
JAKA-IZTUETA 13
LASO-ALBISU 22
«Gure sekretua da ez dugula tanto bakar baten ere etsitzen. Lanerako gaude bai Jon Ander –Albisu– eta biok eta tantoak gogortzeko ez dugu beldurrik. Horrela jokatu behar dugu gainera», iritzi dio Unai Lasok Binakako Txapelketako finalerdi hauen aurreneko jardunaldia amaitzek partida irabazi ostean. Jakak eta Iztuetak lana beltz egin dute eta lan eginarazi diete Laso eta Albisuri, baina partidaren erditik aurrera aldea atera dute urdinek.
9-11raino neurketa oso berdinduta joan da dema, eta 10-11koa ez dute urruti izan gorriek, baina goregi joan zaio pilotakada Erik Jakari eta konturatzerako, 9-19raino alde egin dute Lasok eta Albisuk. «Hau txapelketa berri bat da eta orain arte egindakoak ez du ezertarako balio» adierazi zuen Albisuk partidaren bezperetan, baina garbi geratu da ligaxkan egindako lan ona finalerdietan ere berresteko kapaz direla Bizkarreta-Gerendiaingoa eta ataundarra.
Horrek beste inor baino faboritoago bihurtzen al ditu? Baietz esatea asko arriskatzea baldin bada, ezetz esatea ez da erremedio hobea, ikusitakoak ikusita.
Materialarekin aldeak
Iztuetaren aurka «bi baten kontrakoa» egiten aritzeko beldur zen Erik Jaka partida hasi aurretxoan eta ez zaio arrazoirik falta izan. Nolanahi, Lizartzako aurrelaria saiatu da gogotik jokoa nahasten eta Jaka zein Albisuren potentziazko pilotan egin behar hori nolabait korapilatzen. Nolanahi, bikote gorriak berak ateratako pilota lehor xamar bati etekina aterata, arin atera dute aldea Lasok eta Albisuk, 1-5 aurrera eginez.
1-5ekoarekin atsedena eskatu dute Jakak eta Iztuetak, baina etenaldi horrek ez du bikote urdina askorik hoztu, nonbait, nahiz eta 1-6koa ezker gantxoz amaitu ondotik, Unai Lasok txapapera bota duen hurrengo errematea. Otarrean pilota biziagoa aurkitu dute Jakak eta Iztuetak eta antza denez, arnasaldia ere eman die pilota aldaketa horrek. Atzeko koadroetatik Iztuetak errazago gainditu ahal izan du Laso eta Jakak berak ere errematean sartzeko tarte handiagoa aurkitu du, baita aukera izan duelarik amaitu ere, aitaren batean 5-6 jarri dira-eta.
Berdinketa ere lortu dute gorriek, Albisuri errestoak gora ihes egin ostean. Alabaina, ez dute aurretik jartzea erdietsi, zabaleko arrastoa bikain bilatu ostean 6-7koa Unai Lasok egin baitu, Nafarroa Arenako ikusleak zutik txaloka jarriz.
Txaloei jaramon larregirik egiteke, pilota zekenago hura berehala atera dute urdinek eta berehala bistaratu da Iztuetak askoz gehiago sufritzen hasi dela. Ondorioz, pilotakada gutxiren buruan berriz ere bikote urdinak hanka egin du markagailuan eta jokoa ere beren menpean hartzen hasi dira: 6-10 bigarren pilotakadarekin txokoan bi erremate kateatu ostean Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak.
Erik Jakak eta Martxel Iztuetak sufritzea eta defendatzea beste erremediorik ez dute izan, arerioak 6-11raino joan ostean, hamaikagarrena bi hormako dotore batekin amaitu ostean. baina sufrimendu horrek bere saria ekarri du, Unai Lasoren hurrengo errematea txapapera joan baita. Eta magia balitz bezala, jokoaren norabidea gorrien aldera jarri da, eta markagailua arin berdindu, Jakak errematerako zer-nolako abilezia duen beste behin argi geratu delarik.
