Connor Hersonek trad munduko lehendabiziko 9a+ proposatu du
Stawanus Chief-en (Squamish, Kanada) dagoen «Drifter’s Escape» bidearen lehen igoera sinatu du 22 urteko estatubatuarrak. Zailtasunari baino marra horretan bizitako esperientziari eman nahi izan dio garrantzia eskalatzaile gazteak.

Connor Hersonek 22 urte besterik ez ditu, baina lasai asko esan daiteke Ameriketako Estatu Batuetako belaunaldi berriaren ordezkari garrantzitsuenetarikoa bihurtu dela. 15 urte zituela, komunikabideen lehen lerroan azaldu zen Kapitaineko 'The Nose' bide enblematikoa (8b+, 1.000 m) era askean igo eta gero. Kapitaineko murru enblematiko horretatik irten gabe, eskalatzaile estatubatuarrak bi jarduera azpimarragarri egin zituen joan den udazkenean. 'The Nose'-n bertan izan zen lehenbizikoa; izan ere, librean eta egunean igo zuen, bederatzi ordu eta erdian. Hori egiten hirugarren eskalatzailea da; Lynn Hill eta Tommy Caldwell zituen aurretik. Bigarrenean, berriz, 'Triple direct'-i (8b+, 1.000 m) puntu gorria jarri zion. 30 luze eta 900 metro dituen ibilbide horrek 'Salathe', 'Muir Wall' eta 'The Nose'-ren luze batzuk lotzen ditu. Azken marra horren bi tarte zailenak ere eskalatu behar izan zituen: 'Great Roof' eta 'Changing corners'.
Bestalde, eskalada lehiaketetan sartu-irten batzuk egin dituen arren, ez da kirol eskaladan erabat murgildu. Ez, eskalada tradizionala edo trad-a eta horma luzeak izan dira (eta dira) gazte estatubatuarraren 'jolastokiak'. Eta hori diogu azken zazpi urteotan eskalada tradizionalean goi-mailako igoerak egin dituelako. Adibidez, luze bateko 8c+ mailan: 'Meltdown', 'Magic Line' eta 'Blackberad’s tears'. 8c zailtasunean: 'Cobra crack' eta 'Crack of destiny'.
Aipatutako horien guztien gainetik Hersonek bazuen beste 'izar' bat: 'Empath'. Lerro horren lehen igoera egin zuenean, 9a+ bezala aurkeztu zuen. Baina denboraren poderioz proposamen horrek indarra galdu eta hurrengo errepikatzaileek 8c+/9a mailan kokatu dute.
Orain, berriz, badirudi 9a+ zailtasunera igo dela 'Drifter’s Escape' bidearekin. Nahiz eta iazko uztailaren 14an lehen igoera egin zuen, jarduera horren berri azken egunotan eman du. Zergatik atzeratu du notizia? Bada, Eric Bissell zuzendariak Hersonek marra horretan izan duen prozesu guztia filmatu duelako eta ekoizpena heldu den martxotik aurrera Mellow Film Tour biran eskainiko delako. Duela gutxi, antzeko egoera bizi izan genuen Sean Baileyrekin. Eskalatzaile estatubatuarrak 'Duality of Man'-ekin 9c mailako munduko laugarren proposamena aurkeztu zuen. Protagonista horrek iaz lortu zuen arrakasta hori, eta Hersonena bezala Baileyren dokumentala ere Mellow Film Tour biran emango dute aurki. Hitz gutxitan esanda, joera hori asko zabaltzen ari da eskalatzaile estatubatuarren artean.
Baina jorra dezagun Herson eskalatzaile gaztearen balizko mugarri historikoa. Squamish-en (Kanada) kokatuta dago 'Drifter’s Escape'; hain zuzen ere, Stawamus Chief sektorean. 20 metro baino ez dituen bide horretan artesi estu-estuak dira protagonista. Artesi zuzenak granito leun batean. Berez, artifizialean igo zen lehen aldiz. Hersonek, berriz, apustu handia egin zuen era askean egiteko eta arrakasta izan du bi urteko ekinaldien ondoren. Bere sare sozialetan adierazi du zorte handia izan duela Squamisheko murru eder hori eskalatu duelako: «Ibilbide horretan igaro nuen denbora oso dibertigarria zein positiboa izan zen. Une berezi horiek nirekin partekatu zituzten lagunei asko eskertu behar diet. Puntu gorria jarri eta hurrengo hilabeteetan ez nuen proposamenik egin. Azkenean, 9a+ bezala aurkeztu dut, baina, niretzat, zenbaki eta letra horiek baino askoz garrantzitsuagoa da bizitako eskarmentua».

