, hitzarmenaren blokeoak ondorio zuzenak ditu eguneroko lanean: ratioekin lotutako lan-karga handiak, aldi baterako ezintasunekin lotutako murrizketak, absentismoaren aitzakia erabiliz eskubideak murrizteko saiakerak eta KPIa bermatzen ez duten soldata-igoerak. Horrez gain, bestelako arazo larriak ere badaudela ohartarazi zuen, eta sektorearen egiturazko eraldaketa beharrezkotzat jo zuen.
Sindikatu horren iritziz, irtenbide bakarra zaintza-lanen eta zerbitzuen publifikazioa da, zaintza ezinbesteko zerbitzua delako eta «negozio izateari utzi» behar diolako. Pribatizazioa gainditu eta kudeaketa publikoa lehenestea proposatu zuen, administrazioak bere gain har dezan erantzukizun osoa. Halaber, gainerako sindikatuei ekintza batasunerako deia egin zien, eta egoiliar eta senideei helarazi zien lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa dela arreta duina bermatzeko.
LABek, azkenik, Aldundiari eta patronalei dei egin zien negoziazio errealari ekiteko, ratioak aldatzeko eta sektorearen etorkizunari buruzko eztabaida sakona abiatzeko. Bien bitartean, mobilizazioek jarraipena izango dutela iragarri zuten sindikatuek, hitzarmen berria adostu arte.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»
