NAIZ
Donostia

Ehnergia, Euskal Herri osora zabalduko den bigarren mailako kooperatiba energetikoa

Udalbiltzaren muinean ereindako ekimena da Ehnergia. Energia komunitate desberdinak bildu dira eta denak saretuz mugazgaindiko bigarren mailako kooperatiba eratu dute. Horren bidez aholkularitza jaso ahalko dute kideek, eta Udalei ere laguntza eskainiko zaie burujabetza energetikora bidean.

Ehnergiako sustatzaileetako batzuk, Kursaaleko aurkezpenean.
Ehnergiako sustatzaileetako batzuk, Kursaaleko aurkezpenean. (Jon URBE | AFP)

Ehnergia da Udalbiltzak sustatutako energia komunitateak saretuko dituen bigarren mailako kooperatiba. Gaur aurkeztu dute egitasmo berria Donostiako Kursaal aretoan. Clara Rouget Udalbiltzako zuzendariak eman dio ekitaldiari ongietorria. Bizi dugun krisi klimatikoaren aurrean, gaurkoa mugarri gakoa dela adieraziz hasi du bere hitzartzea. «Munduak hartu duen norabide korapilatsu honen aurrean, gure energia propioa ekoiztea eta energian burujabe izatea ezinbesteko erronka bihurtu baita», adierazi du.

Halaber, gaur aurkeztutako proiektu hau, «jarrera indibidualisten aurrean, erantzun komunitarioa eta publiko-komunitarioa aldarrikatzera» etorri da. Horixe baitu funtziorik argiena sortu berri den Ehnergia sareak: Euskal Herrian sortzen ari diren energia komunitateen artean saretzea eta elkarlana sustatzea, egunerokotasunean dituzten beharrak asetu eta aholkularitza lanak egiteko; baita etorkizunean sortuko diren energia komunitate horiei prozesuan laguntzea ere.

Aurkezpenean zehar, sare honen eraketa-prozesua gidatu duen talde teknikoko kideek ere hartu dute hitza, alegia, Artelaneko Oihana Loreak eta Arankoa Abokauak-eko Idoia Zuletek, eta Ehnergiak bigarren mailako kooperatiba baten egitura juridikoa duela azaldu dute; kooperatibaz (energia komunitatez) osatutako kooperatina bat izango da. Bigarren mailako kooperatiba hau, halaber, mugaz gaindikoa izango da.

Kooperatibak komunitateei aholkularitza eskainiko die haien artean saretzerako orduan, eta lagundu egingo diete baita ere Euskal Herriko udalei energia burujabetzarantz pausoak ematen.

Sarea sortzeko prozesua

Udalbiltzako lehendakari Haritz Alberdik prozesuaren aurrekariak gogoratzeko tartea hartu du. «Udalbiltzak aspalditik izan du energia burujabetzaren bidean aurrerapausoak emateko ardura», azaldu du. 2021ean Udal proiektu energetiko komunitario eta burujabeak mintegia antolatu zen Hernanin. Ondoren, 2023an Antzuolan eginiko aurkezpenean, ‘Energia herritarren eskuetan’ izeneko gida aurkeztu zuen Udalbiltzak, Euskal Herri mailan eratuta zeuden edota eratze-prozesuan zeuden energia komunitateen berri emateko helburuz.

2024an Legorretan antolatutako jardunaldia gakoa izan zen prozesu honetan, ordea. Bertan hasi zen ehuntzen egun energia komunitateen hezur-haragizko sare bihurtu den hau. Bertan erabakitakoetatik abiatuta, urte eta erdiz luzatu den prozesu bat garatu du talde motorrak, Ehnergia sareak argia ikusi duen arte.

Talde eragileak azken urtean egindako lanaren berri eman die bertaratu diren lagunei. Aurkezpenean, sarearen ezaugarriak, helburuak, eskaintzen dituzten zerbitzuak, bazkidetza motak eta izaera juridikoa azaldu dituzte. Amaieran, etorkizuneko erronkak aipatu dituzte eta, batez ere, energiaren arloan diharduten komunitateei, udalei eta eragileei elkarlanerako deia luzatu diete.