
Genero begirada erdigunean jarrita, museoa gizarteari hurbilduko zaio ikus-entzunezkoak erabilita. Horrela, ahots gehiago eta iritzi gehiago gehituko dizkio arteari. Horrela labur daiteke Arte Ederren Bilboko Museoaren ‘Ikuspuntuak III. Voices’ (2026) izeneko proiektuaren xedea.
2021ean hastapena eman zitzaion ‘Ikuspuntuak’ izeneko trilogiaren azken denboraldia aurkeztu dute astelehen honetan Arte Ederren Bilboko Museoan. Birmoldaketa lanetan buru-belarri sartuta dagoen bitartean, ateak zabalik ditu museo beterano honek eta orain, ‘Ikuspuntuak III. Voices’ (2026) proiektuarekin, beste urrats bat eman nahi izan du: bere bilduman ordezkaritza duten eta jardunean dauden gure ingurunearekin lotutako zortzi emakume artistaren lanak beste ‘kritikari’ batzuen esku utzi dituzte, ikuslegoaren esku, alegia.
Zenbait kolektibori egin zitzaien hurbiltzeko deia, artelan bati buruzko hausnarketa ez-akademiko bat bultzatzeko, bultzatutako eta zentsurarik gabeko elkarrizketa baten bidez, «eta iritzi guztiak onartu ditugu, positiboak zein negatiboak, baita mota guztietako ondorioak atera ere», museotik azaldu dutenez.
«Talde bakoitzak erabili nahi zuen hizkuntza errespetatu da, gaztelania zein euskara»
Tamara Garcia Iglesias (Lasarte, 1978) zinemagileak museoaren Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailarekin lankidetzan eta BBK Banku Fundazioaren laguntzarekin egindako ikus-entzunezko proiektua aurten bukatu da eta ikusgai dago apirilaren 19ra arte museoaren webgunean eta museoan bertan, lehenengo solairuan, hausnarketa iturri izan diren zortzi artelanen ondoan.
«Normalean museoko korridoretan entzuten diren ahotsak, galtzen diren eta erregistratzen ez diren ikusleen ahots horiek, gorde nahiko genituzke proiektu honekin», aipatu du Maria Victoria Antoñanasek, Arte Ederren Bilboko Museoko Hezkuntza arloko arduradunak.
Ahots horien artean, ordea, euskara erabiltzen duen ahots gutxi daude. Bilboko Goi Ostalaritza Eskola, Adsis Fundazioko ikasleak, Harridunak (Mineralogiako eta Paleontologiako Euskal Elkartea), Aldatz Gora Mendizale Taldea, Blackkamera argazkigintza-eskola edo Sestaoko Amigas de la Costura Kultur Elkartea bezalako kolektiboak gonbidatu zituzten hautatutako zortzi egile horien lanak begiratzera eta «talde bakoitzak erabili nahi zuen hizkuntza errespetatu da, gaztelania zein euskara, erosoago egiten zaion hizkuntza erabili dezan», Antoñanasek aitortu duenez.
Mari Puri Herrero (Bilbo, 1942), Cristina Iglesias (Donostia, 1956), Dora Salazar (Altsasu, Nafarroa, 1963), Ana Laura Alaez (Bilbo, 1964), Elena Mendizabal (Donostia, 1960), June Crespo (Iruñea, 1982), Elena Aitzkoa (Apodaka, Nafarroa, 1984) eta Itziar Okariz (Donostia, 1965) artisten zortzi lanak erabili dituzte proiekturako.
‘Ikuspuntuak I. Gorputzak’ (2021) izeneko lehen denboraldian, artistak bildumako zortzi lan hautatu zituzten; guztiak gizonezko artistek eginak ziren, eta emakumeak irudikatzen zituzten. ‘Ikuspuntuak II. Ellas’ (2023) bigarren denboraldiak bildumako zortzi obra izan zituen ardatz; oraingo honetan, jada hilda dauden emakume artistek sortutakoak. Eta ‘Ikuspuntuak III. Voices’ (2026) ekimenarekin osatzen den zikloaren funtsezko helburua da artea kontenplatzeko kode tradizionalak –ikuspegi akademizista batean oinarrituak– zalantzan jartzea, eta, horren ordez, museoko bildumako artelanen interpretazio subjektibo eta anitza sustatzea.

Vuelco en la Ertzaintza al ganar Euspel, el único sindicato que no firmó el convenio con Lakua

Garzón, el juez que desoyó cientos de denuncias de tortura, preside la ‘Comisión de la Verdad’

Dos profesores, enjuiciados por delitos de carácter sexual en Irun y Zizur Nagusia

El donostiarra Juan Carlos Herrador queda en libertad tras cumplir 19 años de condena

