Sistemaren hutsuneak sare komunitarioekin betetzen
Salaketa jartzera animatzen dugu, normalean, eraso matxistaren bat jasan duen emakume oro. Ez da, ordea, bide erraza izaten eta, arlo desberdinetako adituak bat datoz: ezinbestekoa da emakume horiek behar bezalako aholkularitza juridikoa jasotzea eta profesionalek ondo lagunduta egotea.

Geroz eta gehiago salatzen dute indarkeria matxista emakumeek, ez urteek aurrera egin ahala eraso kopurua areagotzen joan delako, baizik eta andrazkoen kontzientzia maila handitu egin delako. Lehen erasotzat hartzen ez zen hori gehiegikeriatzat identifikatzeko tresna gehiago dituzte emakumeek gaur egun, eta horrek areagotu egin du salaketa judizialen kopurua. Hala ere, askok eta askok salaketa beste bide batzuetatik egitea aukeratzen dute, hots, talde feministen bidez edo sare sozialen bidez, besteak beste. Alegia, prest daude beren burua biktima gisa identifikatzeko eta bizitakoa kontatzeko, baina ez dute konfiantzarik sistema judizialean.
Jokatzeko modu horren zergatiak ulertzeko testuingurua ezagutzea beharrezkoa dela uste du Iraia Hernandez EHUko Zuzenbide irakasleak. Azaldu du 1999an hainbat aldaketa sartu zirela Zigor Kodean eta Prozedura Kriminalaren Legean, zeinen arabera biktimari prozeduraren atal ororen inguruan informazioa eman behar zaion. Zehaztu du, hala ere, indarrean badago ere, askotan ez dela betetzen. Gaineratu du 2002an beste erreforma bat egin zela, epaiketa azkarrei buruzkoa.
Positiboki baloratzen du Hernandezek erreforma hori, sistema judizialean dagoen saturazioa arintzeko ondo datorrelako. Hala ere, epaiketa azkar horiek ez dira beti hain azkarrak izaten: «Tratu txar psikologikoak salatzen badira, balorazio integraleko unitateari eskatu behar zaio txostena eta era horretako unitate gutxi daudenez, itxarote epeak oso luzeak dira».
Beraz, «ez da erreala epaiketa azkar horien eraginkortasuna», adierazi du. Gainera, horri gehitu behar zaio 2025eko urritik epaitegi horiek beren gain hartzen dituztela sexu indarkeriarekin eta gizakien salerosketarekin lotutako delitu guztiak. «Eskumenari begira ederto dago, hor egin behar baita eta ez beste epaitegi batean, baina ez dago nahikoa epaitegi», azaldu du Hernandezek.
Iraia Hernandez EHUko Zuzenbide irakasleak aferari ertz desberdinetatik heldu beharra azpimarratu du, arlo guztietan ikuspegi feminista txertatzeko eta diziplinarteko elkarlana errazteko.
Kattalin Artola Vazquez Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak ere uste du prozesuaren gehiegizko luzapena dela salatzeko oztoporik handienetakoa. «Indarkeria bizi izan baduzu bai luzaroan bai momentu puntual batean, erabakia hartu duzu hortik ateratzeko eta [prozesu judizialak] behartzen zaitu jarraitzera», azaldu digu. Artolaren aburuz, «astakeria» da horrelako prozesu bat hainbat urtez luzatzea.
Beste oztopo bat beldurra izan daitekeela uste du EHUko irakasleak, gerta litekeelako salaketa jarri duen emakumeak presio soziala edo familiarra izatea horrelakorik ez egiteko edo erasotzailearekiko mendekotasun ekonomikoa izatea, adibidez. Era berean, Hernandezek uste du hainbat emakumek normalizatuta dutela indarkeria eta horren ondorioz ez dutela salaketa jartzea planteatu ere egiten. «Herrialde matxistenetan ez da ia salaketarik jartzen. Horrek esan nahi du ez dagoela indarkeriarik? Ez, esan nahi du ez dutela kontzientziarik salaketa jartzeko», jarri du adibide gisa.
Artolak ere argi ikusten du beldurraren eragina biktimen erabakian. «Azken finean, salaketa jartzen baduzu gizonari zitazio bat iristen zaio eta horrek sor dezake errepresaliei beldurra», azaldu du.
Ildo horretan, eskuin muturraren gorakada azpimarratu du, Hernandezek argi baitauka haren eskutik gertatzen ari dela «teoria ezeztatzaileen» naturalizazioa. Uste du diskurtso horiek normalizatzeak biktimei sinetsiko ez dituztela pentsaraz diezaiekeela, besteak beste.
Horri guztiari gehitu behar zaio prozesu penalak dituen kostu ekonomiko eta pertsonalak. Artolak azaldu duenez, ezin du edonork sostengatu. Izan ere, doako justizia egon badago ere, Bilgune Feministako kideak azaldu du alorrean espezializatutako abokatu pribatu bat izateak asko laguntzen duela dena errazten. Gainera, emozionalki ere ez da bide samurra izaten, inondik inora.
Aukera bat, baina ez bakarra