9a+ maila baieztatuko balitz, 'Drifter’s Escape' trad munduko lerro gogorrena bihurtuko litzateke 'Bon voyage' (9a), 'Tribe' (9a?) eta 'Crown royale'-n (9a) aurretik.
«Pribilegioa»
Aurreratu dugu 'Drifter’s Escape'-k arrakala estu-estuak dituela. Eskalada tradizionala denez, Hersonek bere burua ohiko tresneriarekin babestu behar izan zuen. Hain zuzen ere, friend eta fisurero txikiekin. Zailak ez diren lehen metroetan, berriz, bi parabolt daude. Horiek balizko eroriko oso txar bat babestu ahal izateko jarri ziren.
Txapa horien inguruan, lerrootako protagonistak esan du bidea probatzera joan zenean han zeudela eta horiek kentzeko asmoa ez zitzaiola burutik pasatu. Ez omen du trad-aren inguruan argudio pedanterik eman nahi, eta gehitu du ez dela igoera 'tradizional' bat aldarrikatzen ari eta eman dion maila proposamen hutsa baino ez dela. Horrez gain, gaineratu du hedabideak saiatuko direla egin duen eskalada hori beste bide batzuekin alderatzen. Batez ere, zailtasunari eta estiloari dagokienez. Baina, Hersonentzat, soilik proiektu dibertigarri bat izan da, arrokazko metro eder batzuetan: «Pribilegio handia izan da ibilbide hori era askean igotzea».
Eskalatzaile estatubatuarrak lan eskerga egin behar izan du helburua biribildu ahal izateko. Bi urtean hogei bisita inguru egin dizkio 'Drifter’s Escape'-ri. Muturreko maila duten trad-eko lehen ekinaldiak soka gainetik egiten dira; hots, top-ropean. Ez omen ditu saialdiak zehazki zenbatu. Soka estatiko bat jarri eta segurtasun horrekin mugimendu eta sekuentzia egokienak bilatzen jardun zuen. Ondoren, soka estatikoa baztertu eta benetako ekinaldiak hasi zituen. Eskalatzaileak onartu du une estresagarriak bizi izan zituela. Izan ere, bere burua babesteko artesi estu horietan jarritako tresneria oso txikia zen. Eroriko luzeak zein arriskutsuak izan zituen, batez ere bidearen tarte zailenetan. Pausu gogorrak gainditzeaz gain, Hersonek mantel bat egin behar izan zuen; mugimendu hori ez da batere ohikoa izaten izaera horretako lerroetan. Mantel horretan huts egin izan balu hamabi metroko erorikoa izango zukeen. Bide batez onartu du ibilbide horretan edozein unetan erortzeko aukera dagoela.
Bestalde, estatubatuarrak onartu du, kateatu dituen muturreko beste bide batzuekin alderatuta, 'Drifter’s Escape' ezberdina dela. Zailtasun teknikoari dagokionez, 8a+ mailako bi giltza ditu. Oro har, ezaugarri horiek dituen bide batean, zehaztasunak, kemenak eta teknikak agintzen dute.

Lehen metroak 7a+ mailako bloke batekin hasten dira: asko eskatzen duen dülfer teknika, tentsioan dauden oinak, orpoarekin egiten den laguntza larria… Ondoren, lehen giltza gainditu behar izan zuen: gutxi gorabehera, 8a+ mailakoa. Gainera, oso berezia. Izan ere, mugimendu dinamiko ikusgarri bat egin zuen helduleku txiki batera heltzeko. Tarte horretan zuen babesleku bakarra fisurero txiki bat izan zen.
Hurrengo metroak artesien artean eskalatu zituen. Tarte horrek arnasa hartzeko lagundu zion; gutxi, baina, bederen, nahikoa marraren bigarren giltza edo sekzio gogorrena 'lasai' eskalatzeko. Lehenbizikoarekin alderatuta, bigarren hori (8a+ mailakoa baita) teknikoagoa da. Zeharkaldi batekin bidea amaitu eta bilgunera iritsi zen: «Oso zaila da lerro hain perfektu bat aurkitzea. Horregatik, mugimendu gutxi batzuk egiteko gai bazara, uste dut merezi duela probatzeak».

Garzón, el juez que desoyó cientos de denuncias de tortura, preside la ‘Comisión de la Verdad’

Dos profesores, enjuiciados por delitos de carácter sexual en Irun y Zizur Nagusia

La jueza cierra el caso de Amaya Zabarte al no discernir ni proyectil de foam ni patada

El donostiarra Juan Carlos Herrador queda en libertad tras cumplir 19 años de condena
