Miramongo parke teknologikoan eta Igarako enpresa-poloan etxebizitzak eraikitzearen alde azaldu du EH Bildu, modu honetan Donostian lurzoruaren erabilera mistoa sustatuz.
Horrela adierazi dute Juan Karlos Izagirre bozeramaileak eta Garbiñe Alkiza eta Ricardo Burutaran zinegotziek Miramonen egin duten agerraldian.
«Premisa horretatik defendatzen dugu posible dela aukera berriak beste era batera sortzea. Helburua barrurantz haztea da, lurzoru gehiago okupatu beharrik gabe eta degradatutako eremuek duten potentziala aprobetxatuz», nabarmendu dute.
Proposamen hau EH Bilduk prestatu duen etxebizitza arloko ekintza planean jasotzen direnetako bat da. Honekin batera, babestutako etxebizitzen ehunekoa legeak baimentzen duen maximoetara handitzea eta auzoen artean dagoen desoreka murrizteko esku-hartzeak planifikatzea proposatzen da.
«Donostia orekatu batean pentsatuz egin behar dugu hiria, eremu jakin batzuetan dauden gabeziak murrizteko lan egin behar dugu, eta auzo bat bizia eta bizigarria izateko behar diren ekipamenduak eta zerbitzuak bermatu behar ditugu», adierazi dute.
Erabilera mistoa
Ildo horretan, lurzoruaren erabilera mistoaren alde egin dute. Hau da, enpresa-guneetan edo gune teknologikoetan etxebizitak eraikitzea proposatu dute.
«Gaur gauden Miramongo parke teknologikoa adibide ona da», adierazi du Izagirrek. «Hemen, Igarako enpresa-poloan bezala, benetako aukerak daude erabilera-mistoa sustatzeko. Horrelako inguruneetan eraikitzeak baditu alderdi positiboak, operazioaren kostuak merkatzen dituztenak gainera, beharrezkoak diren oinarrizko azpiegitura eta zerbitzu asko dagoeneko existitzen direlako, hala nola espaloiak, argiztapena edo kanalizazioak eta dagoeneko leku hauetatik ezarrita dagoen garraio publikoa. Eta ingurumenaren ikuspegitik, gainera, jasangarriagoa da, lurzoru gehiago ez okupatzean berdeguneak errespetatzen direlako».
Kutxa Espazioaren adibidea
Bozeramaileak defendatu duen moduan, hau guztia posible izan dadin, erakunde eta entitate ezberdinen arteko lankidetza eta elkarlana ezinbestekoa izango da. Kutxa Espazioaren inguruan aukera interesgarriak daudela nabarmendu du, eta EH Bildutik aukera horiek kontuan hartzea eskatzen dute.
«Jakina da Kutxa Espazioa tokitik lekualdatzera doala, eta, hain zuzen ere, adibide ona da eskatzen dugun lankidetza aldarrikatzeko. Duela gutxi, Kutxa Fundazioaren baitan gehiengoak argi berdea eman dio Egian, Aldakoeneako lursaila saltzea etxebizitza publikoa eraikitzea premisa duen erakunde publiko bati, dela Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala edo funts publiko sozial bati. Kutxak gizarte gaien alde lan egiteko eta bere ondareari errentagarritasuna ateratzeko dituen interesek eta Donostiaren interes sozialek, hala nola etxebizitzak, bat egin dezakete hemen eta Aldakoenearen antzeko eragiketa bat egin», adierazi du Izagirrek.

Estebanen iritziaren aurka, BBBk Ibone Bengoetxea hautatu du Bizkaiko ahaldun nagusigai

El TSJPV da la razón a EHU en la causa por la nota de euskara en la PAU

Ha cambiado el viento y, si se acierta, no es imposible ganar el pulso a la derecha

Sánchez, Abdul-Jabbar y una carrera por la pole entre EH Bildu y PNV
