
Donostiako Konstituzio plazako liburutegi zaharrean egin dute aurkezpena astearte hoentan Udalbiltzak, Dijitalidadeak eta bilduman parte hartu duten zenbait idazlek.
Geuretik Sortuak egitasmoak sormen egonaldiak antolatzen ditu Euskal Herriaren luze-zabalean. Bekaren oinarriei jarraiki, 2025. urtearen hastapenetan hautatuak izan ziren hamabi idazleek hiru asteko egonaldiak egin dituzte euren bizilekua ez den eremu batean. Herri horietako errealitate ezberdinak ezagutu eta, haiek lehendik zekartzaten ideiekin uztartuta, fikziozko ipuin bana ondu du idazle bakoitzak.
Hala, Atxondon egon da Miren Artetxe Sarasola; Gorlizen Maitane Perez; Amasa-Villabonan Maitane Nerekan Umaran; Nafarroako Goi Erriberan Zigor Garro; Baigorrin Naia Arantzamendi; Aulesti, Amoroto eta Munitibar herri multzoan Oier Guillan; Ikaztegietan Peru Calabaza Saban; Oiartzunen Saioa Iribarren eta Ander Basaldua; Etxalar, Arantza, Bera eta Lesakan Goiz Eder Iturain; Asparrena eta Ziordian Ixabel Agirresarobe; eta Ortzaizen Garazi Albizua, 7K-ko zutabegilea ere baden idazlea.
Euskal Herria artearen bidez ezagutzeko 11 istorio
Donostiako Liburutegi zaharrean egindako aurkezpenean, hamabi idazletik zazpiren lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan da. Hitza hartzen lehenak Saioa Iribarren eta Ander Basaldua izan dira. Hauek lau eskurekin idatzi dute euren ipuina Oiartzunen, herriaren memoria historikoaren hariari tiraka. Peru Calabazak Ikaztegietan idatzitako ‘Atizabalik’ ipuinaren inguruan hitz egin du; Bizkaitik Goierriko herri txiki horretara bidaiatzen duen komunitate berezi baten inguruko esamesetan oinarrituta dago. Maitane Nerekanek, Amasa-Villabonan idatzitako maitasunari buruzko gogoeta filosofikoaz hitz egiteaz gain, Udalbiltzari eskerrak emateko tartea hartu du: «Euskal Herria egiteko modu asko daude, baina hau, dudarik gabe, modurik ederrenetarikoa da».
Maitane Perezek ere hartu du hitza gaurko aurkezpenean. Gorlizen idatzi duen ipuinaz aritu da, militantzia-iragana izan duen emakume baten itzulera kontatzen duena. «Ez da nire lehen aldia egitasmo honetan, eta errepikatu baldin badut, bertako baldintzak ezin hobeak direlako izan da», gehitu du esker gisa.
Amaitzeko, Goiz Eder Iturainek ere Bortzirietan izan duen esperientzia kontatu du, bertako arkitekturan oinarritutako lan bat ondu duelarik.
Lan guztien nondik norakoak ezagutzeko aukera egongo da Euskal Herrian zehar egingo diren liburu aurkezpen ezberdinetan. Otsailaren 26an, esaterako, Maitane Nerekanek eta Maitane Perezek Villabonan aurkeztuko dituzte euren bi ipuinak; hilaren 27an, bestalde, gauza bera egingo du Goiz Eder Iturainek Arantzan. Hitzordu ezberdinak ezagutzeko, Geuretik Sortuak ataleko agendan egin daiteke kontsulta.

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»
