
Joan den azarora arte, Rell Lennoxen izena erabat ezezaguna zen. Eta, neurri handi batean, jarraitzen du izaten. Alabaina, eskalatzaile estatubatuarrak Kapitaineko udazkeneko denboraldian egin zuen eskalada batek Yosemiteko eskaladaren historian protagonista izatera eraman zuen. ‘The Nose’ ibilbide mitikoa bakarkako estiloan igo zuen hiru egun eta erdian.
Gogoratu behar da emakume gutxik igo dutela estilo horretan mila metro luze den lerro hori. Lennox horietako bat da, eta, gainera, jarduera horri bere adina gehitu behar zaio: 20 urte. Hortaz, ‘The Nose’ bakarka sinatu duen neska gazteena bihurtu da.
Bestalde, aurreratu behar dugu eskalatzaile honek modu oso berezian (azkar?) lortu duela arrakasta handi hori. Unibertsitatean zegoela, eskalada tradizionala ezagutu eta harrapatuta geratu zen. Indar handiz jaso zuen agerraldi hori; izan ere, gutxira ikasketak utzi, furgoneta hartu eta eskaladan erabat murgildu zen. Duela sei hilabete, berriz, lehen hormatzarra eskalatu zuen. Ondoren, beste helburu batzuk izan ditu, besteak beste, ‘The Nose’ bera. Kide batekin lehen bisita izan zuen, eta bide hori bi egun eta erdian igo zuen.
Eskarmentu horien ondoren, Lennoxek Silvia Vidalen izena entzun eta haren historiaren pasarte batzuk arakatzen izan zen. Gogora dezagun eskalatzaile katalana bakarkako estiloan erreferente nagusia izan dela munduan. Estatubatuarrak esan du Vidalek eta beste emakume batzuek Kapitainen eginiko eskaladek inspiratu dutela: «Horrek guztiak asko motibatu ninduen. Bakarkako eskaladetan ez nuen eskarmenturik, eta logistikaren eta estilo horren inguruan pixka bat informatu eta gero, martxan jarri nintzen. Goizeko 5.00etan hasi nuen ‘The Nose’-ko jarduera hori. Asko gustatu zitzaidan Silviak hartzen zuen erabaki bat: ez zion inori esaten bide bat bakarka eskatu behar zuenik. Eta nik ere jarrera hori hartu nuen; soilik kide batzuei esan nien».
«Abentura»
Eskalatzaile gaztearen jarduera ez zen batere ondo hasi. Eskarmenturik ez zuenez, hainbat akats egin zituen. Gauez hasi zen igotzen eta, besteak beste, bosgarren luzera arte arazoak izan zituen. Une jakin horretan Lennoxek onartu du igoera bertan behera uzteko zorian egon zela: «Lau orduko eskaladan hormatik ia erori nintzen, sokarekin nahastu nintzen, tresneria antolatzerako orduan nahastu nintzen… Horretaz gain, banuen beste kezka bat; izan ere, lerro horretan hainbat talde zeuden. Baina, zorionez, soilik lau talderekin egin nuen topo. Horrek asko motibatu ninduen aurrera jarraitzeko. Oso emozionatuta nengoen horma luze horretan ia bakarrik nengoelako, baina uneoro logistikak asko arduratzen zidan. Bigarren gauerako oso nekatuta nengoen; uste dut oheratu aurretik ez nuela ezer jan».
Biharamunean, berriz, ‘Great Roof’ luzearen oinarrira heldu zen. Sabai erraldoi horrek sona handia du ‘The Nose’-n, eta eskalatzaileak onartu du jarduera osoaren une gorena izan zela. Luze hori beldurgarria iruditu zitzaionez, urduri zegoen. Baina lehen metroak eskalatzen ari zela, egoera erabat irauli zen: «Beth Roddenek eta Lynn Hillek tarte horretan era askean igo zutela pentsatzea berezia izan zen oso. Bosgarren kanpalekura (24. luzea) iritsi orduko leher eginda nengoen. Gainera, denbora neraman inor ikusi gabe; egoera hori erokeria hutsa iruditu zitzaidan. Oso-oso bakarti sentitu nintzen».
Laugarren egunean gailurrera heldu zen ‘The Nose’-ko eskalada atzean utzita. Oso nekatuta, deshidratatuta eta eguzkiak kiskalita. Baina, era berean, pozarren igoera hori arrakastarekin biribildu zuelako eta tontorrean aita zain zuelako. Elkarrekin haranera jaitsi zirenean, Lennoxek ez zuen egoera berezirik bizi: «Nahiz eta erabat hustu nintzen, onartzen du ‘The Nose’bakarka igotzeko hartutako erabakiak merezi izan zuela. Igoera guztian ondo pasa nuen, baina une jakin batzuk zailak eta beldurgarriak izan ziren. Maila horretara heldu naiz, eta horrek asko motibatzen nau gauza berriak egiteko. Bakarka eskalatu dudanez, ardura guztiak nik neuk hartu ditut. Estilo horretan Kapitain eskalatzen neska gazteena bihurtzea gauza handia da. Abentura bat bizitzera irten nintzen, eta emaitzak gainditu nau. Historia duten ibilbideek eta istorio ederrek asko inspiratzen didate. Motibazio horretan ere indar handia dute haran horretako paretek».

Samaa Kadri Kasmi: la mejor nota de Bachillerato en Nafarroa tiene nombre y vocación

Quinto día de guerra: más ataques a Teherán pero problemas crecientes para EEUU

Dos chicas de Barakaldo y uno de Balmaseda, entre los fallecidos en la pasarela de Santander

Ahanzturaren aurkako musika: Martxoaren 3koa gogoratzeko 50 abesti