Baina 9-11 hurbildu eta 10-11koa egitear izan ostean, Laso eta Albisuren defentsak Jakaren hutsegitea behartu du eta aurreneko atsedenaldira 9-12 iritsi dira partida eramateko faborito nagusiak. Nolanahi, partidari sekulako arriskua ikusi zaio orduan ere, jokoan jarritako pilotaren arabera bikote batak zein besteak ekimena hartzen zuelako.
Nondik erasan urdinei?
Dena ezin bikain egin eta bikote gorriari gogotik damutu zaio 10-11ko tantoa amaitu ez izana. Pilota aldatu dute berriro urdinek eta suziriaren moduan aldendu dira. Dela suertez, dela tantoa ondo landuta edo dela defentsan lan eginda, tanto bolada ikusgarria pilatu du beste behin Lasok eta Albisuk osatu duen bikoteak.
Gaizki edo moralez eskas aritu ote dira ba Jaka eta Iztueta? Ezta gutxiagorik ere! Lizartzako aurrelariak amorru galanta ere pasatu du pare bat tantoren ostean, egintzat jotzen zituen tantoak urdinen aldera erori direlako. Iztuetak ere nahi baino gehiagotan ikusi dio bizkarra Albisuri, baina «bi baten kontrako» horretan ez du hasieran uste beste sufritu, ezta gutxiagorik ere. Alabaina, non eta nola sartu tantoa urdinei?
9-18koa ere gogorra izan da gero! Izan dute Jakak eta Iztuetak aukeraren bat, baina menpean tantoa hartu du Albisuk eta dantzan erabili ditu Lasorekin batera bai jaka zein Iztueta eta azkenean, bederatzi eta erdian baztertu den pilotakada batekin amaitu du Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak. Pilotazale zaharrenek esango luketen moduan, dejadarik onena, bederatzi eta erdian baztertzen dena.
9-19raino aldendu dira urdinak eta, zinez, partida hautsitzat jo zitekeen ordurako. Hurrengo tantoa markagailua estuago egon izan balitz akaso polemikarik piztu zezakeen, oso dudako pilotakada txartzat eman diotelako Unai Lasori. Hurrengo tantoan, berriz, Albisuri goregi joan zaio, garbi. Besterik ezean, markagailua txukundu dute bederen gorriek, baina horrek ere ez zituen poztuko Jaka eta Iztueta, Binakako Txapelketako finalera begira tanto aldea oraindik oso kontra jarri zaielako.
Nolanahi, ez diote lanari laga eta 13-20raino ekarri dute neurketa, Iztuetak atzean sartu duen tantoaren ostean. Atsedenaldia eskatu dute urdinek, eta baita nahikoa dela erabaki ere. Zabalean egin du azken-aurrekoa Lasok eta azkena, berriz, atzean sartuta. Finala oraindik urruti dagoen arren, baina urrats handia eman du orain arteko Binakako Txapelketako bikoterik onenak.
PARTIDAKO FITXA
Iraupena: 78.13 minutu. Pilotakadak: 697. Sakez: 1 Jakak eta 2 Lasok. Jokoan egindakoak: 5 Jakak eta 1 Iztuetak; 12 Lasok eta 2 Albisuk. Jokoan galdutakoak: 4 Jakak eta 2 Iztuetak; 4 Lasok eta 2 Albisuk. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-6, 2-6, 6-6, 6-7, 6-11, 7-11, 9-11, 9-12, 9-19, 10-19, 11-19, 11-20, 13-20, 13-22. Gorabeherak: Finalerdietako aurreneko jardunaldia, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan, 1.764 ikusleren aurrean. Aurrenekosakea, urdin.

Fallece el corredor de montaña legazpiarra Jokin Uribetxeberria en el monte Korosti

Una trifulca de bar que ha durado 10 años: se cumple la última condena por el ‘caso Altsasu’

Irán advierte de nuevas armas, ataque a «gran escala» en Teherán: lo último de la guerra

Samaa Kadri Kasmi: la mejor nota de Bachillerato en Nafarroa tiene nombre y vocación

