Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Hauskortasuna, memoria eta erresilientzia

SORRY, BABY
AEB, 2025. 103’. Zuzend eta gidoia: Eva Victor. Akt.: Eva Victor, Naomi Ackie, Lucas Hedges, John Carroll Lynch. Musika: Rob Rusli. Argaz.: Mia Cioffi Henry.

‘Sorry, baby’ filmeko eszena.
‘Sorry, baby’ filmeko eszena. ( PASTEL, Tango Entertainment)

Sundance jaialdian eta Canneseko Zinemagileen Hamabostaldian arrakasta itzela lortu ondoren, denboraldi honetako AEBetako zinema independentearen sentsazio bihurtu da ‘Sorry, Baby’ filma. 

Agnes literaturako irakaslea da Ingalaterra Berriko unibertsitate batean. Bizitza lasaia eta egonkorra du campusean. Ikasle-garaiko lagun minaren bisitak, ordea, oraindik ere atsekabetzen duen iraganeko gertakari latz bat azaleratuko du. Narrazio zatikatu baten bidez, filmak haren egunerokoa jarraituko du, lotura pertsonalak berregiteko duen zailtasuna ardatz hartuta, eta hauskortasunari, memoriari eta erresilientziari buruzko erretratu intimo eta neurritsua eraikiz. Filma bost kapitulutan banatuko da.

Opera prima honen zuzendaria, gidoilaria eta aktore protagonista Eva Victor da, eta sexu-abusuen eta haien ondorioen inguruko narratibak goitik behera berritzen ditu.

Phoebe Waller-Bridgek (‘Fleabag’) edo Michaela Coelek (‘I May Destroy You’) gogora ekartzen dituzten tonu eta ñabardurekin, ‘Sorry, Baby’-k tremendismotik ihes egiten du, eta bortxaketa baten biktimaren esperientzia –oraindik ere tabu den gaia– goxotasunez, enpatiaz eta umore ukitu batez jorratuko du, ‘izan behar duen’ jarrerari buruzko estereotipoei izkin eginez.
Itxuraz trauma baten ondorioekin borrokan ari den irakasle gazte baten erretratu intimoa dena, azkenean gogoeta erradikal bihurtzen da: nola bizirauten dugun, nola gogoratzen dugun eta, batzuetan, barrea nola bihurtzen den minaren aurrean posible den hizkuntza bakarra.

Eva Victor

Jatorri frantziarreko aktore, idazle eta zuzendari estatubatuarra da. Komediaren esparruan hasi zuen bere ibilbidea, eta bertan idazkera zorrotzagatik eta ironia eta zaurgarritasun emozionala uztartzeko gaitasunagatik nabarmendu zen. Aktore gisa, ‘Billions’ telesailean aritu zen 2020tik 2023ra, eta ‘Sorry, Baby’ film independentearekin egin du debuta zuzendari gisa. Film horretan egindako lanagatik, Emakumezko Aktore Onenaren Urrezko Globorako izendapena jaso zuen.