Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Eibar-Athletic, egoera iraultzeko aukera ezin hobea eskainiko du Ipuruako derbiak

Bigarren itzulia bost porrot jarraian jasoz hasi ondoren, Eibarrek Athletic hartuko du igande honetan. Etenaldira norabide aldaketa batekin joatea espero dute armaginek.

Arene Altonaga, armaginek komunikabideekin Areition izan duten topaketan.
Arene Altonaga, armaginek komunikabideekin Areition izan duten topaketan. (Andoni Canellada | Foku)

Ipuruak denboraldiko azken derbia hartuko du igandean (12.00). Athleticek egoera zailean egingo dio aurre eta Eibarrek denboraldiko boladarik txarrenean murgilduta. Lehen itzulia zenbaki dotoreekin amaitu ondoren, bigarrena bost porrot jarraian jasoz hasi dute armaginek eta igandean egoera iraultzeko itxaropena dute. Aukera paregabea da, asteazken honetan Areitioko Kirok Hirian komunikabideekin izan duten topaketan onartu dutenez: derbia da, Ipuruan jokatuko da eta etenenaldi luze baten aurreko azken norgehiagoka izango da.

«Une onean» datorrela azpimarratu du Arene Altonagak. «Garaipena eskuratzeko edo gutxienez partida polit bat egiteko beharra daukagu eta derbia aukera ona dela uste dut. Derbietan askotan aurreko partidetan gertatu dena ahazten duzu, partida desberdina da». Athletic bera da horren eredu, lehen itzuliko derbian denboraldiko lehen garaipena lortu baitzuen, aurreko bederatzi jardunaldietan irabazi ezin izan ondoren. «Ez gaude gure unerik onenean eta orain buelta eman eta guk irabaztea espero dugu», esan du kapitainak.

Eibartarren une txar horren arrazoia, neurri handi batean, defentsan izaten ari diren arazoak dira, sendotasun defentsiboa ezaugarri nagusia duen taldea izanda. «Normalean aurkariei asko kostatzen zaie guri gola egitea, baina azken partidetan akats asko izan ditugu –onartu du Altonagak–. Horretan lan egiten ari gara eta ohizko sendotasunera bueltatzea espero dugu. Eta akatsen bat egitekotan ere, behintzat zigorrik ez jaso». Erdilariaren ustetan, akats horiek zerikusia eduki omen dezakete Eibarrek lehen itzulia jeitsiera postuekiko abantaila handiarekin amaitu izanarekin. «Agian lasaitasun horrek kalte egin digu», esan du, lagundu beharrean. Buelta eman eta «lasaitasun hori presiorik gabe» baina ez tentsiorik gabe «jokatzeko aprobetxatzea» espero du.

Tentsioa, edozein kasutan, ez da faltan egongo, derbien ezaugarri nagusietakoa baita. Carmen Alvarezek, izan ere, argi dauka garaipena lortzeko ezinbestekoa izango dela «lehiatzea, batez ere, eta energia handia izatea, batez ere dueluetan». «Duelu ugariko partidak izaten dira, lehia handikoak, eta hasieratik nabaritu behar zaigu partida irabazteko gogoa». Baita sendotasun defentsiboa ere, «golak egitea kostatzen zaigulako. Baina partida dezentetan, izan ditugun aukerak aprobetxatu ditugu eta horrek puntuak eman dizkigu. Horretarako, atea hutsean mantentzen saiatuko gara batez ere eta gero sor ditzakegun aukerak aprobetxatu».

Aurrelariaren ustez, Athletic antzeko plan batekin etorriko da, «eurak ere ez baitaude oso une onean» eta azken partidetan ere gol asko jaso baitituzte. «Ahalik eta gehien lehiatuko gara, hori baita gure esku dagoena», derbiek «pizten duten ilusioaz baliatuta. Beti dira partida bereziak, lehia handikoak, asko bizitzen dira... Ilusio eta gogo handia daukagu».

Altonagak ere argi dauka motibazio berezi hori aurkaria baino hobe aprobetxatzen saiatuko beharko dela Eibar, Athleticek bolada txarrari garrantzi handiegirik eman gabe. «Eurak ere ez daude beren une onenean baina oso plantilla ona daukate, ia iazko plantilla bera da. Eta joko aldetik ere, gauza gutxi aldatu dituzte. Orain ez zaizkie gauzak ateratzen ari, baina ezin gara fidatu. Kontuz ibili behar dugu ondo egiten dutenarekin eta azken partidetan erakutsi dituzten ahuleziei etekina ateratzen saiatu behar gara». Argu dauka, nolanahi ere, igandekoa «oso partida lehiakorra izango» dela. «Erritmoa guk markatzen saiatu behar gara, azken jardunaldietan kostatu zaigun arren. Asmoa partida manejatzea da eta izango ditugun nagusitasun une horiek aprobetxatu eta aukerak sortu eta sartu».