NAIZ

LABek Bilboko portuko amarratzaileen ordezkari sindikala kaleratu dutela salatu du

Bilboko portuko amarratzaileen LABen ordezkari sindikala kaleratu dutela salatu dute. Halaber, beste hiru langile zigortu dituztela ere jakinarazi dute. «Errepresio sindikala» leporatu diote enpresaren zuzendaritzari.

 

LABek agerraldia egin du kaleratzea eta zigorrak salatzeko.
LABek agerraldia egin du kaleratzea eta zigorrak salatzeko. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

LAB sindikatuak salatu du Bilboko portuko amarratzaileetann zuten ordezkari sindikala kaleratu dutela eta hiru langile zigortu. «Errepresio sindikala» eta «langileak zuzenean zirikatzea» leporatu diote zuzendaritzari.

«Enpresak LABeko gure ordezkari sindikala kaleratu du eta hiru langile zigortu ditu. Jada ez gaude lan-baldintzei buruzko desadostasun baten aurrean. Errepresio sindikala da eta langileak zuzenean zirikatzearen estrategia deliberatu baten aurrean gaude», adierazi dute ostegun honetan egindako agerraldian.

Hori dela eta, sindikatuak ohartarazi du «berehalako zuzenketarik» egon ezean, tresna «sindikal eta juridikoak» eta mobilizazioa baliatuko dituela aurre egiteko. Azaldu dute ez dutela gatazkarik sortu nahi, baina ez diotela beldurrik. «Ordezkari sindikala erasotzean, langile guztiak erasotzen dituzte, horregatik, erantzuna kolektiboa izango da», gaineratu du sindikatuak.

Gatazka hau lan-baldintzen funtsezko aldaketa batekin hasi zela oroitu du LABek, judizialki errekurritu zena. Ebazpen judiziala argia izan zela gogora ekarri du sindikatuak: «Gure eskaria aintzat hartu eta martxoaren 11ko epaiketa egin arte lanaldiaren aldaketa kautelaz geldiarazteko agindu zuen, berariaz adieraziz ez zegoela enpresaren erabakia justifikatzen zuen arrazoirik».

Norabidea zuzendu beharrean, enpresak beste bide bat hartu duela azaldu du LABek, «18 amarradore berri kontratatuz, funtsezko aldaketaren bidez inposatu nahi zuen ordutegi harekin». Sindikatuak azpimarratu duenez, kontratazio horiek adostutako deialdi-irizpideei jaramonik egin gabe egin dira, eta kanpoan utzi dituzte aspalditik zerbitzuak ematen zituzten behin-behineko langileak.

Erabaki hau «epailearen ebazpena saihesteko ahalegin argia» dela uste du LABek, bai eta «behin-behineko langileen aurkako eraso zuzena» ere. Gainera, enpresak LABeko ordezkari sindikala kaleratu du eta hiru langile zigortu ditu, «ordezkari sindikalen eta langile guztien aurkako eraso kontzientea» burutuz.

Erabakiaren aurrean, argi mintzatu da sindikatua: «Eraso bakoitzak gure determinazioa eta batasuna indartzen ditu». Ildo beretik, gatazkaren eskaladaren erantzukizuna enpresarena dela adierazi dute, «errepresioaren bidea» aukeratu baitu.

Eskaera zehatzak

Hori dela eta, enpresari galdegin diote, kaleratutako ordezkari sindikala berriz hartzea, ezarritako zigor guztiak kentzea, kautelazko neurri judiziala osorik errespetatzea, lan-baldintzen funtsezko aldaketa behin betiko kentzea eta lekualdatutako behin-behineko langileak itzultzea.

Horregatik, langileak «batasunera» deitu ditu sindikatuak: «Hau ez da etsipenaren unea; duintasunaren, antolakuntzaren eta borrokaren garaia da».