NAIZ

Leire Esnal-Erik Gaton eta Sergio Rodriguez-Edorta de Anta, Bizkaiko Irekiaren txapeldunak

Euskal Pilota Egokitua Zirkuituak bere lehen txapelketa izan zuen Bizkaian, igandean Basaurin. Berdintasunaren festa handi bat izan zen jaialdian, Leire Esnal-Erik Gaton –adimen urritasunarekin– eta Sergio Rodriguez-Edorta de Anta –urritasun fisikoarekin– izan ziren txapeldunak.

Euskal Pilota Egokitua Zirkuituaren Bizkaiko Irekiaren txapeldunak eta gaionontzeko parte hartzaileak.
Euskal Pilota Egokitua Zirkuituaren Bizkaiko Irekiaren txapeldunak eta gaionontzeko parte hartzaileak. (EUSKAL PILOTA EGOKITUA )

Inklusio sozialerako eta talentuen garapenerako bidean, Euskal Pilota Egokituak beste urrats garrantzitsu bat eman zuen igandean Basaurin, Bizkaiko Irekiaren lehen txapelak banatuta. Orain arte Gipuzkoara mugatzen zen ekimen honek plaza berriak izango ditu aurten eta Esnal-Gaton eta Sergio Rodriguez-Edorta de Antak estreinatu dute Bizkaiko txapelketaren palmaresa, berdintasunaren festa handi bat izan zen jaialdian.

Kirolari hauen ikusgarritasuna gero eta handiagoa da eta dagoeneko hiru dira Bizkaian kirol egokitua lantzen duten klubak: Haszten, Gorabide eta Zartada, horren adierazle igandeko finalean bi ordezkari bizkaitar lehiatu izana.

Adimen urritasuna dutenen arteko finalean, Leire Esnal zumaiarrak eta Erik Gaton donostiarrak nagusitasunez eraman zuten euren finala, Daniel Calviño eta Jurdan Arakistaini 22-11 gailenduta. Atzelari gipuzkoarra txapelketako berrikuntzetako bat izan da eta sekulako maila erakutsi du, pilota ezker-eskuin indar handiz mugituz.

Bikote gorriak hasiera-hasieratik hartu zuen markagailuaren aginte makila eta, partida oso serioa eginda, berehala hautsi zuten finala. Calviño bizkaitarrak eta Jurdan Arakistainek ere ez zuten euren egunik onena izan, opari batzuk egin zituzten eta 20-7 aurreratu ziren Esnal-Gaton. 

Azken txanpan, ordea, Calviño-Arakistain, zertxobait lasaitu eta orduantxe ikusi ziren partidako tantorik politenak, bereziki bi atzelarien arteko dema politarekin.

Garaipenetik urrun geratu ziren Calviño-Arakistain, baina markagailua apur bat txukuntzea lortu zuten, Basauriko frontoira gerturatu ziren pilotazaleen gozamenerako. Harmailaren babesa izan bazuen ere, Portugaleteko aurrelariak ez zuen lortu txapela Bizkaian gera zedin, baina bera finalerako sailkatu izanak agerian uzten du herrialde honetan ere euskal pilota egokitua bere bidea egiten hasi dela eta hori da, ezbairik gabe, garrantzitsuena.

Sergio Rodriguez-Edorta de Anta, don eutsiz

Lehen erdian behintzat, orekatuagoa suertatu zen urritasun fisikoa duten pilotarien arteko dema. Espero zen bezala, Beñat Lizasok oso indartsu hasi zuen finala, bikotearen zama bizkar gainean hartuta, partida hausten saiatu zen oiartzuarra. Alde txiki batzuk ere lortu zituzten hasiera horretan, 4-1 ere aurreratu ziren, baina Sergio Rodriguez eta Edorta de Antak ondo eutsi zieten, txapelerako bidea partida gogortzetik pasako zenaren jakitun.

Fernandez eta Lizasok beste aldetxo batzuk ere zabaldu zituzten, 10-8 ere aurreratu ziren, baina azkenerako atzelari gipuzkoarrari lanak pilatu zitzaizkion, nekea nabaritzen hasi zen eta hortxe hasi zitzaien finala ihes egiten. Epaileak eman ez zion buelta batek ere ez zion batere mesederik egin partidatik pixka bat irten zen Lizasori. Aurkariei eusten sufritu ostean, gozatzeko tenorea heldu zitzaien Sergio Rodriguez eta Edorta de Antari eta partzial izugarri batekin, 14-3, merezita eskuratu zituzten Bizkaiko Openaren lehen txapel hauek.

Bizkaiko Open arrakastatsu honen ostean, Gipuzkoak hartuko du Zirkuituaren erreleboa, Lasarte-Oriako kanporaketa eta Zumarragako finalekin.