Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Kasu artzain eta artisauen pentsamendu aurreratuari

Ezkioko Igartubeiti baserrian azaldu bezala, landa mundua bidegurutzean da: despopulatzea, errelebo falta, handiak txikia jatearen aldeko politika publikoak, elikadura burujabetzaren galera… Artzain eta artisauek, baina, pentsamendu oso landuak, diskurtso oso aurreratuak dauzkate. 

Itziar de la Granja (Zegamako Zumitzi Saskigintza) eta Jordi Abella (Ecomuseu de les Valls d’Aneu)
Itziar de la Granja (Zegamako Zumitzi Saskigintza) eta Jordi Abella (Ecomuseu de les Valls d’Aneu) (Jon URBE | FOKU)

Ezkioko Igartubeiti baserrian memoria kondentsatu egiten da. XVI. mendearen erdian eraikia, izan ginena eta garenaren lekukoa da, etnografiaren, historiaren, kulturaren, arkeologiaren eta arkitekturaren altxorra. Igartubeiti Baserri Museoak duela 25 urte ireki zituen ateak, eta, ordutik, baserriaren ondare materialaren jagole izateaz gain, hainbat kultur ekintzaren eta pentsamenduren habia eta ideien zirkulaziorako bidea ere izan da. Baserriko, basoko, landa eremuko bizitzen eta ofizioen arteko elkarrizketa gunea.

Urruti gabe, pasa den ostegunean izan genuen horrelako ariketa emankor bat. Patrim 4.0 (Pirinioetako Kultur Ondarearen Berrikuntza eta Kudeaketa Sarea) programaren barne antolatutako “Lurraldea, tradizioa eta transmisioa” jardunaldia egin zen Igartubeitin. Artzainak, artisauak, artistak, museologoak… jarri zituzten hausnarrean, landa munduak eta landa komunitateek bizi dituzten atakak, desafioak eta arriskuak aletzen, egoeraren iluna ezkutatzeke beren jakintza partekatzen eta berraktibatu behar den inteligentziarekin «argi puntuak» eskaintzen.

Mamu ala arbaso?

Lehen saioa Josebe Blanco artzain eta idazlearen eta Intza Barandiaran Goierriko Biziola nekazari kooperatibako kidearen eskutik etorri zen, “Etorkizuna ereiten: nekazaritzaren eta artzaintzaren indarra” hitzaldiarekin. Pikunieta baserriko artzain eta gaztagileak hartu zuen lehenbizi hitza, eta artzainen inguruan betidanik esan dena baieztatu zuen: kontuz ibili behar da haiekin, denbora asko dutelako pentsatzeko! Eta bai, bere ardien hausnarrak bezala, bere hausnarketek hori zekarten: pentsamendu trinko ondo mastekatua, diskurtso oso landua, urrutiko gogomira eta zer pentsa ematen duten txokora botatako dejada eder askoak.

Pikunieta baserriaren historiarekin hasi zen, Azkoitiko hiru gaztek proiektu kolektibo baten inguruan lau harri besterik ez zen erretako baserria berreraikitzeari ekin zioten unetik. Pikunieta (Antzuolan “Pikulitxa” eta Bergaran “Pikulixa” izenez ezagutua) ezleku batean dago; hala, aski ezaguna da Bergaran «Pikulixan jak!» esamoldea «lekutan dago» esateko. Bada, bertan errotu zen kolektibotasunetik eta lau zutabe sendoren gainean altxatutako proiektua, dirurik gabe, argirik gabe.

Ekologikoan lan egitea dute lehenbiziko ardatza, agroindustriak malguarazi dituen arauetatik harago. Gertutasuna, bigarrena, bi norabidetan: Pikunietara sartzen den guztiak izen-abizenak dauzka, ezagun dute ekoizlea, ez da Bilboko portutik eta Forondatik pasatzen; eta Pikunietatik ateratzen den guztia gertu geratzen da, gure umeen meriendetan kasu, ez doa Madrileko edo Donostiako jatetxe garestietara. Pertsonen neurrira lan egitea da beste ardatz bat, ahalguztidunak garela pentsatzeke, neurriz kanpo jokatzeke, lurretik eta animalietatik bizi baino lurrarekin eta animaliekin biziz, bestela, mistela baitator: zorpetzea, ahultzea, prekario bizitzea… Azken ardatza ekonomia sozial eta solidarioa da, bestela ez baitago ez komunitaterik, ez herririk, ez erantzukizunik.

Bukatzeko, bi ideia indartsu utzi zituen Blancok: gure ondorengoentzat zer izan nahi dugu? Mamu ala arbaso? Eta hari horretatik tiraka, Pikunietan esnatzen direnetik ohera sartzen diren arte politika egiten dutela argi utzi zuen.

Ondoren, Intza Barandiaranek hartu zuen hitza. Biziolako esperientzia aurkeztu zuen, landa eremuko zerbitzuen atzerakadaren erdian, ekoizpen proiektu bideragarri eta bizigarria sendotzea helburu duen egitasmoa. «Huelvako marrubi ekologikoak» beharrean hemen bertakoak diren Itsasoko marrubiak eskainiz, produkzio txiki eta askoren alde apustua eginez eta ez, egungo politika publikoek bezala, makroproiektu gutxi eta handien alde.

