
Orain 50 urte sortu zen Orquesta Mondragón ospetsu eta zoroa, eta han egin zen ezagun Popotxo Ayestaran; surrealisten artean, surrealistena. 60. hamarkadan Donostian atera zen Los Ágaros musika taldeko bateria zen Txiki, Ayestaranen anaien zaharrena.
Biek 70eko eta 80ko hamarkadetan ‘Zehatz’ aldizkari politikoan eta ‘Oh Euzkadi’ literarioan argitaratu zituzten beraien marrazkiak. Eta gero zegoen anaien txikiena, Jesus. Hark ere, marraztea zuen pasio.
Hiru osagai nagusi hauek ditu, besteak beste, astearte 17eko iluntzean Donostiako Okendo kultur etxeko eraikin zaharrean hiru anai berezi hauen omenez zabalduko den ‘Oharra: artistak ez du bisitarik nahi’ erakusketak. Maiatzaren 18ra arte egongo da ikusgai «lagunarteko erakusketa hau, lagun batzuei buruzkoa eta lagun artean egina dena», Joxean Muñozen hitzetan.
Muñoz –idazlea, gidoilaria eta Tabakalerako zuzendari eta Kultura sailburu orde ohia– erakusketaren komisariotzan lagundu dio Cheli Lanzagortari. Gros auzoko kultur etxeko areto txiki bat hautatu dute, auzoko giro propioa mantendu nahian, eta antolatu diren ekitaldietan parte hartuko dutenen artean Ayestaranen lagun asko daude, esaterako Ricardo eta Angel Aldarondo.
Etxe irekiak, garai bereziak Grosen
‘Oharra: artistak ez du bisitarik nahi’ honek Ayestaran anaien obra grafikoari begiratzen dio eta keinu bat egiten die hainbeste kultur asmo sortu ziren etxe irekiei, eta artea plazer hutsez egiten dutenei, barruko behar bati erantzunez.
«Hiru anaiak amateurrak ziren, horretan aritu ziren pasio hutsez eta ez ziren inoiz profesionalak izan horretan», dio Muñozek. Hirurek bizitza eman zuten marrazten, margotzen eta musika egiten. Eta kaxak eta edonolako arte-faktoak sortzen. Apenas egin zuten erakusketarik. Apenas argitaratu zuten. Ez ziren artista profesionalak. Etxean sortzen zuten. Beren kolkorako.

Hiru anaiok elkarrekin bizi izan ziren, familia-etxean, Grosen lehenbizi (San Francisco kalean) eta Rodilen, gero. Zabalik zuten etxea eta han, beste etxe askotan bezala, lagunartean pasatzen zuten eguna, ametsetan, eztabaidan, eta asmo zoroak ontzen, musikan batez ere.
Baina zeintzuk ziren Ayestaran anaiak? Iñakik ‘Txiki’ (Donostia, 1943-2000) bateria jotzen zuen Los Ágaros taldean, pop donostiarraren aitzindarietako bat eta espainiar Estatuan LP diskoa estereoan grabatu zuen lehen pop musika taldea. Mariasun Landaren lehen liburua ilustratu zuen (‘Amets uhinak’, Elkar 1981).
Pedro M. ‘Popotxo’ (Donostia, 1951-2020) La Orquesta Mondragón taldearen emankizunetako pertsonaia antzeztuz egin zen ezaguna. Taldearen bufoia edo clown-a zen. Umorezko hainbat spotetan parte hartu zuen EiTBrako eta TVErako (Telenorte) eta, Javier Gurrutxagarekin batera, hainbat filmetan baita ere. Ez zion inoiz marrazteari utzi.
Jesus (Donostia, 1953-2021) buru-belarri jardun zuen marrazkiak eta margolanak egiten, irudiak eta soinuak fabrikatzen, baina inoiz ez lanbide bezala. Hiru aldiz erakutsi zituen bere lanak: lehena, 1996an, Pirelo’s tabernan; urte batzutara ‘Biba la monarkia’ erakusketa aurkeztu zuen Beti Boga tabernan, Diego Letamendiarekin batera; eta 2008an Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, ‘Oharra: artistak ez du bisitarik nahi’ izeneko erakusketa.
Kontzertuak, hitzaldiak, topagunea
Egingo dituzten ekitaldien artean, apirilak 29 (19.00), Okendo kultur etxeko areto nagusian, ‘¡Tengo una guitarra eléctrica! Los Ágaros: inicios del pop en la Donostia de los años 60’ hitzaldi-kontzertua izango da.
Maiatzak 6an (19.00), Okendon ere, ‘Pasen y vean. El desafío de la Orquesta Mondragón en la Donostia de los años 70’ hitzaldia egongo da, Orquesta Mondragóneko partaide ohiekin, Javier Gurruchaga eta Cheli Langorta, eta Gregorio Galvez, ‘Club 44’ saioko gidaria Herri Irratian.
Eta maiatzak 7an (19.30), Victoria Eugenia antzokian Orquesta Mondragonen 50. urteurreneko kontzertua izango da.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

