Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Sormenetik propagandara, gerra garaiko euskal kultura aztergai

EHUko Gabriel Aresti Katedrak ‘Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)’ liburua aurkeztu du. Hainbat adierazpide kultural jasoz, lanak bildutako 15 artikuluek kulturaren, ideologien eta politikaren arteko elkarreraginak aztertzen ditu.

'Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)' liburuaren aurkezpena.
'Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)' liburuaren aurkezpena. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Aurten 90 urte betetzen dira 36ko Gerra hasi zela, eta urteurren horren harira, gerra garaian kulturak jokatu zuen papera aztertu dute hainbat egileek EHUko Gabrel Aresti Bildumaren baitan argitaratutako ‘Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)’ liburuan. Unibertsitateak Bilbon duen Bizkaia Aretoan aurkeztu dute asteazken honetan Patxi Juaristi eta Beatriz Zabalondo lanaren koordinatzaileek eta Leyre Arrieta ikerlariak.

Gerrako kultur bizitzari begiratzea da liburu honen helburu nagusia eta, horrekin batera, garaiko kultur ekoizpenean eta kulturgileengan eragin zuten politikak eta ideologiak ere aztertzen dira.

Kulturaren, ideologien eta politikaren arteko elkarreraginak liburuaren parte garrantzitsua hartzen du. Kultura zentzu zabalean ulertuta, liburuak hamabost artikulu biltzen ditu, eta askotariko adierazpide kulturalak aztertzen dira: artea, dantza, musika, arkitektura eta hirigintza, antzerkia, bertsolaritza, zinema, hezkuntza, liburutegiak, artxiboak eta museoak, kartelgintza, literatura, kazetaritza eta irratigintza.

«Ahanzturaren aurkako liburua, eta esperantzarako leihoa»

Nabarmendu dutenez, lan hau «ahanzturaren aurkako liburua» izateaz gain, «esperantzarako leihoa» ere bada. «Izan ere, euskal kulturak Gerra Zibileko errautsetatik berpizteko izan zuen gaitasuna erakusten du», adierazi dute.

«Gerrak ibilbide kulturalean eten bat suposatu zuen, baina garai hori ez zen erabateko basamortua izan»

«Hein handi batean, lehenengo pizkundetik zetorren ibilbide kulturalean eten bat suposatu zuen gerrak. Baina ez zen erabateko basamortua izan, eta garai zail hartan, ekimen kultural asko sortu ziren. Erresistentzia ariketa handi batean, ekimen eta estrategia kulturalak bultzatu ziren», azaldu du Zabalondok.

Izan ere, Juaristik azpimarratu duenez, kulturak funtzio ugari bete zituen. Ez zen soilik sormenerako baliabidea izan, propaganda eta komunikazio tresna ere izan zen, alde bakoitzaren interesak bultzatzeko. Gernikako kasua aipatu du, non Jaurlaritzak eta Gobernu errepublikarrak bonbardaketa salatzeko eta pairatzen ari ziren errepresioa agerian uzteko erabili zuten Picassoren obra; frankistek, aldiz, aldizkari eta kartelak erabili zituzten euren erantzukizuna ukatzeko.

Era berean, kultura nazio baten aurkezpen gisa baliatu zen. Jaurlaritzak euskal gobernuaren egitura nazioartean ezagutarazteko baliatu zuen, ‘Karmele’ pelikulan agertzen den moduan. «Herritarren eta soldaduen morala igotzeko, errefuxiatuen aldeko dirua biltzeko, armak erosteko eta egun bereziak ospatzeko ekimen kultural ugari egin ziren», azaldu du Juaristik

Begirada ugari

Fokua Gerrako urteetan jarrita badago ere, liburuak ezinbestean jorratzen ditu gerraurreko testuingurua eta gerraosteko ondorioak. Horrenbestez, Euskal Pizkundea, Bigarren Errepublika, erbestea eta frankismoaren garaiko errepresioa ere presente daude lanean.

Lurraldeen araberako errealitate desberdinak ere kontuan hartzen dira: Nafarroan eta Araban hasieratik estatu-kolpea babestu zen bitartean, Gipuzkoa eta Bizkaia Bigarren Errepublikari leial izan ziren. Esperientzia horien arteko aldeek kultura bizitzeko, bultzatzeko eta sortzeko moduak baldintzatu zituzten.

Liburuak nagusiki Errepublikari leial izan ziren eremuetako kultur erakunde eta eragileak aztertzen ditu, baina baita frankisten aldean gelditu zirenen edo haiek kontrolatutako lurraldeetan garatutako kultur ekimenak ere.

Era berean, 1937an Hego Euskal Herria osoa frankisten esku geratu ondoren inposatu zen kultur ereduaren ezaugarriak eta frankismoarekin lerrokatutako intelektual eta artisten jarduna ere aipatzen dira.

Hortaz, argitalpenean diziplina anitzetako ikerlariek hartu dute parte: Irati Agirreazkuenaga Onaindia, Xabier Altzibar Aretxabaleta, Oier Araolaza Arrieta, Leyre Arrieta Alberdi, Karmele Artetxe Sanchez, Mikel Bilbao Salsidua, Ander Delgado Cendagortagalarza, Jose Javier Fernandez Altuna, ldoia Gereñu Odriozola, Patxi Juaristi Larrinaga, Ismael Manterola Ispizua, Francisco Javier Muñoz-Fernández, Josu Martinez Martinez, Lourdes Otaegilmaz eta Pio Perez Aldasoro.

Aurelio Artetaren "Triptico de la guerra" obra Bilboko Arte Ederren Museoan, 2013an. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Libruaren portadan Aurelio Arteta ‘Tríptico de la Guerra’ margolana jasotzen da.