Bukolikotasun eta erromantizismotik aldenduz, paisaia berde bateko postal ez direlako, eredu berri posibleak bistarazteko gonbidapena eginda, datuak gordin-gordin eman zituzten: orain dela hamar urte EAEn 100 ardi baino gehiagoko 800 artzain-etxe zeuden, egun 230 dira. Broma gutxi. Eta ordenagailu kuantiko bat gure kezka eta inbertsio nagusi?

Bertako bizimoduak

Bigarren hitzaldia “Lanbide tradizionalak: etorkizun jasangarri baterako sustraiak” izenekoa izan zen, Itziar de la Granja saskigilearen eta Jordi Abella antropologo eta Ecomuseu de les valls D’Àneu museoko zuzendariaren hitzaldiekin. Bere ibilbide pertsonala esplikatu zuen De la Granjak. Eltzegintza bezala, saskigintza ere mende luzez ezinbestekoa izan genuela aipatu zuen, umil eta ohiko, beti ondoan, beti bidaide, delako aurrerabidearekin batera plastikoa etorri eta ofizio jan zuen arte. Baina ofizio jasangarria da, bertako material naturalak eta landareak erabiltzen dituena. Terapia ere bada, adin guztietako pertsonentzat aktibitateak garatzen dituelako. Eta, gainera, hezigarria da, ahalmenak eta berrikuntza bultzatzen baititu.

Euskal Herrian gaztainondoa saskigintzaren erregea izan da, orain gaitzak jota dagoen arren. Zegamara, amonaren jaioterrira, joan zen Donostiatik De la Granja, eta bertan eskulan ikastaro bat ematen ari zela ezagutu zuen Inaxi Urreaga, saskigintzaren ofizioa erakutsi ziona. Falta zitzaion katebegia izan zen. Gaztainondoarekin ikasi eta egun, zumea, espartzua, hiazintoa edo arto hostoak ere erabiltzen ditu; teknika berrien eskutik, gainera, etxerako saskietatik haragoko eskala duten lanak ere egiten ditu, artelanak eta beste.

Pirinioetako esperientziak ekarri zituen gero Jordi Abellak. Lau paretetatik harago lurraldera zabaltzen diren ekomuseoen eskutik, ondarea, kultura eta tokiko bizitza lotzeko moduak jorratu zituen, Pirinioetako kasuan, adibidez, hurritzarekin egindako saskigintza edo ardi larru onduarekin egindako jantzigintzaren jakintza zaharrak errekuperatuz eta berraktibatuz. Baina, hori bai, horretan azpimarra jarri zuen: beti bertan bizi direnen zerbitzura arituz, folklorismorik gabe, «ezpela eta saguzarra errespetatu behar direla esan eta mendian bizi direnak errespetatzen ez dituen aitakeria jarreretatik ihes eginez».

Abellaren aburuz, kultura ez delako luxua, bertoko eta bertokoen duintasuna da. Are, tradizioa ez delako aldagaitza, eraldaketa existentziaren oinarrizko forma delako. Lurraldea ez delako hainbeste paisaia bat, bertakoak eta beren aktibitateek, kulturak eta bizitzeko moduek osatzen dutelako. Eta gauza handiak egiteko joera kritikatu zuen, arrain handiek txikia jatekoa, landa eremuko inteligentzia eta jakintzak punta-puntakotzat ez hartzekoa.

Artile umil erradikala

Hirugarren hitzaldian, azkenik, artileaz jardun ziren, erresistentziaren eta memoriaren ikur gisa, galzorian izan den artzaintzaren ofizioaren beste aurpegi batez. Galeraren, hondakinaren eta biziraupenaren historiak kontatzen dituen material umil eta erradikal batez aritu ziren, hondakin izateari utzita agiri, memoria gordailu eta estimu kolektibo izatera pasa dena.

Laurita Siles artistak, estintzio arriskuan dagoen Karrantzako ardi mutur-beltzaren artilearekin egindako artea ekarri zuen, zinez ederra den egitasmoa aurkeztuz. Artilea lurralde politiko bihurtzen du, errendimenduan eta gehiegikerian oinarritutako produkzio ereduen aurrean zaintzaren beste ekonomia bat proposatuz. Lurrari, hitzari eta ofizioei lotutako jakintza ez hegemonikoak berraktibatuz.

Silvia Cliville Maduixa Gorria artile artisauak, berriz, «une on» samar bat bizitzen ari direla aipatu zuen, jendeak deitzen duela, artilearen inguruan interesa handitzen doala. Bere sortze prozesuaren inguruko bideo eder bat ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek, eta, ondorengo hitzaldian, hasieratik bukaerara eskuz eta mimoz artilezko produktu bat egitea, izan galtzerdiak, etxeko zapatilak, lanpara bat edo alfonbra bat, argi puntu baten modukoak direla aipatu zuen. Eta gero eta gehiago izan, orduan eta argitasun gehiago denontzat. Artileak etorkizuna duela argi du, artetik kanpo, diseinutik kanpo, «urre zuri» hori eta bere ofizioak ez direlako betirako galduko.