Bide judiziala, ordea, ez da indarkeria matxista pairatu duten emakumeek babesa jasotzeko duten bide bakarra. Hernandezek azaldu du lehen beharrezkoa zela salaketa jartzea genero indarkeriaren akreditazioa jasotzeko, orain, aldiz, psikologo baten txostenarekin aski da. Era berean, azpimarratu nahi izan du atzerritar askok ez dutela epaitegietara jotzen, deportatuko dituzten beldur direlako, nahiz eta indarkeria matxistaren biktima diren neurrian babestuta dauden.
Hernandezek uste du biktimek badutela behar duten aholkularitza eta laguntza jasotzeko modua, betiere nora jo badakite. Gainera, instituzioetatik at ere badaude baliabideak emakume horiei prozesuan zein gerora laguntzeko.
Izan ere, Hernandezek azpimarratu duenez «zerbait egoteak ez du esan nahi eraginkorra dela». Era berean, berretsi du zerbitzu asko daudela, mota askotakoak, baina ez dagoela bakoitzean behar beste baliabide lan bolumenari erantzuteko eta zerbitzu horietako batzuk azpikontratatuta daudela, hala nola eskumuturrekoak jartzen dituena.
Kattalin Artola Vazquez Euskal Herriko Bilgune Feministako kidearen aburuz, askotan «odisea bat» da emakumeentzat prozesu judizial guztia, eta hori da aldatu beharrekoa.
Adituari ez zaio iruditzen zerbitzu hau emateko ereduak hori izan beharko lukeenik, uste baitu enpresa pribatuek diruaren logikaren mende jarduten dutela eta ez emakumearen segurtasuna erdigunean jarrita. Orobat, kritikatu du arrisku balorazioak egin egiten direla, bai, baina beti ez direla egokiak.
Hernandezek adierazi du, halaber, salaketa judiziala biktimak eskura duen tresnetako bat dela, baina ez bakarra. Berarekin bat dator Artola; izan ere, uste du maiz eraginkorragoa dela «zerbait komunitatetik egitea», bereziki erreparazioa lortze aldera. Hala ere, azaldu du emakume askorentzat garrantzitsua dela gizona seinalatu eta sistemak berak erasotzailea dela aitortzea.
Ildo beretik, Hernandezek azaldu du, beste arlo batzuetan ez ezik, hezkuntzan ere jarri behar dela arreta. Gainera, salaketak lehen momentuan kudeatzen dituztenek, hots, Ertzaintzako agenteek eta Osakidetzako profesionalek, besteak beste, formakuntza «espezializatua eta derrigorrezkoa» jaso behar dutela uste du.
Artolak aipatu du sarritan gertatzen dela salaketa gaizki idatzita dagoelako artxibatzea kasuak; horregatik, berak ere uste du espazio eta profesional espezializatuak behar direla biktimak artatzeko, prozesuaren hasiera-hasieratik.
Hernandezek argi ikusten du sistema judizialak maiz erakusten duen eraginkortasun faltaren arrazoia ez dela bakarra eta, horregatik, aferari ertz desberdinetatik heldu beharra azpimarratu du, arlo guztietan ikuspegi feminista txertatzeko eta diziplinarteko elkarlana errazteko. Artolaren aburuz ere, askotan «odisea bat» da emakumeentzat prozesu guztia, eta hori da aldatu beharrekoa.
Hain zuzen ere, Ertzaintzak indarkeria matxistaren alorrean ondo koordinatuta lan egin dezan sortu berri dute Edurne Arce buru duen unitatea. Helburua da, besteak beste, salaketa jartzera doan emakumeak, joaten den ertzain etxea gorabehera, arreta zehatza eta egokia jaso dezala, «estandarizatua».
Arcek azaldu duenez, teorian behintzat, ertzain guztiek jasotzen dute alor horretako formakuntza Arkautiko akademian eta, horretaz gainera, talde espezializatuak daude, kasuan kasuko jarraipena egiten dutenak.
Arceren arabera, salaketa jartzen duten emakume gehienek gertaera jazo eta jarraian jartzen dute, baina badaude behin salatzeak dakarrena aztertuta pausoa ematen dutenak ere. Bat dator Hernandezek eta Artolak adierazitakoarekin, berak ere uste du garrantzitsua dela emakumeek aholkularitza juridiko egokia jasotzea, baita laguntza psikologikoa ere, besteak beste.
Gaineratu duenez, zabaltzen diren espedienteen %30 ertzainek zabaltzen dituzte, ofizioz. Horrez gain, haien ardura da epaitegietatik ezarritako babes neurriak betetzen direla ikuskatzea, biktima bakoitzaren arrisku mailaren arabera.
Estandarizazioa
Unitate berriarekin, espero dute egun egiten diren akatsak eta koordinazioan sortzen diren hutsuneak konpondu ahal izatea, emakumeek salaketa jartzerakoan bizi beharreko prozesua ez dadin horren gogorra izan.
Edonola ere, Hernandez irakasleak azpimarratu du erabaki pertsonala dela salatzea edo ez. «Ezin da aholku orokor bat eman, norberak baloratu behar du», azaldu du. Hala ere, uste du gizarteari salaketa horiek mesede egiten diotela: «Ez dena ikusten ez da existitzen, eta horretarako, datuak behar dira».

La erupción del Etna suspende varios vuelos con destino a Sicilia

Oihane Mateos EITBko kazetaria hil da

Fiscalía pide 30 años para cinco presos y expresos por la muerte de Ordóñez hace tres décadas

Los artistas se posicionan de diferente modo ante la huelga de técnicos en Gasteiz

